2021/03/18ko prentsa-oharra
UDAL BPG. 2018
2018an Euskal AEn sortutako balio erantsiaren % 37 hiru hiriburuetan sortu da
Azpimarratu beharra dago jarduera nagusiki Zerbitzuen sektorean (% 44,8) eta Eraikuntzaren sektorean (% 34,6) bildu dela, hiru hiriburuen artean aldeak badaude ere
Eustatek argitaratutako datuen arabera, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalerriek (Euskal AEko 3 hiriburuek) 2018an sortutako Balio Erantsi Gordina (BEG) Euskal AEko BEG osoaren % 37,2ra iritsi da. Hiru udalerri horietan sortutako BEGaren bolumenik handiena Zerbitzuen sektorekoa izan da, sektore horretan sortutako BEG osoaren % 44,8 sortu baita bertan. Nolanahi ere, Bilbo da Euskal AEko zerbitzu-jarduerei ekarpenik handiena egin dien hiriburua (guztizkoaren % 20,6).
Industria eta energiaren sektoreari dagokionez, hiru hiriburuek industriaren sektoreko BEG osoaren % 17,3 sortu dute. Dena dela, ekarpen hori sektore horrek Gasteizen duen indarrean oinarritu da nagusiki. Izan ere, Gasteizek Euskal AEko Industria eta energiaren sektoreko guztizkoaren % 12,7 bildu du, Automozioaren industriaren eta Kautxuzko produktuen manufaktura-sektoreei esker.
2018an Lurralde Historiko bakoitzean sortutako BEGak udalerrietan duen banaketa aztertuz gero ikus daitekeenez, BEGaren banaketak egitura desberdina du udalerri bakoitzean.
Araban, jarduera hiriburuan bilduta dago nagusiki, lurraldeko BEGaren % 72,1 sortu baita bertan
Arabako Lurralde Historikoan, Gasteizko udalerriak Lurralde Historikoko guztizkoaren % 72,1 bildu du, eta 2018an sortutako BEGa, prezio korronteetan, 8.012,5 milioi eurora iritsi da.
Horrela, beraz, Arabako gainerako udalerrien eragina txikia izan da, Arabako hiriburuko jarduera-kontzentrazio handiaren ondorioz. Balio erantsiari dagokionez, hurrengo udalerriak Laudio eta Amurrio dira (595,3 milioi euroko eta 384,8 milioi euroko BEGarekin, hurrenez hurren). Beraz, bi udalerri horiek % 5,4ko eta % 3,5eko ekarpena egin diote Arabako BEGari, hurrenez hurren.
Iturria: Eustat. Udal BPG
Jarduera-sektoreak kontuan hartuta ere, BEGik handiena sortu duen udalerria Gasteiz dela ikus daiteke, eta ia sektore ekonomiko guztietan gainera. Izan ere, Gasteizen lurraldeko BEGaren % 59,2 sortu da Industria eta energian, % 74,3 Eraikuntzaren sektorean, eta % 80,7 Zerbitzuen sektorean.
Salbuespen gisa, Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren sektorean banaketa askoz homogeneoagoa izan da lurraldeko udalerri guztien artean. Izan ere, hiriburuko ehunekoa % 8,0 baino ez da izan Arabako nekazaritzaren jarduera osoan. Nolanahi ere, ardo-jarduera handiko Guardiako udalerria izan da 2018. urtean Arabako Lurralde Historikoaren barruan BEGik handiena sortu duena sektore horretan (sektorearen % 10,3).
Zerbitzuen sektorea da Bizkaiko Lurralde Historikoko jarduera nagusia
Bizkaiko Lurralde Historikoan, BEGik handiena sortu duen udalerria, termino absolutuetan, Bilbo izan da. Zehazki, 10.865,1 milioi euroko BEGa sortu du 2018an, hau da, Bizkaian sortutako jarduera ekonomiko osoaren % 31,1. Haren atzetik, geografikoki Bilbo inguruan dauden udalerriak kokatu dira (Bilbo Handikoak), eta honako hauek nabarmendu dira: Barakaldo (2.170,5 milioi euro), Getxo (1.525,6 milioi euro), Zamudio (1.321,9 milioi euro), Leioa (1.304,3 milioi euro) eta Basauri (1.159,1 milioi euro).
Iturria: Eustat. Udal BPG
Sektoreen araberako egiturari dagokionez, Zerbitzuen sektorea da Bizkaiko Lurralde Historikoko jarduera nagusia, eta Bilbo Handiko udalerriak dira oro har jarduera horietan BEGik handiena sortu dutenak. Haien artean, arestian adierazi dugunez, Bilbo nabarmendu da. Izan ere, Bilbok zerbitzuen jardueren barruan sortu duen balio erantsia lurralde osoan sortutakoaren % 38,1 izan da. Sektore horretako hurrengo bi udalerririk garrantzitsuenak Barakaldo eta Getxo izan dira (% 7,1 eta % 5,5, hurrenez hurren).
Industria eta energiaren sektorean, jarduera askoz sakabanatuago dago lurralde osoan. Nolanahi ere, Zamudioko udalerria nabarmentzen da Manufaktura-industrian, eta Muskiz Energian. Bi udalerri horiek % 8,9ko eta % 6,4ko ekarpena egin diote Bizkaiko industria-sektoreko BEGari, hurrenez hurren.
Azpimarratu beharra dago, halaber, kostaldeko herriek duten garrantzia Bizkaiko Lurraldeko Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren sektorean. Izan ere, Bizkaian sektore horren BEGa oso lotuta dago arrantza-jarduerari, eta neurri txikiagoan nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari. Adibidez, Bermeoko udalerriak Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzari lotutako jarduera osoaren % 49,7 sortu du lurraldean, eta Ondarroak, berriz, % 8,9.
Gipuzkoan, industria-jarduerak lurralde osoan banatuta daude, eta udalerri asko nabarmentzen dira bertako manufaktura-jarduera dela eta
Azkenik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan, aurreko bi lurraldeetan bezala, hiriburuak (Donostiak) sortu du BEGaren bolumenik handiena. Zehazki, 6.866 milioi euroko BEGa sortu du, hau da, lurraldeko jarduera ekonomiko osoaren % 29,6.
Iturria: Eustat. Udal BPG
Hiriburutik kanpo, Irungo udalerria nabarmendu da. Irungo BEGa Lurralde Historikoko BEG osoaren % 7,3 izan zen 2018an (1.686,8 milioi euroko balioarekin). Haren atzetik, Gipuzkoarako balio erantsirik handiena sortu duten udalerriak Arrasate (813,7 milioi euro), Hernani (799 milioi euro) eta Beasain (782,2 milioi euro) izan dira. Hortaz, Arrasatek lurraldeko BEG osoaren % 3,5 sortu du, eta Hernanik eta Beasainek, berriz, % 3,4 bakoitzak.
BEGaren sektoreen araberako banaketari dagokionez, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren egiturak antz handiagoa du Bizkaikoarekin Arabakoarekin baino, eta hiriburua (Donostia) izan da BEGik handiena sortu duena Eraikuntzaren eta Zerbitzuen sektoreetan (% 31,7 eta % 40,1, hurrenez hurren). Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren sektorean, arrantzaren jarduerari lotutako kostaldeko udalerriak nabarmendu dira, hala nola Hondarribia eta Getaria (sektoreko jardueraren % 19,2 eta % 17,2, hurrenez hurren).
Industria eta energiaren sektoreko jardueren banaketa askoz dibertsifikatuago dago lurralde osoan, eta nagusiki manufaktura-jarduerari lotuta dauden udalerri asko dira Gipuzkoako industria-sarearen euskarria. Sektore horretan, BEGik handiena sortu duen udalerria Beasain da (% 8,0), eta, haren atzetik, Hernani eta Oñati kokatu dira (% 6,4 eta % 5,2, hurrenez hurren).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62