2021/03/23ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. HOTELAK. 2021eko otsaila
Euskal AEko hotel-establezimenduetako okupazioak urte arteko % 75 inguruko beherakadak izan zituen 2021eko otsailean
Hotel-establezimenduen % 42,2k ez dute jarduerarik izan 2021eko otsaileko egun bakar batean ere
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko hotel-establezimenduetan 94.908 gaualdi izan dira 2021eko otsailean, hau da, 2020ko otsailean baino % 74,5 gutxiago. Sarreren urte arteko beherakada % 76,5ekoa izan da, eta 2021eko otsailean 48.531 sarrera izan dira.
Lurraldeei dagokienez, Araban % 71,8 jaitsi dira sarrerak 2021eko otsailean, iazkoaren aldean, eta % 64,8 gaualdiak. Bizkaian, sarrerak % 74,6 jaitsi dira, eta gaualdiak % 73,4. Gipuzkoaren kasuan, 2021eko otsailean sarrerak eta gaualdiak % 80,5 eta % 79,5 jaitsi dira, hurrenez hurren.
Jaitsierak, bai sarreretan, bai gaualdietan, nabarmenagoak izan dira ohiko bizilekua atzerrian duten pertsonen artean: % 88,2 eta % 86,0, hurrenez hurren. Estatuko sarreren eta gaualdien kasuan, urte arteko jaitsierak % 71,1 eta % 68,8 izan dira.
Aurreko hilaren, 2021eko urtarrilaren, aldean, Euskal AE osoan 650 sarrera gutxiago izan dira otsailean kopuru absolutuetan, baina gaualdiak 5.821 gehiago izan dira.
Batez besteko egonaldiak gora egin du, aurreko urteko otsailaren aldean: orduko 1,80 egunetik aurtengo 1,96 egunera. Gipuzkoan, 2020ko otsailean 1,76 egunekoa izatetik 2021eko otsailean 1,85 egunekoa izatera igaro da; Bizkaian, 1,83 egunetik 1,91 egunera igo da. Araban igoera nabarmenagoa izan da: 2020ko otsailean batez besteko egonaldia 1,85 egunekoa izan zen, eta aurtengo otsailean 2,31koa.
Hileko egun guztietan itxitako hotel-establezimenduen ehunekoaren bilakaerak agerian uzten du ezen COVID-19ari aurre egiteko hartutako murrizketek hotel-sektorean duten eragina handia dela oraindik ere. 2021eko otsailean, hotel-establezimenduen % 42,2 itxita egon dira hileko egun guztietan, 2020ko otsailean baino ehuneko 27,1 puntu gehiago, eta 2019ko otsailean baino 25,5 gehiago. Gipuzkoan, establezimenduen % 46,0k ez dute inolako jarduerarik izan 2021eko otsailean; Araban, % 42,1ek; eta Bizkaian, % 37,2k.
Plazen araberako zein eskainitako logelen araberako okupazio-mailek beheranzko joera izaten jarraitzen dute otsailean, jarduera izan duten hotel-establezimenduen artean, urte arteko terminoetan. Plazakako okupazio-maila ehuneko 29,6 puntu jaitsi da, eta logelakakoa 34,3.
Lurraldeka, Gipuzkoak izan du jaitsierarik handiena, bai plazen araberako okupazioari dagokionez (ehuneko 34,4 puntu gutxiagokoa 2020ko otsailean baino), bai eskainitako logelen araberakoari dagokionez (ehuneko 38,6 puntu jaitsi da urte arteko terminoetan). Gehien kaltetutako hiriburua Donostia izan da otsailean; plazen eta logelen okupazio-mailak ehuneko 39,1 eta 43,0 puntu jaitsi dira, hurrenez hurren.
Sektorearen errentagarritasun-adierazleek, ADRren (eguneko batez besteko tarifa) bilakaera neurrizkoa bada ere eta lurraldeen arabera ezberdina izan arren, agerian uzten jarraitzen dute gaur egungo osasun-krisiak hotel-sektorean duen eragina. RevPar (gela erabilgarriko diru-sarrera) % 59,2 jaitsi da Euskal AEn otsailean, urte arteko terminoetan. Guztira 16,37 € izan dira. Araban % 47,3ko jaitsiera izan da, Bizkaian % 59,3koa eta Gipuzkoan % 63,3koa. Hiriburuetan, jaitsierak izan dira % 41,7koa Gasteizen, % 66,7koa Bilbon eta, azkenik, % 66,6koa Donostian.
Informazio-oharra
Eustatek inkesta honetan parte hartu duten establezimendu guztiei eskerrak eman nahi dizkie egindako ahaleginagatik, nahiz eta gaur egungo egoera ezohikoa izan. Haiei esker, % 97,6ko estaldurarekin, informazio hau zabaldu ahal izan da, zeinek aukera ematen baitu kuantifikatzeko COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek sektorean izan dituzten ondorioak.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: Tlf.: 945 01 75 62