2021/03/22ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PREZIOEN INDIZEA. 2021EKO OTSAILA
Euskal AEko industria-prezioak % 0,7 igo dira 2021eko otsailean aurreko hilaren aldean
2020ko otsailarekin alderatuta, industriako prezioek % 0,3 egin dute gora
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko industria-prezioak % 0,7 igo dira 2021eko otsailean aurreko hilaren aldean. Otsaileko urte arteko tasa (azken hamabi hilabeteetan industria-prezioek izandako aldakuntza biltzen duena) % 0,3koa izan da.
Azterketa xeheago batek agerian uzten du ezen, 2021eko otsailean, honako sektore hauek izan dituztela prezioetako hazkunderik handienak aurreko hilaren aldean: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 5,2 gora), Metalurgia eta produktu metalikoak (% 1,7) eta Ura eta Botiken fabrikazioa (% 0,7). Aitzitik, hilabete artean prezioetan jaitsierarik handienak izan dituzten sektoreak honako hauek izan dira: Erauzketa-industriak (% 3,4 behera egin duena), Garraio-materialaren fabrikazioa (% 1,6 behera) eta Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (% 0,7ko jaitsierarekin).
Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, prezioen aldakuntzak desberdinak izan dira: Energiarenak % 3,1 hazi dira, eta Bitarteko ondasunenak % 0,8. Aitzitik, Ekipo-ondasunen prezioak % 0,9 jaitsi dira, eta Kontsumo-ondasunenak, oro har, % 0,6, aurreko hilaren aldean. Izan ere, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren azpisektorea % 0,7 jaitsi da, eta Kontsumo-ondasun iraunkorren azpisektorea % 0,1.
Urte arteko terminoetan (2021eko otsaila, 2020ko otsailaren aldean), prezio-hazkunderik handienak adar hauetan izan dira: Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (% 5,7ko igoera), Botiken fabrikazioa (% 4,6ko igoera) eta Metalurgia eta produktu metalikoak (% 3,6ko igoera). Prezioen jaitsierarik handienak, berriz, honako sektore hauei dagozkie: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 4,6ko jaitsiera), Erauzketa-industriak (% 4,5 behera) eta Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (% 4,0ko jaitsiera).
Helburu ekonomikoaren araberako ondasun-talde handien prezioen aldakuntza, urte arteko aldian, positiboa izan da Bitarteko ondasunentzat (% 1,8ko igoera) eta Ekipo-ondasunentzat (% 0,2 gora). Kontsumo-ondasunen prezioek ere gora egin dute oro har, % 1,7, ezen Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak % 1,9 igo dira, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrenak % 0,4. Aitzitik, urte arteko terminoetan, Energiaren prezioak % 3,7 jaitsi dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62