2021/03/12ko prentsa-oharra
TURISMOAREN KONTU SATELITEA. 2019
Turismo-gastua Euskal AEko BPGren % 6,4 izan da 2019an
2019an, turismo-gastua hazi egin zen Euskal AEko hiru lurraldeetan, eta BPGren % 8ra iritsi zen Gipuzkoan
2019an, Euskal AEko turismo-gastua % 3,9 igo zen aurreko ekitaldiarekin alderatuta, lehen aldiz 5.000 milioi eurotik gorakoa izan zen, eta BPGren % 6,4ra iritsi zen, Eustaten datuen arabera.
Turismo-gastua bi agregatuk dute osatzen: Turismo hartzailea, zeinek atzerritik eta Espainiako gainerako lekuetatik datozen bidaiariek Euskal AEn egiten duten turismo-gastua barne hartzen baitu; eta Turismoaren beste osagai batzuk deritzona, zeina lortzen baita batuz Euskal AEko egoiliarrek Euskal AEn egiten duten turismo-gastua (kanpora bidaiatu aurretik jatorrian egiten duten gastua barne), Administrazio publikoek turismoarekin lotutako programetan eginiko gastua eta turismoaren berezko jarduera-adarren Kapital Eraketa Gordina.
Turismo hartzaileak 2019ko turismo-gastuaren % 59,8 jarri du, eta 2010-2019 aldian ehuneko 7,8 puntu gehitu da. Horren arrazoia izan da aldi horretan % 60,8ko hazkundea metatu duela, eta Turismoaren beste osagai batzuen hazkundea, berriz, % 17,2koa izan dela.
Turismoaren Kontu Satelitean bildutako informazioari esker, Euskal AEko Turismo-saldoa kalkula daiteke, hau da, Turismo hartzailearen eta Turismo igorlearen arteko aldea. Azken hori da Euskal AEko egoiliarrek Euskal AEtik kanpo egiten dituzten turismoko bidaietan egiten duten gastua.
Euskal AEko turismo-saldoa negatiboa da, eta 1.702 milioi eurora iritsi da 2019an, 2010. eta 2011. urteetako zifren antzekoa, eta 2010-2019 aldiko minimoa 2016an izan zen, 1.232 milioi euro.
Euskal AEko hiru lurraldeetan turismo-gastuak gora egiten jarraitzen du
2019an turismo-gastuak gora egin zuen hiru lurraldeetan, baina erritmo desberdinetan. Gipuzkoan hazi zen gehien gastua, % 5,6; Bizkaian % 3,0 eta Araban % 2,1. Bilakaera horren arabera, Gipuzkoako tokia Euskal AEko turismo-gastuan zazpi hamarren handitu zen, % 42,2ra iritsiz; Bizkaikoaren antzekoa izan zen (% 44,5), eta Arabak % 13,3ko ekarpena egin zuen.
Turismoak lurralde bakoitzeko ekonomian duen garrantziari dagokionez, handiagoa da hura Gipuzkoan (BPGren % 8,0) eta txikiagoa Bizkaian (% 5,6) eta Araban (% 5,4).
Oharra: Turismoaren kontu sateliteko datuak berrikusi eta eguneratu dira. Serie berria, 2010az geroztikoa, Eustaten Datu-bankuan dago eskuragarri.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62