2021/04/22ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. Hotelak izan ezik. 2021eko martxoa
Euskal AEko landetxeetako eta apartamentuetako sarrerak eta gaualdiak ia bikoiztu egin dira 2021eko martxoan
Landetxeen % 22,8 eta apartamentu turistikoen % 18,5 martxoko egun guztietan itxita egon dira
Eustaten datuen arabera, 2021eko martxoan 5.438 sarrera eta 12.056 gaualdi izan dira Euskal AEko landetxeetan. 2020ko martxoarekin alderatuta, % 95,8 eta % 93,0 gehitu dira, hurrenez hurren.
Urtetik urterako aldaketa horien intentsitatea ulertzeko, kontuan izan behar da ezen 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera deklaratu zela, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko, zeinak mugikortasuna premia biziko jardueretara mugatu baitzuen.
Landetxeetan erregistratutako pertsona gehienak Estatukoak izan dira, guztizkoaren % 97,5. Aurreko urteko hil beraren aldean, sarreretan urte arteko igoera nabarmenak izan dira Estatutik etorritakoen artean (% 108,5) eta atzerritik etorritakoen artean, aldiz, % 42,3ko jaitsiera gertatu da. Gaualdiei doakienez, Estatutikoak urte artean % 117,6 igo dira 2021eko martxoan, eta atzerrikoak % 61,3 jaitsi.
Lurraldea non sarrerak gehien igo baitira Araba izan da, % 119,2; ondoren Gipuzkoa dago, urte arteko % 114,5eko igoerarekin. Azkenik, Bizkaian sarrera-kopurua aurreko urteko hil berean baino % 45,5 handiagoa izan da. 2021eko martxoan izandako gaualdi-kopuruari dagokionez, Arabak izan du urte arteko igoerarik handiena (% 166,4), gero Gipuzkoak (% 101,1) eta, azkenik, Bizkaiak (% 38,4).
Euskal AEko landetxeetako batez besteko egonaldia 2,22 egunekoa izan da 2021eko martxoan, 2020ko martxokoa (2,25 egun) baino pixka bat laburragoa. Bizkaian, 2020ko martxoko 2,22 egunetik aurtengo 2,11 egunera jaitsi da. Gipuzkoan, antzera, 2020ko martxoko 2,35 egunetik aurtengo 2,20 egunera igaro da. Araba da, ordea, batez besteko egonaldia gehitu duen lurralde bakarra: martxoan 2,39 egunekoa izan da, eta iazko martxoan 1,97 egunekoa izan zen.
Plazakako eta gelakako okupazio-mailek aurreko urteko martxoan lortutakoak baino balio txikiagoak izan dituzte Euskal AEn bere osotasunean: lehena % 10,3 izan da, eta bigarrena % 13,7, 2021eko martxoan. Beraz, urtetik urterako beherakadak ehuneko 0,5 eta 1,1 puntukoak izan dira, hurrenez hurren.
2021eko martxoan, landetxeen % 22,8 itxita egon dira hileko egun guztietan; iazko martxoan, berriz, % 23,1 egon ziren itxita. Landetxe itxi gehienak Bizkaian daude, % 29,8; Araban, % 19,8, eta Gipuzkoan, % 19,9.
APARTAMENTU TURISTIKOAK
Apartamentu turistikoei doakienez, 2021eko martxoan sarrerak eta gaualdiak 3.967 eta 20.777 izan dira, hurrenez hurren. Aurreko urteko hil beraren aldean, sarrerak % 88,0 gehitu dira, eta gaualdiak % 81,5.
Estatutik etorritako sarrerak % 161,1 gehitu dira urte artean; atzerritik etorritakoak, berriz, % 66,7 gutxitu dira. Gaualdietan, % 102,9 gehitu dira Estatukoak eta % 16,2 atzerrikoak.
Lurraldeen arabera, bilakaera positiboa izan da, intentsitate desberdinekin. Araban, apartamentu turistikoetako sarrerak % 72,3 igo dira 2020ko martxoaren aldean, eta gaualdiak % 40,4. Bizkaian, urte arteko igoera % 119,3koa izan da sarreretan eta % 58,0koa gaualdietan. Azkenik, Gipuzkoan, lehenengoak % 58,4 igo dira, eta bigarrenak, berriz, % 138,2.
Estatutik etorritako sarrerak guztizkoaren % 94,3 izan dira, eta atzerritik etorritakoak, berriz, gainerako % 5,7a. Gaualdietan, Estatukoak ere izan dira nagusi, % 84,2 izan baitira.
Euskal AEko turismo-apartamentuetako batez besteko egonaldia 5,24 egunekoa izan da 2021eko martxoan, 2020ko martxoan izandako batez besteko 5,42 eguneko egonaldia baino pixka bat laburragoa.
Lurraldeka, Gipuzkoa nabarmentzen da batez besteko egonaldi luzeenarekin, 8,09 egunera iritsi baita 2021eko martxoan (5,38 egun 2020ko martxoan). Haren atzetik, Araba dago, 7,63 eguneko batez besteko egonaldiarekin, 2020ko martxoko 9,37 egunekoaren azpitik, eta, azkenik, Bizkaia, non batez besteko egonaldia 2,72 egunekoa izan den martxoan, hau da, 2020ko martxoko 3,77 eguneko egonaldiaren azpitik.
Euskal AEko apartamentu bakoitzeko okupazio-maila % 44,8koa izan da 2021eko martxoan, urte arteko ehuneko 13,7 puntuko atzerakadaren ondoren. Lurraldeka, Araban % 50,0ra iritsi da (2020ko martxoan baino ehuneko 18,0 puntu gutxiago), Bizkaian % 36,4an kokatu da (ehuneko 3,4 puntuko beherakadaren ondoren) eta Gipuzkoan, azkenik, apartamentu bakoitzeko okupazio-maila % 47,0koa izan da (ehuneko 21,6 puntu gutxiago aurreko urteko hilabete berean baino).
Euskal AEn, osotasunean hartuta, apartamentuen % 18,5 itxita egon dira 2021eko martxoko egun guztietan, 2020ko martxoko % 18,0ko kopuruaren antzekoa. Hilabete osoan itxitako apartamentuen proportzioa % 21,2koa izan da Gipuzkoan, % 17,4koa Araban eta % 15,2koa Bizkaian; lurralde horretan soilik izan da itxitakoen proportzioa 2020ko martxoan ikusitakoa baino txikiagoa.
Informazio-oharra
Landetxeen ETHIren erantzun-tasa % 95,7koa izan da, eta Apartamentu Turistikoena % 85,2koa. Eustatek eskerrak ematen dizkie inkesta honetan parte hartu duten establezimendu guztiei.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: Tlf.: 945 01 75 62