2021/04/21eko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. HOTELAK. 2021eko martxoa
Euskal AEko hotel-establezimenduetako gaualdiak % 5,8 gehitu dira 2021eko martxoan
Hotel-establezimenduen % 31,6k ez dute jarduerarik izan 2021eko martxoko egun bakar batean ere
Eustatek landutako datuen arabera, 2021eko martxoan 158.966 gau igaro dituzte bidaiariek Euskal AEko hotel-establezimenduetan, hau da, 2020ko martxoan baino % 5,8 gehiago. Sarreren urte arteko hazkundea % 33,1ekoa izan da, eta 2021eko martxoan 89.930 sarrera izan dira.
Urtetik urterako aldaketa horien intentsitatea ulertzeko, kontuan izan behar da ezen 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera deklaratu zela, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko, zeinak mugikortasuna premia biziko jardueretara mugatu baitzuen.
Lurraldeei dagokienez, Arabak % 90,7ko igoera izan du sarreretan 2021eko martxoan, 2020ko martxoarekin alderatuta, eta % 48,6koa gaualdietan. Bizkaian % 17,2 gehitu dira sarrerak, eta gaualdiak % 5,1 jaitsi dira. Gipuzkoaren kasuan, 2021eko martxoan sarrerak eta gaualdiak % 34,5 eta % 4,9 igo dira, hurrenez hurren.
Portaera oso desberdina ikusten da bai sarreretan bai gaualdietan, pertsonen ohiko bizilekuaren arabera. Hala, jatorri atzerritarreko sarrerak % 46,7 jaitsi dira 2020ko martxoaren aldean, eta Estatukoak, berriz, % 79,4 igo dira. Gaualdien kasuan, atzerrian bizi diren pertsonen kopurua % 54,1 jaitsi da, eta Estatuko jatorria duten pertsonen gaualdiak % 41,5 igo dira.
Batez besteko egonaldiak behera egin du aurreko urteko martxoaren aldean: 2,22 egunetik 1,77ra. Gipuzkoan, 2020ko martxoko 2,12 egunetik 2021eko martxoko 1,65 egunera jaitsi da; Bizkaian, 2,27 egunetik 1,84 egunera. Araban jaitsiera nabarmenagoa izan da: 2020ko martxoan 2,43 egun igaro zituzten batez beste bisitariek, eta aurtengo martxoan 1,89 egun.
Plazen araberako zein eskainitako logelen araberako okupazio-mailek beheranzko joera izaten jarraitzen dute martxoan, jarduerarik izan duten hotel-establezimenduen artean, urte arteko terminoetan. Plazakako okupazio-maila ehuneko 7,5 puntu jaitsi da, eta logelakakoa 9,2.
Lurraldeka, Bizkaiak izan du jaitsierarik handiena, bai plazakako okupazioari dagokionez (2020ko martxoan erregistraturikoa baino ehuneko 9,7 puntu txikiagoa), bai eskainitako logelen araberako okupazioari dagokionez (ehuneko 12,2 puntu txikiagoa). Kaltetuen izan den hiriburua Bilbo izan da martxoan: plazen eta logelen okupazio-mailak ehuneko 12,5 eta 16,0 puntu jaitsi dira, hurrenez hurren.
Sektorearen errentagarritasun-adierazleek, ADRren (eguneko batez besteko tarifa) bilakaera neurrizkoa bada ere eta lurraldeen arabera ezberdina izan arren, agerian uzten jarraitzen dute gaur egungo osasun-krisiak hotel-sektorean duen eragina. RevPar (gela erabilgarriko diru-sarrera) % 26,1 jaitsi da Euskal AEn martxoan, urte arteko terminoetan, eta 19,96 eurokoa izan da. Bizkaian % 37,6ko jaitsiera izan da, eta Gipuzkoan % 19,7koa, baina Araban, aldiz, % 3,9 igo da. Hiriburuetan, jaitsierak % 47,4 izan dira Bilbon eta % 21,1 Donostian; Gasteizen, berriz, % 11,1ko igoera izan da.
Hileko egun guztietan itxitako hotel-establezimenduen ehunekoaren bilakaerak agerian uzten du ezen COVID-19ari aurre egiteko hartutako murrizketek hotel-sektorean duten eragina, handia izanagatik ere, apur bat hobetu dela. 2021eko martxoan, hotel-establezimenduen % 31,6 itxita egon dira hileko egun guztietan, ehuneko 17,5 puntu gehiago 2020ko martxoan baino, eta 21,1 puntu gehiago 2019ko martxoan baino. Gipuzkoan establezimenduen % 35,2k inongo jarduerarik gabe jarraitu dute 2021eko martxoan, Bizkaian % 28,9k eta Araban % 25,0k.
Informazio-oharra
Hotelen ETHIren estaldura % 93,7koa izan da martxoan. Eustatek eskerrak ematen dizkie inkesta honetan parte hartu duten establezimendu guztiei.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62