2021/04/06ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2021EKO OTSAILA
Euskal AEko industria-jarduerak % 8,9 egin du behera 2021eko otsailean
Aurreko hilarekin –2021eko urtarrila– alderatuta, Industria-produkzioaren indizeak % 1,1 egin du behera
Euskal AEko industria-produkzioak % 8,9 egin du behera 2021eko otsailean, 2020.urteko hil beraren aldean, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek emandako datuen arabera.
Otsaila aurreko hilearekin alderatuta, 2021eko urtarrilarekin, Euskal AEko industria-produkzioak % 1,1 egin du behera, urtaroetako ondorioak zuzendu ondoren.
2021eko otsaileko indizearen bilakaera 2020ko otsailekoaren aldean negatiboa izan da industria-sektore handi guztietan. Ekipo-ondasunek % 13,5eko beherakada izan dute. Haien artean honako hauek daude: motordun ibilgailuen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa eta ontzigintza. Energiak % 10,9 egin du behera eta Tarteko ondasunek, % 8,6. Lehenengoen artean, energia elektrikoaren hornidura eta petrolioaren fintzea aipatu behar dira, eta, bigarrenen artean, metalurgia-jarduerak eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa daude.
Kontsumo Ondasunek, oro har, % 6,1eko urte arteko beherakada izan dute, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 6,3ko beherakadaren eta Kontsumo-ondasun iraunkorren % 5,5eko beherakadaren ondorioz. Honako hauek dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruan sartzen diren jarduerak: elikagaien fabrikazioa, prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta arropen jantzigintza. Kontsumo-ondasun iraunkorren epigrafean altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioaren jarduerak daude.
Hilabeteen arteko aldakuntzak, 2021eko otsailekoak, 2021eko urtarrilaren aldean, zeinu negatiboa izan du industria-sektore handi guztietan. Ekipo-ondasunek % 3,2 egin dute behera hilen arteko terminoetan; Tarteko ondasunek, % 1,7, eta Energiak, % 1,5. Kontsumo Ondasunek, oro har, % 1,4ko beherakada izan dute ekoizpenean, Kontsumo-ondasun iraunkorren % 4,8ko beherakadaren eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 0,5eko beherakadaren ondorioz.
Maila bereiziagoan, Euskal AEko industrian pisurik gehien duten sektoreen artean, 2021eko otsailean urte arteko portaera positiboa izan duen bakarra Material eta ekipo elektrikoa izan da, % 6,7 egin baitu gora ekoizpenean. Beherakada handiena erregistratu duten pisu gehieneko sektoreak honako hauek izan dira: Garraio-materiala (% 17,8 behera); Metalurgia eta produktu metalikoak (% 12,2 behera) eta Makinak eta ekipoa (% 11,5 behera), egutegi-ondorioak zuzendu ondoren.
Otsailean Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiru lurraldeetan. Hala, Araban % 15,6 egin du atzera; Gipuzkoan, % 7,4, eta, azkenik, Bizkaian, % 5,9.
Hilen arteko terminoetan, 2021eko otsaila 2021eko urtarrilaren aldean, eta urtaroengatiko ondorioak atera ondoren, honako hau ikusi da: Bizkaian ekoizpenak % 0,5 egin du gora; Araban, % 3,6 behera, eta, Gipuzkoan, % 1,1 behera.
INFORMAZIO OHARRA
Egutegiaren eta serieen desestazionalizazioaren eraginak zuzentzeko erabilitako ereduek COVID-19ak aztertutako aldagaien gainean izandako eragina jaso dute, Europar Batasuneko Bulego Estatistikoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraikiz.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie informazio-bilketan elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei. Haiei esker, otsaileko indizea laginaren % 92,76ko estaldurarekin kalkulatu da –haren informazioa martxoan jaso da–.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62