2021/04/23ko prentsa-oharra
BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA. I/2021
Langabeak 3.900 gutxiago dira eta langabezia-tasa % 11,1ean da 2021eko lehen hiruhilekoan Euskal AEn
6.900 gehiago dira pertsona aktibo guztiak lanean dituzten familia-etxeak
Eustaten datuen arabera, lan-merkatuaren datuek erakusten dute ezen 2021eko lehen hiruhilekoan Euskal AEn 115.700 langabetu daudela, aurreko hiruhilekoan baino 3.900 gutxiago. Bestalde, landunen kopurua 929.200ekoa da, hau da, 4.400 gutxiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (-% 0,5).
Euskal AEko langabezia-tasa % 11,1ean da, 2020ko laugarren hiruhilekoan baino ehuneko 0,3 puntu gutxiago. Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56 izan da 2021eko lehen hiruhilekoan, eta ehuneko 0,3 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Lurraldeka, eta aurreko hiruhilekoaren aldean, Araban jaitsi da gehien okupazioa, 3.100 landun gutxiagorekin, eta ondoren Gipuzkoa dator, 1.800 landun gutxiagorekin. Bizkaian, aldiz, okupazioa 500 pertsonatan hazi da. Hiriburuei dagokienez, Gasteizen 3.000 pertsona okupatu gutxiago daude; Donostian, aldiz, 1.200 gehiago, eta Bilbon 1.000 gehiago.
Generoari dagokionez, okupazioaren jaitsiera handiena emakumeen artean gertatu da, aurreko hiruhilekoan baino 5.300 landun gutxiago izan baitira; gizon landunak, berriz, 900 gehiago izan dira.
Nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea duten pertsona okupatuak 4.300 gutxiago izan dira, eta atzerriko nazionalitatea dutenak, 100 gutxiago.
Okupazioa hazi egin da industrian eta eraikuntzan
Euskal AEko biztanleria landuna 300 pertsonatan hazi da industrian eta 2.300 pertsonatan eraikuntzan, baina horrek ez ditu konpentsatzen zerbitzuen sektorean eta lehen sektorean izandako galerak, 5.200 pertsona gutxiago eta 1.900 gutxiago, hurrenez hurren.
Okupazio-tasa, 16-64 urteko landunen ehunekoa adin horien guztizkoarekiko kalkulatuta, ehuneko 0,2 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 66,7an kokatuz. Tasa hori % 69,5ekoa da gizonen artean, eta % 63,9koa emakumeen artean.
Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, okupazio-tasa ehuneko 1,2 puntu jaitsi da goi-mailako ikasketak dituztenen artean (% 81,8an kokatu da), baina, aldiz, 0,3 puntu igo da bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenen artean (% 57,9an da) eta 0,4 puntu gehitu da lehen mailako ikasketak eta gutxiago dituztenen artean (% 59,6an da).
Nazionalitateari dagokionez, okupazio-tasarik altuena Espainiako nazionalitatea duten pertsonena da (% 68,6), eta atzerriko nazionalitatea dutenena, berriz, % 50,8.
Lurraldeetan, okupazio-tasarik altuena Gipuzkoakoa da (% 68,5), aurreko hiruhilekoarekin alderatuta ehuneko 0,3 puntuko jaitsierarekin; bigarren postuan Araba dago (% 67,6), ehuneko 0,9 puntuko jaitsierarekin; Bizkaian okupazio-tasa ehuneko 0,1 puntu igo da, % 65,4an kokatuz.
1.400 gutxiago dira pertsona aktibo guztiak langabezian dauzkaten familia-etxeak
Kalkulatzen da ezen 2021eko lehen hiruhilekoan 901.300 familia-etxe inguru daudela Euskal AEn, eta horietarik heren batek ez duela pertsona aktiborik batere; hamar familia-etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 6.900 familia gehiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familia-etxeak 35.000 dira, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 familia-etxe gutxiago.
2021eko lehen hiruhilekoan langabezia-tasa % 11,1 izan da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,3 puntu gutxiago
Euskal AEko langabetuen kopurua, hau da, lan bila ari diren, bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta, gainera, lanerako prest dauden pertsonen kopurua 115.700 da urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 3.900 gutxiago. Gizonezko langabeak 59.300 dira, 5.000 gutxiago; emakumezkoak, 1.100 gehiago, hiruhileko horretan 56.400 guztira.
2021eko lehen hiruhilekoko datuek % 11,1eko langabezia-tasa erakusten dute, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,3 puntu txikiagoa. Gizonen langabezia-tasa % 10,9 izan da (ehuneko -0,8 puntu), eta emakumeena ehuneko 0,3 puntu igo da, % 11,3an kokatuz.
Ikasketei dagokienez, langabezia-tasaren jaitsierarik handiena gertatu da pertsona horietan zeinek bigarren eta erdi-mailako ikasketak baitituzte amaituriko ikasketa-maila handienak, ehuneko 0,8 puntu, eta langabezia-tasa % 13,4an geratu da; lehen mailako ikasketak eta gutxiago amaitu dituztenen artean, langabezia-tasa ehuneko 0,1 puntu jaitsi da, eta % 14,3an geratu da; azkenik, goi-mailako ikasketak amaituak dituztenen artean, langabezia-tasa ehuneko 0,1 puntu igo da, % 7,3an kokatuz.
Nazionalitateari dagokionez, langabeen kopurua 2.100 pertsonatan jaitsi da Espainiako nazionalitatea dutenen artean, 85.200 pertsonatan kokatuz; atzerriko nazionalitatea dutenen artean, berriz, 1.800 pertsonatan jaitsi da, 30.500 langabe izateraino.
Lurraldeen arabera, langabezia Bizkaian jaitsi da gehien: 4.500 langabe gutxiago izan dira, eta langabezia-tasa ehuneko 0,7 puntu jaitsi da (% 12,1ean da). Gipuzkoan 31.300 langabetu daude, 1.600 gutxiago, eta langabezia-tasa ehuneko 0,3 puntu jaitsi da, % 9,2raino. Araban 2.300 langabetu gehiago izan da, eta langabezia-tasa % 11,8ra iritsi da, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 1,4 puntu gehiago.
Hiriburuei dagokienez, Bilbon eta Donostian 400 eta 200 langabetu gutxiago daude, hurrenez hurren; Gasteizen, berriz, 2.700 gehiago.
EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2021eko otsailean urtaro-eraginik gabeko langabezia-tasa % 7,5ekoa izan zen Europar Batasunean bere osotasunean, eta % 16,1ekoa Espainian.
Azken urtean, landunen kopurua % 2,2 jaitsi da, eta langabezia-tasa % 10,1etik % 11,1era igo da
Euskal AEko biztanleria landuna % 2,2 jaitsi da 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta langabezia-tasa ehuneko puntu 1 igo da (% 10,1etik % 11,1era); beraz, 9.300 pertsona sartu dira langabezia-egoeran Euskal AEn, 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Hiruhilekoko batez besteko afiliatuen % 98,1 lanean ari dira, LANEren irizpidearen arabera
Euskal AEn 867.000 hiruhilekoko batez besteko bazkide daudela zenbatesten da; alegia, inkesta garaian Euskal AEko biztanle eta Gizarte Segurantzako bazkide. Haietarik % 98,1 okupatuak dira Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) irizpideen arabera, BJAk darabiltzanak, 850.400 pertsona guztira.
BJAren LANE landunen % 7,5 (69.400 pertsona) ez daude Gizarte Segurantzan bazkidetuak, ez daudelako Euskal AEn kokatutako enpresetan, funtzionarioen mutualitate publikoetakoak direlako edo bestelako egoera batzuetan daudelako.
Langabeen % 38,2 ez daude langabe gisa erregistraturik Lanbiden
Euskal AEn 108.500 langabe daudela zenbatesten da, hiruhilekoko batezbestekoan eta Lanbiden erregistraturik; alegia, Euskal AEn bizi eta inkestaren garaian Lanbiden erregistratuta langabe-kategoriaren batean. Haietarik % 62,8 langabeak dira LANEren definizioaren arabera (68.200 pertsona). BJAren LANE langabeen artean, % 38,2 ez daude langabe gisa erregistraturik Lanbiden (44.200 pertsona), baina enplegu-eskatzaileen beste kategoria batzuetan egon daitezke.
COVID-19aren eragina Euskal AEko lan-merkatuan
Biztanleriaren datuak jarduerari dagokionez, 2021eko lehen hiruhilekoan, COVID-19aren iraupenak eta Administrazio Publikoek jarduera murrizteko ezarritako neurriek baldintzatu dituzte.
Biztanleria landunari edo okupazio-tasari dagokionez lortutako zifrak zenbait baliabideren erabilera masiboaren baldintzapean daude, hala nola enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (EABEE), jarduera aldatzen dutenak, baina ez nahitaez biztanleriaren izaera jarduerari dagokionez. Izan ere, EABEEko egoeran dauden eta erreferentziako astean lan egiten ez duten pertsona gehienek, % 94,2k, lanean jarraitzen dute, 3 hilabete baino lehen lanera itzultzeko asmoa dutelako edo soldataren % 50 baino gehiago kobratzen jarraitzen dutelako. Beste tresna aringarri batzuek autonomoei eragiten diete, baina ez dute jarduerarekin duten harremana aldatzen, nahitaez.
BJAk, inkesta jarraitua denez, hilabeteen araberako azterketa egiteko aukera ematen du, baita ere lehen hiruhilekoan lagina modu homogeneoan banatzen den 13 asteen araberakoa. Horrek, biltzen duen aldagai-kopuruarekin batera, informazio gehigarria lortzea ahalbidetzen du, Euskal AEko lan-merkatuaren egoeraren diagnostiko hobea egiteko. Inkestaturiko pertsona bakoitzaren lan-egoerari buruz bildutako informazioa lagin-diseinuaren arabera dagokion astekoa da.
Erreferentziako astean lanik egin ez zuen biztanleria landunaren ehunekoak pandemia aurreko urteetako lehen hiruhilekoetakoa baino handiagoa izaten jarraitzen du
2021eko lehen hiruhilekoan, kalkulatzen da 31.800 landun daudela EABEE egoeran Euskal AEn; horietarik 3.400 Araban, 16.200 Bizkaian eta 12.100 Gipuzkoan.
Erreferentziako astean lanik egin ez duten pertsona landunen ehunekoaren bilakaeraren azterketak emaitza esanguratsuak erakusten ditu. Urteko lehen hiruhilekoan, erreferentziako astean lanik egin ez duten landunen ehunekoa handiagoa izan da pandemia aurreko urteetako hiruhileko berberetan baino: azken urteetan ehuneko hori % 6,9 eta % 9 artekoa zen, eta 2021eko lehen hiruhilekoan % 11,7koa izan da.
Lan egiten ez duen pertsona bat langabea edo ez-aktiboa den zehazten duten enplegu-bilaketaren ezaugarrien bilakaera aztertuz gero, ikusten da ezen 3.300 pertsona gutxiago daudela lanik bilatzen ez dutela diotenen artean; hala ere, lana bilatzen ari direnen artean, 4.200 gehiago dira lana bilatzeko kudeaketa aktiborik egiten ez dutenak, 1.400 gehiago lanerako prest ez daudenak eta 200 gehiago lana bilatzeko kudeaketa aktiborik egiten ez duten eta lanerako prest ez daudenak.
Ohar metodologikoa:
Urte bakoitzeko lehen hiruhileko guztietan bezala, Eustatek eskuragarri dauden biztanleriari buruzko datu berriak sartu ditu, eta, horren ondorioz, aldatu egin dira 2019ko datuak, behin betikoak izatera igaro direnak, eta 2020koak, zeinak berrikusi baitira urte horretako urtarrilaren 1eko oinarri gisako biztanleriaren gaurkotzearekin. Horrek aldaketak ekarri ditu hiruhileko guztietako datuetan eta, adibide moduan, 2020ko laugarren hiruhilekoko langabezia-tasa, zeina behin-behineko datuaren arabera % 11,2koa baitzen, % 11,4koa da orain, berrikuspen horren ondoren.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62