2021/04/29ko prentsa-oharra
OSPITALEETAKO ERIKORTASUN ESTATISTIKA. 2019
Euskal AEko ospitaleratzeen % 84 ospitale publikoetan artatu ziren, 2019an Espainian baino ia ehuneko 11 puntu gehiago
Zirkulazio-gaixotasunak izan ziren ospitaleratzeen zio nagusia Euskal AEn
Eustaten datuen arabera, 2019an 247.502 ospitalizazio erregistratu zituzten Euskal AEko ospitaleek, aurreko urtean baino % 0,4 gutxiago, hau da, Estatu osoko % 5,1. Ospitalearen titulartasunaren arabera, nabarmentzekoa da Euskal AEko ospitale publikoetako ospitaleratzeen proportzioa % 83,5 dela, Estatuan baino ia ehuneko hamaika puntu gehiago, azken horren batez besteko tasa % 73 baita.
Alderaketa eginez gero, erikortasun-tasa 11.282 ospitalizaziokoa izan zen 100.000 biztanleko (-% 0,9 2018. urtearekin alderatuta). Horrek esan nahi du Euskal AE Estatuko batezbestekoaren gainetik dagoela (10.347), eta laugarren lekuan autonomia-erkidegoka.
Ospitaleratutako gizonen proportzioa (% 50,6) emakumeenaren antzekoa izan zen (% 49,4); Estatuan, berriz, handiagoa da emakumeen artean (% 51,9). Halaz ere, haurdunaldi, erditze eta erdiberriaroko gertakariak kontuan hartzen ez badira, emakumeen presentzia % 45,7ra jaitsiko litzateke Euskal AEn (% 47,4 Espainian). Adinaz denaz bezainbatean, ospitaleratuta egon ziren pertsonen % 51k 65 urte edo gehiago zituzten, Estatuaren aldean 5 puntu gainetik (% 46).
Ospitaleratutako pertsonen batez besteko adina 61 urtekoa izan zen Euskal AEn (57 urte Espainian) eta, sexuaren arabera, 61 urtekoa gizonetan eta 60 urtekoa emakumeetan (64 urte, haurdunaldiagatiko eta erditzeagatiko kasuak kontuan hartu gabe).
Ospitaleratzeen zio nagusiak, Estatu osoan bezala, zirkulazio-gaixotasunak, digestio-gaixotasunak eta arnas gaixotasunak izan ziren, ospitaleratzeen % 38,2 eragin baitzituzten (% 37,4 Estatuan). Bestalde, haurdunaldi, erditze eta erdiberriaroko taldea zortzigarren postuan zegoen Euskal AEn, ospitaleratzeen % 6,8rekin. Espainian, ordea, seigarren postuan zegoen (% 8,5), aparatu muskuloeskeletikoari eta aparatu genitourinarioari eragiten zietenen aurretik.
Aipaturiko hiru gaixotasun-taldeak emakumeen ospitaleratzeen % 33,4 eta gizonen ospitaleratzeen % 42,9 izan ziren; Estatuan, aldiz, % 31,8 eta % 43,3 izan ziren, hurrenez hurren.
Gainera, zirkulazio-gaixotasunen taldeak hartzen du batez besteko adinik handiena (73 urte); traumatismo eta lesioen kasuan, berriz, gizonak emakumeak baino gazteago ospitaleratzen dira (54 urterekin gizonak eta 67 urterekin emakumeak; 53 eta 65 urterekin Estatuan).
Ospitalearen asistentzia-helburuaren arabera, ospitaleratzeen % 94,8 akutuen ospitaleetan egin zen (234.674 ospitaleratze), % 4,1 egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan (10.092) eta % 1,1 psikiatrikoetan (2.736).
Asistentzia-helburua kontuan izanik, egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan eta psikiatrikoetan, ospitalizazioen % 5,2rekin, eredu ezberdina gertatzen da akutuen ospitaleen aldean, bai artatzen diren patologiez bezainbatean bai ospitaleko egonaldiaren iraupenari doakionez.
Egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan, ospitaleratze gehienak arnas aparatuko (% 26) edo zirkulazio-aparatuko (% 18,6) gaixotasunengatik izan ziren, eta batez besteko egonaldia 19 egunekoa izan zen. Ospitale psikiatrikoen kasuan, eskizofrenia izan zen ospitaleratzeko zio nagusia.
Ohar metodologikoa
Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) batera egin da eragiketa estatistikoa.
Estatuaren estatistikekin eta nazioartekoekin konparatzeko arrazoiengatik, ospitaleratzeko modalitatean bakarrik hartzen dira kontuan gertakari horiek zeinek duten egun bateko edo gehiagoko iraupenik; alegia, ez dira 0 eguneko gertakariak aintzat hartzen. Egonaldiaren iraupena kalkulatzen da egun-kopurua bezala ospitaleratze-datatik altakora arte, kontuan izan gabe ospitaleratzeko edo altako orduak.
Euskal AEko 100.000 biztanleko ospitaleratze-tasa kalkulatu da Eustaten biztanleriarekin 2019/07/01ean.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62