2021/06/02ko prentsa oharra
ZERBITZUEN INKESTA. OSTALARITZA. 2019
Euskal AEn 64.000 pertsonak egiten zuten lan Ostalaritzan 2019an, hau da, guztizkoaren % 6,1ek
Ostalaritza sektoreko lau establezimendutik hiruk bost langile baino gutxiago dituzte
Ostatu-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak eta janari- eta edari-zerbitzuak eskaintzen dituztenak biltzen dituen Ostalaritza sektoreak 64.094 pertsona zituen lanean 2019an, hau da, Euskal AEn lan egiten duten pertsona guztien % 6,1, Eustaten datuen arabera.
2019ko datuen arabera, pandemiaren aurreko urtean, EAEko ostalaritzaren sektoreak 4.510 milioi euro fakturatu zituen, 2 urte lehenago baino % 9,9 gehiago, eta enplegua % 5,4 hazi zen. 2019ko emaitza positibo horiek ia azpisektore guztietara zabaldu ziren, izan ere hazkunde handiak izan zituzten beraien aldagai ekonomiko nagusietan.
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldi erabilgarriak
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldi erabilgarriak
Ostalaritzaren barruan, Janariak eta Edariak atala (Jatetxeak, Beste janari-zerbitzu batzuk eta Edari-establezimenduak azpisektoreak barne hartzen ditu) zen nagusi: establezimenduen % 90,2, enpleguaren % 88,7 eta fakturazioaren % 85 hartzen zituen. 2019an, negozio-zifra % 7,9 hobetu zen 2017ko datuekin alderatuta, eta enplegua % 4,2 handitu zen.
Emaitzak jarduera-maila berezituagoan aztertuz gero eta Janariak eta Edariak atalaren barruan, Jatetxeena da garrantzi handiena zuena. Dibisioko fakturazio osoaren % 50,3, eta enpleguaren % 45,3 zen. Azken urtean, bere negozio-zifrak % 13,1 egin zuen gora 2017. urtearekin alderatuta, eta enpleguak % 9,5. Edari-establezimenduen azpisektoreak ere bilakaera positiboa izan zuen fakturazioan (% 2,4), baina enpleguak % 1,1 egin zuen behera, eta azpisektore osoko lanpostuen % 35,9 eta negozio-zifraren % 38,9 barne hartu zuen. Azkenik, Beste janari-zerbitzu batzuek, catering-ak, besteak beste, gora egin dute okupatutako langileen kopuruan (% 3) eta negozio-zifran (% 5,8). Azpisektore hori janarien eta edarien ataleko enpleguaren % 18,8 eta fakturazioaren % 10,7 da.
Hotelen eta bestelako ostatuen azpisektoreek osatutako Ostatu-zerbitzuen dibisioak % 15,4 hobetu zuen enplegua, eta % 22,8raino negozio-zifra. Hori guztia, establezimenduen kopurua % 12,1 handiagoa izanik.
Dibisio hori Hotelen eta Beste ostatu batzuen azpisektoreek osatzen dute, eta lehenengoa da pisu handiena duena: enpleguaren % 77,7 eta fakturazioaren % 84,5 2019an. Biek, 2017. urtean baino fakturazio-zifra erlatibo hobeak dituzte: % 25,3 gehiago Hotelen kasuan, % 10,5 gehiago Beste ostatu batzuen kasuan. Horien enpleguak ere bilakaera ona izan du: % 14,6 lehenengoak eta % 18 bigarrenak.
Gipuzkoan jatetxe proportzio handiagoa dago, eta Bizkaian, berriz, Edari-establezimendu proportzio handiagoa
Lurraldeka, hiru lurraldeek bilakaera positiboa izan zuten fakturazioan eta enpleguan 2019an. Gipuzkoan, salmentak % 9,3 igo ziren, eta langileen kopurua % 5,7 igo zen 2017arekin alderatuta. Ia hazkunde bera izan zuen enpleguak Bizkaian (% 5,6), eta fakturazioak gora egin zuen (% 10,5). Bestalde, Araban ere positiboa izan zen: 2017an baino % 9,7 gehiago saldu zen, eta % 3,7 gehiago hazi zen enplegua.
Lurralde bakoitzeko jardueren barne-banaketak zenbait alde erlatibo esanguratsu erakusten ditu. Hala, Gipuzkoan Jatetxeen proportzio handiagoa dago, lurraldeko establezimendu guztien % 34,8 eta enpleguaren % 44,7 hartuz. Araban, proportzio hori establezimenduen % 28,6koa eta ostalaritzako enpleguaren % 40,4koa da, eta Bizkaian establezimenduen % 25ekoa eta enpleguaren % 37koa, kasu guztietan, lurralde bakoitzeko ostalaritza osoari dagokionez.
Lurraldeen artean aldeak dituen beste azpisektore bat Hotelena da. Gipuzkoako ostalaritza-establezimendu guztien % 7 jarduera horretan aritzen da, eta beste bi lurraldeetan proportzioa % 3,4ra jaisten da bi kasuetan. Datu horiek enplegura eramanez gero, ikusten dugu Gipuzkoan sektoreko langileen % 11 horretan ari dela, % 7,7 Bizkaian eta % 6,9 Araban.
Hala eta guztiz ere, hiru lurraldeetan, Edari-establezimenduen azpisektorea da ugariena establezimendu kopuruari dagokionez, oso intentsitate desberdinekin bada ere: % 66,4 Bizkaian, % 58,8 Araban eta % 48,5 Gipuzkoan. Ez da gauza bera gertatzen enpleguari dagokionez, azpisektore horretan establezimendu bakoitzean lanean ari diren pertsonen batez besteko kopurua txikiagoa delako. Bizkaian eta Araban ostalaritzan lanean ari diren pertsona guztien % 34k Edari-establezimenduetan egiten du lan, eta Gipuzkoan, berriz, % 28ak baino ez.
Ostalaritza sektoreko lau establezimendutik hiruk bost langile baino gutxiago dituzte
Ostalaritza sektoreko establezimenduen tamainaren azterketa batek erakusten du sektorean mikroenpresen (10 langile baino gutxiago) kontzentrazio handia dagoela. Izan ere, 2019an establezimendu guztien % 91,6 ziren, eta fakturazio osoaren % 57,1 sortu zuten, langileen % 53,6rekin.
Geruza hori, gainera, neurri handian enpresa txikiagoek (1-4 pertsona) osatzen dute, establezimendu guztien % 75,1 baitira eta sektoreko hiru enplegutik ia bat biltzen baitute (% 31,1).
Bestalde, mikroenpresen artean, 5-9 langileko enpresek establezimendu guztien % 16,5 hartzen dute, enpleguaren % 22,4 eta negozio-zifraren % 24,4. Era berean, enpresa txikiak (10 eta 49 langile artean) establezimenduen % 8 ziren, eta enpleguaren % 28,4, eta fakturazioaren % 30,5 hartu zuten. Azkenik, 50 langile edo gehiago zituzten enpresek (enpresa ertain eta handiek) guztizkoaren % 12,4 fakturatu zuten, eta pertsonen % 18ri ematen zieten enplegua, establezimendu guztien % 0,4 izanik.
Azken bilakaerak erakusten duenez, tamaina txikiagoko enpresa horiek (enplegatutako 1-4 pertsona) dira, hain zuzen ere, bilakaera-adierazle negatiboak erakusten dituztenak, 2017 eta 2019 artean establezimenduen % 4 galdu baita. Aldi berean, enpleguaren % 3,4 galdu da bi daten artean, baina fakturazioari eutsi zaio, eta baita zertxobait hobetu ere, % 0,2 gehiago.
Aitzitik, gainerako geruzetako adierazleek bilakaera positiboa izan dute, ia beraien tamainaren araberakoa. Horrela, 5-9 langile dituzten establezimenduen kopuruak % 8,4 egin du gora; 10-49 langile dituztenak, % 13,1; eta, azkenik, 50etik gora dituztenak, % 20,5. Geruza-ordena berean, fakturazioa % 10,8, % 15,5 eta % 24,9 hazi da, eta enplegua, berriz, % 8,9, % 11,3 eta % 9,0, hurrenez hurren.
Tamaina handieneko establezimenduak Hotelen jardueran daude; azpisektore horretan, establezimenduen % 3,5ean 50 langile baino gehiago daude, Beste janari-zerbitzu batzuetan (ekitaldietarako prestatutako janariak eta beste janari-zerbitzu batzuk), batez ere. Bertan, ehunekoa % 9,2ra igotzen da. Beste muturrean, azpisektore atomizatuena Beste ostatu batzuk eta Edari-establezimenduak izango lirateke, % 91,2 eta % 87 lau langile baino gutxiago dituzten establezimenduak baitira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: : servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62