2021/06/04ko prentsa-oharra
Hiruhileroko Kontuak. I/2021
Euskal AEko BPG % 0,2 hazi da 2021eko lehen hiruhilekoan, eta enplegua, berriz, % 0,5
Hiruhilekoen arteko tasetan BPGk hazkundeak erakusten dituen jarraiko hirugarren hiruhilekoa
Euskal AEko Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,2 igo da 2021eko lehen hiruhilekoan, hiruhilekoen arteko terminoetan, Eustatek landutako datuen arabera. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, berriz, BPG % 2,9 jaitsiko dela aurreikusten da.
Euskal AEko ekonomiak, 2021eko lehen hiruhileko honetan, hiruhileko arteko BPGk hazkundea erakusten duen jarraiko hirugarren hiruhilekoa finkatu du, 2020ko hirugarren hiruhilekoko % 15,5eko hazkundearen, 2020ko laugarren hiruhilekoko % 0,5eko hazkundearen eta 2021eko lehen hiruhileko honetako % 0,2ko hazkundearen ondoren.
Enpleguak, lanaldi osoko lanpostu baliokideen arabera neurtuta, % 0,5 egin du gora urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, hau da, % 2,1 egin du atzera 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Egin ziren unean eskuragarri zegoen koiunturazko informazio ekonomiko guztia barne hartzen duten kalkulu horiek, Eustaten 2021eko apirilaren 19ko Hiruhilekoko kontuen aurrerapenean erakutsitakoak berresten dituzte.
Euskal AEko Barne Produktu Gordinaren urte arteko % 2,9ko uzkurdura Espainiako ekonomiarena baino txikiagoa da, Espainian urte arteko atzerakada % 4,3koa izan dela kalkulatu baita. Eurogunean (-% 1,8) eta Europar Batasunean (-% 1,7) jaitsierak motelagoak izan dira. Estatu Batuek, bestalde, BPGren urte arteko % 0,4ko igoera aurreikusia izan dute lehen hiruhilekoan.
Euskal AEko ekonomiak inguruko ekonomiekin, Espainiakoarekin eta Europar Batasunarekin, alderatuta duen diferentziala hau da: 2021eko lehen hiruhileko honetan, Euskal AEko BPG handitu egin da hiruhileko arteko tasan, eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko ekonomiek % 0,5 eta % 0,4 egin dute atzera, hurrenez hurren.
Eskaintzaren ikuspegitik, balio erantsiaren atzerakada orokorra izan da urte arteko terminoetan (2021eko lehen hiruhilekoa, 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta), Administrazio publikoan, hezkuntzan, osasunean eta gizarte-zerbitzuetan izan ezik.
Lehen sektorean balio erantsia % 7,1 murriztu da aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, aurreko hiruhilekoan aurreikusitakoa baino % 20,1 handiagoa izan den arren.
Industria sektoreak % 1,1 egin du behera urte batetik bestera, eta, horren barruan, manufaktura-industriak % 0,7 egin du behera. Beherakada horiek 2020an ikusitakoak baino txikiagoak dira. Izan ere, 2020ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, industriaren balio erantsia % 1,4 berreskuratu da urteko hiruhileko honetan, eta % 1,3 manufaktura-industriaren kasuan.
Eraikuntza sektoreak ere aurreko hiruhilekoetan baino urte arteko atzerakada txikiagoa izan du, eta balio erantsia % 2,4 jaitsi da 2021eko lehen hiruhilekoan (aurreko hiruhilekoan % 8,2koa izan zen). Hiruhilekoen artean, berriz, urteko lehen hiruhilekoan zenbatetsitako igoera (% 1,0) aurreko hiruhilekoan zenbatetsitakoa (% 1,7) baino txikiagoa da.
Zerbitzuen sektorearen jarduera globalak, aurreko hiruhilekoan baino urte arteko uzkurdura apalagoa izan du urteko lehen hiruhilekoan: % 3,5 jaitsi da urteko lehen hiruhilekoan (aurreko hiruhilekoan jaitsiera % 7,1ekoa izan zen). Hiruhileko batetik bestera, Zerbitzuen balio erantsiak % 0,5 egin du atzera.
Zerbitzuen jokabidea ez da homogeneoa izan adar guztien artean azken hiruhilekoan. Merkataritza, ostalaritza eta garraio adarraren balio erantsia % 5,5 jaitsi da aurreko urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta % 2,2 igo ondoren. Urte arteko jaitsiera aurreko hiruhilekoetakoa baino txikiagoa izan da. Gainerako zerbitzuen adarrean ere urte arteko beherakada arindu egin da, urte arteko jaitsiera % 5,0koa izan baita (% 7,5ekoa izan zen aurreko hiruhilekoan). 2020ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, % 2,7ko beherakada zenbatesten da gainerako zerbitzuen adarreko jardueretan –higiezinetako jardueretan, jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan, eta finantza- eta aseguru-jardueretan, besteak beste–.
Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta % 0,5eko igoera izan ondoren, balio erantsiaren hazkunde iraunkorrari eutsi zaio, eta urte arteko hazkunde-tasa % 1,6koa izan da.
Agregatu sektorial ia guztien urte arteko jokabide negatiboak Euskal AEko Balio erantsiak % 2,9 atzera egitea eragin du, jaitsiera 2020an ikusitakoa baino txikiagoa izan den arren. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Balio erantsi gordina suspertu egin dela hauteman da, eta % 0,2ra heldu da.
Eskaeraren aldetik, jokabidea antzekoa izan da, makromagnitude guztietan aurreko aldietan baino urte arteko atzerakada motelagoarekin, Administrazio Publikoen Azken kontsumoko gastuan izan ezik, positiboa izan arren, aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa baita. Hiruhilekoen arteko jokabidea ez da homogeneoa, negatiboa Kontsumoarentzat eta positiboa gainerako magnitudeentzat.
Etxeetako Azken kontsumoko gastua eta ISFLSH (Kontsumo Pribatua) % 3,7 jaitsi da urte batetik bestera, aurreko hiruhilekoan zenbatetsitakoa (% 9,1) baino nabarmen gutxiago. Aldaketa hori aurreko hiruhilekoarekin alderatuta % 0,3ko atzerakada izan ondoren lortu da.
Administrazio Publikoen Azken kontsumoko gastuak (Kontsumo publikoa) berriro ere jokabide positiboa izan du urte batetik besterako datuetan, hiruhileko batetik bestera % 2,4 jaitsi den arren. Urte arteko hazkundea % 1,6koa izan da hiruhileko honetan, aurreko hiruhilekoetan baino txikiagoa.
Kontsumo publikoaren eta pribatuaren baterako bilakaeraren ondorioz, Azken kontsumoko gastua % 2,6 jaitsi da urte batetik bestera, eta 2020ko azken hiruhilekoari dagokionez, % 0,8ko jaitsiera erakusten du.
Kapital-eraketa gordinean (Inbertsioa), urte arteko atzerakada % 1,3koa izan da, aurreko hiruhilekoan zenbatetsitakoa (% 8,4) baino txikiagoa. 2020ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, gorakada % 1,9koa izan da. Ekipo-ondasunetan egindako inbertsioak % 1,9 egin du gora, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, eta horrek esan nahi du hiruhileko batetik bestera % 2,1 igo dela.
Eraikuntzaren bilakaerari lotuago dagoen Gainerako kapital-eraketa gordinean, urte arteko beherakada % 3,1ekoa izan da (aurreko hiru hiruhilekoetan baino jaitsiera txikiagoa), aurreko hiruhilekoarekin alderatuta % 1,8ko hazkundea izan dela zenbatetsi ondoren.
Azken kontsumoko gastuak eta Kapital-eraketa gordinak osatutako Barne-eskaerak, urte arteko % 2,3ko beherakada izan du urteko lehen hiruhilekoan (2020ko hiruhileko guztietan baino jaitsiera txikiagoa). Beherapen hori BPGrako zenbatetsitakoaren (% 2,9) azpitik dago, eta, beraz, urteko lehen hiruhileko honetan Kanpo-sektorearen ekarpena ere negatiboa izan da. Izan ere, ondasun eta zerbitzuen Esportazioak % 2,4 jaitsi dira urte arteko kopuruetan, Inportazioak baino gehiago, azken horiek % 1,3 jaitsi baitira. Beraz, kanpoko saldoak eragin negatiboa izan du Euskal AEko ekonomiaren urte arteko bilakaeran.
Enplegu-mailei dagokienez (Lanaldi osoko lanpostu baliokideen arabera neurtuta), enpleguak, orokorrean, % 2,1 egin du behera 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, baina % 0,5 egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Alde horretatik, gogoan izan behar da Europako Kontu Sistemaren (EKS/SEC) arabera lanpostua definitzeak kanpoan uzten dituela aldi baterako lanik egiten ez duten pertsonak, baldin eta lanpostuarekin lotura formala badute lanera itzultzeko datari buruzko berme edo akordio baten bitartez, ERTEen kasuetan gertatzen den bezala.
Lehen sektorean enplegua % 1,3 jaitsi da 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, hiruhileko batetik bestera % 1,3 igo ondoren. Industrian, lanpostuen urte arteko galera % 3,6koa izan da, aurreko hiruhilekoan baino % 0,5eko zifra handiagoa lortu den arren. Eraikuntzan ere enpleguaren bilakaera negatiboa izan da, bai urte arteko datuei dagokienez (% 1,2ko jaitsiera), bai hiruhileko arteko datuei dagokienez (% 1,8ko atzerakada). Azkenik, Zerbitzuen sektorean, lanaldi osoko lanpostu baliokideen kopurua % 1,7 jaitsi da urte arteko terminoetan, hiruhileko arteko terminoetan % 0,8 igo ondoren.
2021eko lehen hiruhilekoan BPGk Lurralde Historikoen arabera izan duen bilakaerari dagokionez, Arabak % 2,4ko urte arteko atzerakada izan du, Gipuzkoak % 2,6koa eta Bizkaiak % 3,3koa. 2020ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, Bizkaiak izan du portaerarik onena: % 0,2 egin du gora hiruhileko batetik bestera, eta Arabak eta Gipuzkoak, berriz, % 0,1.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62