2021/06/03ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2021EKO APIRILA
Euskal AEko industria-jarduera % 64,4 suspertu da 2021eko apirilean
2021eko Industria Produkzioaren Indizearen lehenengo lau hilabeteetako metatua % 10,4koa da
Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegiko termino homogeneoetan, 2021eko apirilean Euskal AEko industria-produkzioa % 64,4 handiagoa izan da 2020ko hil berean baino. 2021eko lehenengo lau hilabeteetako balantzeak industria-jarduera % 10,4 igo dela erakusten du.
Urtaroen eragina zuzenduta, 2021eko apirila eta 2021eko martxoa alderatuta, Euskal AEko industria-produkzioa % 3,1 hazi da.
Aldaketen larritasuna urte arteko terminoetan ulertze aldera, kontuan hartu behar da ezen 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera agindu zela COVID19aren pandemiari aurre egiteko, zeinak industria-jardueraren zati handi baten garapena mugatu baitzuen 2020ko apirilean.
Izan ere, 2021eko apirileko indizearen bilakaerak, 2020ko apirilarekin alderatuta, zeinu positibo orokorrak izan ditu industria-sektore handi guztietan: Ekipo-ondasunak, non motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbideko materialaren egitea edo aireontziak edo itsasontziak egitea barruan dauden, % 91,6 igo dira; eta Bitarteko ondasunak % 76,4 igo dira (horien artean daude metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa).
Kontsumo-ondasunek urte arteko % 47,0ko igoera izan dute oro har, zeren Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 137,6ko igoera izan baitute, eta Kontsumo-ondasun ez iraunkorrek % 33,2koa. Kontsumo-ondasun iraunkorrak epigrafean altzariak eta etxeko tresnak fabrikatzeko jarduerak ageri dira. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruko jarduerak.
Energia, energia elektrikoaren hornidura eta petrolioa fintzea barne, % 7,9 igo da 2021eko apirilean, urte arteko terminoetan.
2021eko apirileko hil arteko aldakuntza, 2021eko martxoaren aldean, positiboa izan da industriako sektore handi guztietan. Energia % 14,8 handiagoa da 2021eko apirilean 2021eko martxoan baino, eta Ekipo-ondasunak % 4,2 handiagoak. Kontsumo-ondasunak, oro har, % 3,3 hazi dira produkzioan, Kontsumo-ondasun iraunkorren % 4,6ko gehikuntzaren eta Kontsumo-ondasun ez iraunkorren % 2,9ko gehikuntzaren ondorioz. Bitarteko ondasunak, bestalde, % 1,9 gehitu dira.
Xehekiago, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2021eko apirilean urte arteko susperraldi handiena izan dutenak Garraio-materiala (% 198,5), Kautxua eta plastikoa (% 125,0) eta Metalurgia eta metalezko produktuak (% 74,7) izan dira.
Apirilean Industria Produkzioaren Indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan, nahiz eta tamaina ezberdinekoa izan. Horrela, Arabako susperraldia % 104,9koa izan da urte arteko konparazioan. Gipuzkoan industria-produkzioa % 60,1 handiagoa izan da 2021eko apirilean 2020ko apirilean baino, eta, azkenik, Bizkaian urte arteko aldakuntza % 50,4koa izan da.
Hil arteko terminoetan, 2021eko apirilean 2021eko martxoaren aldean, Araban produkzioa % 6,5 hazi dela kalkulatu da; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, % 2,3 eta % 1,9 igo da, hurrenez hurren.
INFORMAZIO OHARRA
Egutegiaren eraginak zuzentzeko eta serieak urtaro-eraginik gabe uzteko erabilitako modeloek COVID-19ak aztertutako aldagaietan duen eragina barne hartzen dute, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraituz.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie informazioa biltzen lagundu duten establezimendu guztiei. Haiei esker, apirileko indizea laginaren % 92,61eko estaldurarekin kalkulatu da –horren informazioa maiatzean zehar jaso da–.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62