2021/05/28ko prentsa-oharra
HEZKUNTZAREN KONTUA. Aurrerapena. 2020
Hezkuntzako gastua Euskal AEn % 0,2 hazi zen 2020an, eta BPGren % 5,8 izan zen
Biztanleko, 1.887 eurokoa izan zen, 2019aren antzera, baina 2018an baino % 3,1 handiagoa
Euskal AEn 2020an egindako hezkuntzako gastu osoa % 0,2 hazi zen, 2019aren aldean, Eustatek emandako datuen arabera. Hezkuntza-sektorea, gainerako jarduera guztiak bezala, 2020an COVID-19ak eragindako krisiaren eraginpean egon da. Hazkuntza-tasa hori eta BPGren bilakaera negatiboa –% 9,6 egin zuen behera– kontuan hartuta, hezkuntzako gastua BPGri dagokionez % 5,8koa da; alegia, ehuneko 0,6 puntu egin du gora, 2019aren aldean.
Gastu osotik, 3.978 milioi gastu arruntari dagozkio eta 174 milioi kapitalaren eraketa gordinari (inbertsioa). Biztanle bakoitzeko, hezkuntzako gastua 1.887 eurokoa izan da.
Hezkuntzaren Kontuak jasotzen ditu hezkuntza-erakundeetan nahiz beste edozein ikastetxe edo enpresa motatan egin diren eta iturri publiko edo pribatuek finantzatu dituzten hezkuntza-jarduera arautu zein arautu gabeetan egindako gastu arrunta eta kapital-gastua.
Finantzaketa-egitura dela eta, finantzaketa publikoa % 75etik gora mantentzen da urteen serie osoan; azken urtean, 2020an, puntu bat egin du gora, % 76,9ra arte.
2019ko datuen analisiak –hura da behin betiko datuak dituen azken urtea– erakusten du gastu osoa % 3,7 hazi zela, aurreko urtearen aldean, eta 4.145 milioi eurora iritsi zela. Hazkuntza gertatu zen gastu arrunta 165 milioi handitu zelako, % 4,3 2018aren aldean. Bestalde, inbertsioak 18 milioi egin zuen behera, 2018aren aldean; 2018an hazkuntza handia izan zuen, % 50etik gorakoa, inbertsio pribatua 56 milioi euroan handitu baitzen. Per capita terminoetan, gastu osoa, 2019an, % 3,2 hazi zen, eta 1.889 eurora iritsi zen.
Gastu arruntaren xehetasunak erakusten du 2019an finantzaketa publikoa nagusia dela hezkuntza-zerbitzuen gastuan (% 83,3) eta kapital-gastuan (% 58,6); bestalde, finantzaketa pribatua handiagoa da gainerako jarduera eta ondasunen gastuan (% 58,5), bertan sartzen direla garraioa, eskola-jangela, liburuak eta eskola-materiala, bai eta hezkuntza-sistemako administrazio orokorra ere.
Funtzioen araberako banakatze handiagoa eginda ikusten da Hezkuntza eta Prestakuntza Zerbitzuak gastu osoaren % 80,6 izan zirela, eta Jarduera Osagarriak (garraioa, jantokia, egoitza...), berriz, % 6,7 (277 milioiko gastua). Etxeek erositako liburuen, eskola-materialaren eta beste ondasun batzuen partidako gastua 154 milioikoa izan zen (% 3,7), eta hezkuntza-sistemako administrazio orokorrarekin lotutako gastua % 1,0ekoa; bi ehuneko horiek mantendu egiten dira azken urteotan. Gastu osoan partaidetza murriztu zuten partidak honako hauek izan ziren: hezkuntza-ikerketa- eta -berrikuntzako gastua, partaidetza 0,5 puntu jaitsi baitzen (% 3,7ra arte), eta kapitalaren eraketa gordina, 18 milioian murriztu baitzen, 2018aren aldean (gastu osoaren % 4,3).
Nazioarteko konparazioari dagokionez, ELGAk argitaratutako azken datuak aztertzen dira, 2017koak. Urte horretan, Euskal AEn, Erosteko Ahalmenaren Parekotasunean ($) neurtutako ikasle bakoitzeko gastuaren guztizkoa hezkuntza-erakundeetan 12.808koa izan zen, lehen hezkuntzatik hirugarren hezkuntzarako etapak batuta. Horrek Espainiaren (10.105), ELGAko batezbestekoaren (11.231), EB23 batezbestekoaren (11.515) eta Frantzia (12.080) bezalako herrialdeen gainetik jarri zuen. Aldiz, Alemania (13.529) eta Suedia (14.505) bezalakoen azpitik. Hezkuntza-etapak kontuan hartuta, Euskal AEn ikasle bakoitzeko gastua 11.896 ($) EAP izan zen lehen, bigarren eta bigarrenaren ondoko hezkuntzan, Espainiako (9.166), ELGAko (9.999) eta EB23ren (10.344) batezbestekoak baino handiagoa. Hirugarren hezkuntzaren kasuan, Euskal AEren gastua 16.262 ($) EAP izan zen, ELGAn aztertzen diren Europar Batasuneko 23 herrialdeetako (EB23) batezbestekoa (16.688 ($)) baino txikiagoa.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62