2021/06/16ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. 2020
Euskal AEko jaiotzek % 4,4 egin zuten behera 2020an
2020ko abenduan beherakada % 15etik gorakoa izan zen
Euskal AEn 14.739 jaiotza izan ziren 2020an, aurreko urtean baino % 4,4 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Beherakada, nagusiki, urteko 4. hiruhilekoan gertatu da; 2019ko aldi bereko jaiotza-kopuruaren aldean % 10,9 gutxiago egon dira, eta, bereziki, nabarmenagoa izan da beherakada azaroan eta abenduan. Hil horietan, % 12,4ko eta % 15,1eko beherakada izan da, hurrenez hurren.
Lurraldearen araberako banaketa dela eta, Araba da beherakada handiena izan duen lurraldea (–% 6,5), ondoren Bizkaia (–% 5,2) eta, azkenik, Gipuzkoa (–% 2,1); hala, 2.397, 7.318 eta 5.024 jaiotza izan ziren, hurrenez hurren.
Jaiotza-tasa 6,7 jaiotzakoa izan zen mila biztanleko. Zifrarik altuena Araban izan da (‰ 7,2), ondoren Gipuzkoan (‰ 7,0) eta, azkenik, Bizkaian (‰ 6,4). Euskal AEn tasak 0,3 egin du behera, 2019aren aldean, eta 3 puntu, 2010etik.
Jaiotzen % 79,5ean amek 30 urte edo gehiago izan zituzten; emaitza 2019koaren oso antzekoa da
2019an bezala, jaiotza gehieneko taldea 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena izan zen (% 35,0). Ondoren, 35 eta 39 urte bitarteko amena (% 33,7).
40 urteko eta gehiagoko taldea % 10etik gora dago (% 10,8); ehuneko lau puntu egin du gora, aurreko urtearen aldean. 25 eta 29 urte bitarteko amen haurtxoen kopurua % 13,8 da, eta 20 eta 24 urte bitartekoena, % 5,6. Azkenik, ama nerabeak kopuru osoaren % 1,1 izan ziren, aurreko urtean baino bi hamarren gutxiago.
Amen % 28,5 atzerritarrak ziren
Amen nazionalitatea kontuan hartzen bada, % 28,5 atzerritarrak ziren eta 4.207 ume erditu zituzten. 2019an, ama atzerritarren ehunekoa % 27,4 izan zen. Amen jatorrizko herrialde nagusiak honako hauek izan ziren: Maroko (750 ama), Kolonbia (355), Nikaragua (299), Errumania (291), Paraguai (205), Bolivia (196), Pakistan (166), Honduras (150), Nigeria (147), Aljeria (144), Venezuela (128), Ekuador (122) eta Brasil (114).
Emakume atzerritarrek Euskal AEn bizi diren espainiarrek baino gazteago izan dituzte seme-alabak: kasuen % 39,8an, 30 urte baino gutxiagorekin; ama espainiarren kasuan, % 12,8k 30 urte baino gutxiagorekin.
Amen batez besteko adina 33,4 urte izan zen, aurreko urtekoa baino pixka bat handiagoa (33,3). Balio hori 34,3ra iristen da, espainiarren artean, eta 31,1 urtekoa da, ama atzerritarren kasuan. Ama lehenengoz izan direnen batez besteko adina, alegia, 2020an lehen semea edo alaba izan dutenena 32,4 urtekoa izan zen.
Ezkontzatik kanpoko jaiotzen ehunekoak gora egiten jarraitzen du
2020an, ezkontzatik kanpoko jaiotzak 6.914 izan ziren; alegia, guztizkoaren % 46,9 izan ziren, eta, 2019an, % 45,1. Duela 10 urte, 2010ean, ezkontzatik kanpoko jaiotzak % 32,7 izan ziren.
Jaiotza-hurrenkera kontuan hartuta, 2020ko lehen 7.300 jaiotzak kopuru osoaren % 49,5 izan ziren; bigarrenak, % 37,4, eta hirugarrenak eta ondorengoak, % 13. 2020an bizirik jaiotakoen arteko sexua dela eta, 108 mutiko izan ziren 100 neskatoko. Mutikoen batez besteko pisua 3.325 gramokoa izan zen eta neskatoena, 3.210,5 gramokoa.
Jaiotzeko lekua dela eta, nabarmendu behar da jaiotzen % 89,8 ospitale publikoetan izan zirela, % 9,6 ospitale pribatuetan eta % 0,6, etxean. 14.534 erditze izan ziren; haietatik, 14.272 sinpleak izan ziren, 261 bikoitzak eta 1 hirukoitza. Erditze guztietatik, 758 garai aurrekoak izan ziren (% 5,2).
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62