2021/06/22ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. Hotelak. 2021eko maiatza
Euskal AEko hotel-establezimenduetako sarrerek eta gaualdiek gora egiten jarraitu dute 2021eko maiatzean
Ezein ere egunetan jarduerarik izan ez duten hotel-establezimenduen ehunekoak behera egin du, baina oraindik ere % 24,7koa izan da 2021eko maiatzean
Eustatek landutako datuen arabera, 2021eko maiatzean 119.312 sarrera eta 209.506 gaualdi erregistratu dira Euskal AEko hotel-establezimenduetan. Hala, 2021eko apirilarekin alderatuta, susperraldia % 27,1ekoa izan da sarreretan eta % 19,9koa gaualdietan.
COVID19aren pandemiari aurre egiteko 2020ko martxoaren 14an ezarritako alarma-egoeratik aurrera, mugikortasunaren gaineko muga aldakorra izan da. Nolanahi ere, 2020ko maiatza izan zen hartutako neurriek turismo-sektorean eragin handiena izan zuten bigarren hilabetea. Hotel-jarduera osasun arloko eta funtsezko langileetara mugatu zen, eta, beraz, serie gehienak ez ziren argitaratu, sekretu estatistikoa gorde zelako eta kalitate estatistikoko irizpideak zeudelako. Horregatik, ezinezkoa da 2020ko maiatzarekiko urte arteko ezein ere alderaketa egitea. Ondoren, aurreko hilarekin, 2021eko apirilarekin, alderatzen dira kopuruak.
Araban, 2021eko maiatzean 19.931 sarrera erregistratu dira, eta 35.596 gaualdi, aurreko hilean baino % 27,5 eta % 9,9 gehiago. Bizkaian, 2021eko maiatzean sarrera-kopurua % 26,5 igo da, eta % 24,8 gaualdiena; 50.607 eta 92.731 izan dira orotara, hurrenez hurren. Azkenik, Gipuzkoan, 2021eko maiatzean 48.774 sarrera eta 81.179 gaualdi izan dira; hil arteko igoera % 27,7koa izan da sarreretan eta % 19,2koa gaualdietan.
Atzerritar jatorriko sarrerak sarrera guztien % 22,9 izan dira 2021eko maiatzean; beraz, Estatukoak % 77,1era iritsi dira. Gaualdiei dagokienez, antzekoa da banaketa: % 21,8 atzerrian bizi direnenak eta % 78,2 Estatukoenak. Atzerriko jatorriko sarrerak eta gaualdiak nabarmen gehitu dira apirilaren aldean: sarrerak % 107,1 eta gaualdiak % 68,2.
Aldeak daude Lurraldeen artean. Araban, aurreko hilaren aldean, % 48,0 eta % 13,6 igo da atzerrian bizi direnen sarrera- eta gaualdi-kopurua, hurrenez hurren. Sarrerek % 90,9ko igoera izan dute, eta gaualdiek % 50,3koa, Bizkaian. Azkenik, Gipuzkoan gehikuntza nabarmenagoak izan dira aurreko hilaren aldean: % 136,6 atzerritar jatorriko sarreretan eta % 105,2 atzerritar jatorriko gaualdietan.
Euskal AEko batez besteko egonaldia 1,76 egunekoa izan da maiatzean (1,86 egunekoa izan zen apirilean). Batez besteko egonaldia ez da asko aldatzen pertsonen bizilekuaren arabera: 1,67 egun atzerritarren kasuan, eta 1,78 egun Estatuko jatorriko pertsonen kasuan.
2021eko maiatzean jarduerarik izan duten hotel-establezimenduen okupazio-mailak, plazei zein eskainitako logelei dagokienez, aurreko hilabetekoak baino handiagoak izan dira: plazen okupazio-mailari dagokionez, 2021eko apirilean % 23,6 izatetik maiatzean % 26,2 izatera igaro dira, eta logelen okupazio-mailari dagokionez, % 30,8tik % 34,0ra.
Plazakako okupazio-maila % 28,1ekoa izan da Araban, % 27,5ekoa Gipuzkoan eta % 24,5ekoa Bizkaian. Logelen araberako okupazioa % 37,0 izan da Araban, % 33,7 Gipuzkoan eta % 33,4 Bizkaian.
Plazakako okupazio-mailarik handiena izan duen hiriburua Donostia izan da (% 30,3), gero oso hurbil Gasteiz kokatu da (% 30,1), eta ondoren Bilbon izan da okupaziorik txikiena (% 24,6). Logelen araberako okupazio-mailaren bilakaerak antzeko joera erakusten du.
Sektorearen errentagarritasun-adierazleek beheranzko joera adierazten dute. ADR (eguneko batez besteko tarifa) 68,43 eurokoa izan da maiatzean; apirilean, aldiz, 77,18 eurokoa izan zen. Hortaz, % 11,3 txikiagoa gertatu da maiatzekoa. Beherakada orokorra izan da Lurraldeetan: Gipuzkoan 78,03 eurokoa izan da (93,62 euro Donostian), Bizkaian 63,16 eurokoa (67,70 euro Bilbon) eta Araban 62,08 eurokoa (57,02 euro Gasteizen).
RevPar-ak (Gela eskuragarriko diru-sarrera) % 2,0ko jaitsiera izan du, eta Euskal AEn apirilean 23,77 eurokoa izatetik 2021eko maiatzean 23,29koa izatera igaro da.
Hileko egun guztietan itxitako hotel-establezimenduen ehunekoaren bilakaerak agerian uzten du ezen COVID19ari aurre egiteko hartutako murrizketek hotel-sektorean duten eraginak, handia izan arren, hobetzeko joera izaten jarraitzen duela. 2021eko maiatzean, hotel-establezimenduen % 24,7 itxita egon dira hileko egun guztietan, 2021eko apirilean baino ehuneko 3,4 puntu gutxiago. Gipuzkoan establezimenduen % 28,6k ez dute inolako jarduerarik izan 2021eko maiatzean; Araban, % 22,4k; eta, azkenik, Bizkaian, % 20,4k.
Informazio-oharra. Hotelen ETHren estaldura % 95,5ekoa izan da maiatzean. Eustatek eskerrak ematen dizkie inkesta honetan parte hartu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62