2021/06/21eko prentsa-oharra
ZERBITZUEN INKESTA. JARDUERA PROFESIONALAK ETA ZERBITZU LAGUNGARRIAK. 2019
Ia 132 mila pertsonak, % 12,6k, egiten zuten lan, 2019an, Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen sektorean
Enpresa txikiek, 10 eta 49 enplegu bitartekoek, izan zuten bilakaerarik onena
Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen sektorean 131.529 pertsona zeuden lanean, 2019an, pandemiaren aurreko urtean, urte horretarako Euskadiko ekonomiako enplegatuen % 12,6, Eustaten datuen arabera.
Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen sektoreak –jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak eta administrazioko eta zerbitzu lagungarrietako jarduerak biltzen ditu– enplegatu-kopurua % 4 handitu zuen, 2017aren aldean, eta 9.999 milioi euroan fakturatu zuen, bi urte lehenago baino % 0,8 gehiago. Nahiz eta enpleguak eta fakturazioak gora egin zuten, establezimendu-kopuruak behera egin zuen, % 1,4; guztira, 27.993 establezimendu ziren.
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldi erabilgarriak
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldi erabilgarriak
Jarduera Profesional eta Zerbitzu Lagungarrien barruan, Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atala –hark, aldi berean, Jarduera juridiko eta kontabilitatekoak, Arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzuak, Ikerketa eta garapena, Publizitatea eta merkatu azterlanak eta Beste jarduera profesional batzuk azpiatalak ere barne hartzen ditu– nagusia da, establezimendu-kopuruari –kopuru osoaren % 78,6– eta fakturazioari –% 65,6– dagokienez, baina ez da iristen enplegu osoaren % 47,2ra.
Atal horrek behera egin du 2019an, 2017aren aldean; haren negozio-zifrak % 2,8 egin du behera, eta establezimendu-kopuruak, % 1,9 behera, baina gora egin du, pixka bat, enpleguak, % 0,3.
Emaitzak jardueraren maila bereiziagoan aztertuta, Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atalaren barruan, Jarduera juridiko eta kontabilitateko, Arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzuetako azpiatalak nabarmentzen dira. Lehenak antzeko fakturazioa izan du, 2.965 milioi eurokoa, bere azpiatalaren % 45,2, eta bigarrenak, 2.274 milioi eurokoa, azpiatalaren % 34,7. Bien artean, negozio-zifra osoaren % 79,9 bildu zuten, establezimendu guztien % 74,8 eta enpleguaren % 69,8.
2019an, Jarduera juridiko eta kontabilitatekoen azpiatalean 25.256 enplegatu izan ziren, 10.732 establezimendutan, eta Arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzuetako 5.689 establezimenduetan 18.056 enplegatu izan ziren. 2017a dela eta, biek egin zuten behera, bai negozio-zifrari dagokionez (–% 7,1 Jarduera juridiko eta kontabilitatekoak eta –% 1,8 Arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzuak) bai establezimendu-kopuruan (–% 2,9 lehenengoan eta –% 3,2 bigarrenean). Jarduera juridiko eta kontabilitatekoetako enplegua dela eta, % 2,9 egin zuen behera, baina Arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzuetan, % 1,5 gora.
Beste hiru azpiatalak direla eta, Ikerketa eta garapenarenak oso portaera positiboa izan du fakturazioan, % 25,8 egin baitu gora, 2017aren aldean, eta, hala, Jarduera Profesional eta Zerbitzu Lagungarrien barruan kontzeptu horrengatik gehien hazi den azpiatala da. Publizitatea eta merkatu azterlanak eta Beste jarduera profesional batzuk azpiatalak direla eta, berriz, behera egin du fakturazioak: % 2,5 lehena eta % 2,3 bigarrena.
Ikerketa eta garapenaren jardueretarako fakturaziorako, enpleguaren bilakaerarako eta establezimendu-kopuruaren bilakaerarako ere positiboa izan da; izan ere, establezimenduetan % 4,1 gehiago eta enpleguan % 7 gehiago dago 2019an, 2017aren aldean. Beste jarduera profesional batzuk azpiatalak ere (besteak beste, hemen sartzen dira Diseinua, Argazkigintza, Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Albaitaritza) gora egin du enpleguan, % 3,8, eta establezimendu-kopuruan, % 3 gehiago bi urte hauetan. Baina ez da gauza bera gertatzen Publizitatea eta merkatu azterlanak adarrarekin; izan ere, bilakaera-zifra negatiboak ditu, bai establezimendu-kopuruari dagokionez (% 2,7 gutxiago) bai lanean ari den pertsonalari dagokionez (% 2,3 jaitsi baita).
Bestalde, Administrazio-jardueren eta zerbitzu lagungarrien atalak 3.443 milioi euroko fakturazio globala izan du, eta Jarduera Profesional eta Zerbitzu Lagungarri guztien negozio-zifraren % 34,4 da; haren 69.455 enpleguak enplegu guztiaren % 52,8 dira, eta 5.981 establezimenduak, jarduera-sektore horren establezimendu guztien % 21,4.
Gainera, atal horrek igoera esanguratsua izan du bere negozio-zifran, 2019an, 2017aren aldean; % 8,2 gehiago, eta, enpleguan, % 7,6 gehiago. Gainera, igoera txikia egon da establezimendu guztien kopuruan (% 0,5).
Atal horren barruan, Bestelako zerbitzu-jardueren azpiatal osoan duen partaidetzagatik bereizten da –bertan sartzen dira Segurtasuneko eta ikerketako jarduerak, Eraikinetako eta lorezaintzako zerbitzuak eta Enpresentzako jarduera lagungarriak)–. Enpleguaren eta ataleko establezimendu guztien hiru laurdena da (% 75,6 eta % 73, hurrenez hurren). 2019ko bilakaera positiboa izan da, lanean ari den pertsonalari eta fakturazioari dagokienez; izan ere, biek egin dute gora % 8,3, alegia, azpiatalaren fakturazioaren % 56,8. Establezimendu-kopurua dela eta, 2017. urtearen aldean izan duen % 0,2ko aldaketa txikiaren ondorioz, Zerbitzu lagungarrien establezimenduen % 15,6 azpiatal horri dagozkio.
Bestelako zerbitzu-jarduerak alde batera utzita, beste azpiatalek partaidetza nahiko txikia dute, beren atalaren barruan. Hala, establezimenduen % 13 eta enpleguaren % 3,2 Bidaia-agentziei dagokie; establezimenduen % 10,4 eta enpleguaren % 3,7, Alokairu-jarduerei, eta establezimenduen % 3,63 eta enpleguaren % 17,6, Enpleguarekin zerikusia duten jarduerei.
Hirurek izan dituzte igoera positiboak fakturazioan eta enpleguan: Bidaia-agentziek (% 9,2 eta % 6,7, hurrenez hurren), Alokairu-jarduerek (% 7,7 eta % 2, hurrenez hurren) eta Enpleguarekin zerikusia duten jarduerek (% 6,5 eta % 5,9). Ez, ordea, establezimenduen kopuruan; izan ere, Bidaia-agentzietako establezimenduek gora egin dute % 6,1 eta Enpleguarekin zerikusia duten jarduerenek % 8, baina Alokairu-jardueren establezimenduek behera egin dute % 5,9.
Erkaketa egiten badugu, Bizkaian nagusi dira Jarduera juridikoetara eta kontabilitatekoetara bideratutako establezimenduak, Gipuzkoan ikerketa eta garapenekoetara bideratzen direnak eta, Araban, enpleguarekin lotutako jardueretakoak
Lurralde-mailan, hiru lurraldeek izan zuten bilakaera positiboa 2019an, aztertutako adierazle nagusietan. Lurraldeen arteko alde nagusienak, 2017aren aldean, fakturazioaren ingurukoak izan ziren. Posizio positiboena Arabak izan zuen, bere salmentek sektorean % 6,5eko igoera izan baitzuten; ondoren, Gipuzkoak, % 0,8 areagotu baitzituen, baina, Bizkaian, behera egin zuten pixka bat (–% 0,3).
Enplegua dela eta, Gipuzkoak % 5,4ko igoera izan zuen; Bizkaiak, % 4,2koa, eta Arabak, % 0,6koa. Azkenik, establezimendu-kopurua dela eta, behera egin dute pixka bat Arabak (–% 0,3) eta Bizkaiak (–% 0,9) eta beherakada esanguratsuagoa izan du Gipuzkoak (–% 2,5).
Establezimendu-kopurua kontuan hartuta, Euskadiko AEko kopuru osoaren % 53,2 Bizkaian dago; % 33,4, Gipuzkoan, eta % 13,4, Araban. Erreferentziazko ehuneko horiek gainditu egiten dira lurralde-mailan, zenbait jardueratan. Nabarmenenak honako hauek izango lirateke: Bizkaian, Jarduera juridikoak eta kontabilitateak (% 58,5); Gipuzkoan, Ikerketa eta garapenekoak (% 43,1) eta, Araban, Enpleguarekin lotutako jarduerak (% 18,6).
Enplegua aztertzen bada, 2019an, gure erkidego osotik, lurralde-banaketaren arabera, Bizkaiak % 58,5 du, Gipuzkoak % 28 eta Arabak % 13,4. Kasu horretan, erkaketa egiten badugu, jarduera esanguratsuenak, lurraldeen arabera, honela banatzen dira: Bizkaian, Bestelako zerbitzu-jarduerak (% 64,1); eta, oraingoan ere, Gipuzkoan, Ikerketa eta garapenekoak (% 47,5) eta, Araban, Enpleguarekin lotutako jarduerak (% 22,8).
Enpresa txikiek (10 eta 49 enplegu bitartekoak) izan zuten bilakaerarik onena 2017aren eta 2019aren artean
Establezimenduen enpleguaren araberako tamainaren analisiak ematen du informazio gehigarriren bat. Lehenengo eta behin, mikroenpresak, alegia, 10 enplegu baino gutxiagoko establezimenduak establezimendu guztien % 93,7 dira, pertsonal osoaren % 32,5 dute eta sektoreko fakturazioaren % 39,9 sortzen dute.
Enpresa txikiek, 10 eta 49 enplegu bitartekoek, establezimenduen % 5 dute, baina sektoreko % 21,4ri ematen diote enplegua, eta, 2019an, Jarduera Profesional eta Zerbitzu Lagungarrien % 28,8 fakturatu zuten. Azkenik, 50 enplegu baino gehiagoko enpresek, establezimenduen % 12,4 soilik izanik ere, kopuru osoaren % 46,1i ematen zioten enplegua eta % 31,3 fakturatu zuten.
2017aren eta 2019aren arteko bilakaera oso bestelakoa da mikroenpresentzat eta gainerako enpresentzat. Mikroenpresen enplegua eta establezimendu-kopurua % 2 murriztu da, baina fakturazioan ez dute aldaketarik ikusi. Enpresa txikiek, berriz, % 10,3ko igoera izan dute enpleguan, % 9,3koa establezimendu-kopuruan eta % 2,2koa negozio-zifran. Bilakaera positibo hori enpresa handiagoek ere partekatzen dute; haietan, enplegua % 5,8 hazi da, establezimendu-kopurua % 7, bai eta fakturazioak ere, % 0,4 –motelago, baina–.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62