2021/07/14ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2021
Euskal AEko enpresetako enplegatuen % 12k telelana egin du, 2021ean, urtebete lehenagoko kopuruaren bikoitzak
Enpresa-xedeetarako Sare Sozialen erabilera (% 51,5) da 4.0 Industriaren adierazle nabarmenena, eta % 70koa da 10 enplegatu eta gehiagokoetan
Euskal AEko enpresetako pertsonalaren % 12,0k, 2021ean, gutxienez lanaldiaren heren bat egin du enpresaren lokaletatik kanpo lan, eta, horretarako, sare telematikoak erabili ditu konektatzeko, IKT sistemen bidez; beraz, telelangiletzat jo daitezke, Eustaten datuen arabera. Hala, bikoiztu egin da urtebete lehenagoko ehunekoa (% 5,4).
Gainera, enplegatuen % 75,8k, batez beste, IKT (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) sistemak erabiltzen dituzte, eta egiaztatzen da % 10,4 IKT sistemetako langile espezialistak direla. Era berean, langile guztien heren batek baino pixka bat gehiagok (% 37,2) urrutiko konexioa du, erabilera profesionalerako gailu eramangarri baten bidez.
Ekipamenduekin eta 4.0 Industriarekin ez bezala, establezimenduek ez dute izan alde nabarmenik IKT teknologiak erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoan.
Pertsonal hori sexuaren arabera aztertzen bada, nabarmentzekoa da, IKT sistemen espezialistak izan ezik –haien artean gizonen ehunekoa, % 65,1, emakumeena, % 34,9, baino altuagoa da–, gainerako kategoria horietan ehunekoak oso antzekoak direla, % 50 ingurukoak, alde bietatik. Hala ere, aldeak ikusten dira, jarduera-sektoreak aintzat hartzen badira. Hala, Industrian eta Eraikuntzan gizonen ehunekoa handiagoa da, eta, Zerbitzuetan, emakumeena da handiagoa.
10 enplegatuko edo gehiagoko industria-enpresen % 22,9k robotika erabiltzen dute haien jardueran
Enpresen eraldaketa digitala dela eta, Sare Sozialak dira (enpresa-xedeetarako erabiltzen dituzten establezimenduen % 51,5) aztertu diren bederatzi adierazleetako nabarmenena.
Jarraian, Zerbitzu Mugikorrak daude (% 30,2). Zerbitzu Mugikorra honako honetan datza: enpresaren jarduerarekin eta ekoizpen-prozesuekin zerikusia duten aplikazioen erabilera.
Hirugarrenik, Hodeiko Zerbitzu Informatikoak (Cloud Computing) daude; ostatatze horregatik ordaintzen duten establezimenduen % 23,1; hala, enpresa baten informaziora edo zerbitzura jotzeko aukera ematen da, Interneteko konexioaren bidez, edozein lekutan dagoen edozein gailu mugikorretik edo finkotik.
Jarraian, % 10 eta % 20 bitartean, Zibersegurtasuneko Jarduerak (% 20,1), Gauzen Interneta (% 12,9) eta Big Data Analisia (% 12,1) daude. Azkenik, % 5etik behera, Adimen Artifiziala (% 4,1), Robotika (% 2,7) eta 3D Inprimagailuak (% 2,6) daude.
10 enplegatuko edo gehiagoko establezimenduen kasuan, ehuneko horiek nabarmen handiagoak dira: Sare Sozialak tamaina horretako establezimenduen % 70,3ra iritsi dira, eta, % 20tik gora, Zerbitzu Mugikorrak (% 46,3), Hodeiko Zerbitzu Informatikoak (% 46,0), Zibersegurtasuneko Jarduerak (% 43,1), Big Data Analisia (% 22,9) eta Gauzen Interneta (% 21,1). Robotikaren erabilera nabarmendu behar da, enpresen % 11,8n baitago, eta, Industriaren sektorean, % 22,9an.
10 enplegatuko edo gehiagoko enpresetan, IKT ekipamenduak ia disponibilitatearen gehiengora iritsi dira
Euskal AEko enpresak gero eta prestatuago daude informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) ekipamenduetan, eta teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoa ere handiagoa da. Gaur egun, establezimenduen % 94,2k ordenagailua dute; % 90,8k posta elektronikoa erabiltzen dute; % 92,6k Interneterako sarbidea dute, eta % 94,9k telefono mugikorra erabiltzen dute. Gainera, enpresen erdiak baino pixka bat gehiagok (% 53,0) web-orria du.
Ekipamenduetako ehuneko horiek handiagoak dira 10 enplegatu edo gehiago dituzten establezimenduetan, baina, erabilera dagoeneko oso zabalduta dagoenez (% 99,8k ordenagailua du, % 99,0k helbide elektronikoa, % 99,3k Interneterako sarbidea, % 97,1ek telefono mugikorra eta % 92,5ek web-orrialdea), dagoeneko ez dute ia hazteko marjinarik, establezimendu txikien aldean.
Teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoa dela eta, langile okupatuen % 72,4k ordenagailua erabiltzen du, % 67,9k posta elektronikoa du eta % 67,9k Interneteko sarbidea du.
Segurtasun informatikoa oso hedatuta dago Euskal AEko enpresetan
Bestalde, enpresen % 88,1ek segurtasun informatikoko neurriren bat du, aurreko urtean baino ehuneko 2,4 puntu gehiagok. Neurri horien artean nabarmentzekoak dira, % 30etik gora, software eguneratua izatea (% 83,4), pasahitz segurua (% 82,4), kanpoko backup-ak (% 61,7), sarerako sarbidearen kontrola (% 37,9) eta datu-zifratzea (% 32,8). 10 enplegatuko edo gehiagoko enpresen kasuan, ehuneko horiek guztiak handiagoak dira, eta segurtasun informatikoko neurriren bat erabiltzen dutenak % 98,4 dira.
Gainera, 2021ean, Euskal AEko enpresen % 41,9k kode irekiko softwarea du, besteak beste, nabigatzaileak Interneten, ofimatikako programak, doako sistema eragileak edo irekiak (Linux,...) eta abar. 10 enplegatu edo gehiago dituzten enpresetan, ehunekoak gora egin du, eta % 55,5ekoa da.
Zuntz optikoaren bidezko konexioa gehien hazi den sarbidea izan da, eta ADSLak, berriz, behera egiten jarraitzen du
Interneterako sarbidea duten Euskal AEko enpresak guztizkoen % 92,6 dira, gaur egun; izan ere, ehuneko 0,3 puntu handitu dira aurreko urtean konektatutakoak.
Horrela, konexio finkoak, dela ADSL bidez, kable bidez edo beste konexio finko batzuen bidez, presente daude Interneterako sarbidea duten enpresen % 94,3an, eta konexio mugikorrak, gaur egun, enpresa konektatuen % 88,3an.
Konexio finkoak dituzten enpresetan, Zuntz optikoa da (Kablea, FTTH…), % 78,1, sarera sartzeko bide nagusia, eta, gainera, hazten jarraitzen du, eta, dagoeneko, nabarmen gainditzen du ADSLa (% 43,7), sarbide gisa.
Tamaina kontuan hartzen badugu, 10 enplegatu edo gehiagokoetan, % 99,3k Interneterako sarbidea du; % 99,2k konexio finkoen bidez eta % 92,4k konexio mugikorren bidez. Hemen ere Zuntz optikoa da (Kablea, FTTH…), % 86,5, sarera sartzeko bide nagusia. Jarraian, ADSL lineak daude, % 54,5; behera egiten jarraitzen dute, azken urteotan.
Euskal AEko enpresen % 53,0k, 10 enplegatuko edo gehiagokoen kasuan % 92,5ek, Interneten presentzia dute web-orrien bidez
Enpresak gero eta kontzienteagoak dira nolako garrantzia duen Interneten egoteak, web-orri baten bidez. Hala, azken urtean, sarean presente daudenak guztizkoaren % 53,0 dira, eta 10 enplegatuko edo gehiagoko enpresetan, % 92,5.
Web-orri horietan enpresaren beraren informazio orokorra aurki dezakegu, eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen katalogoa, informazioaren pribatutasunaren inguruko adierazpena, enplegu-eskaintzak eta salmenta ondoko zerbitzuak, besteak beste.
Sartzeko hizkuntzak direla eta, gaztelania da nabarmentzekoa, kasuen % 98,9an; euskara, % 42,5ean; ingelesa, % 30,6an, eta beste hizkuntza batzuk, kasuen % 13,0an.
10 enplegatu edo gehiago dituzten Euskal AEko enpresetan Interneteko sarbidea dutenen eta webgunea dutenen kopurua EB-27ko Europako batez bestekoaren gainetik dago; bigarren postuan gaude, Danimarkaren ondoren
Nazioarte-mailan, eta EB-27rekin erkagarritasun egokia egiteko, 10 enplegatu edo gehiago dituzten enpresen datuak eta Eurostatek jasotzen dituen jarduerak (ez dituzte finantza-sektorea, administrazio publikoa eta abar kontuan) baliatzeaz gainera, aurreko urteko informazioa erabili behar da, 2020koa; orduan, Euskal AEko enpresek Interneterako sarbideetan izan zituzten ehunekoak (% 99) Europar Batasuna 27koak (% 98) baino handiagoak izan ziren, eta, gainera, web-orria duten enpresen ehunekoa ere handiagoa izan zen Euskal AEn (% 92), 2020an, EB-27ko batez bestekoa baino (% 77).
INFORMAZIO OHARRA
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten lagundu duten enpresa eta erakunde guztiei. Informazioaren bilketa 2021eko urtarriletik apirilera egin da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62