2021/07/26ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2021. urtea
% 2,7 hasi dira merkataritza elektronikoaren bidezko salmentak eta % 5,9 erosketak, 2020an, Euskal AEn
Merkataritza elektronikoa egiten duten establezimenduen proportzioak egonkor dirau eta guztizkoaren % 26,9 da
Euskal AEko establezimenduek, 2020an, aurreko urteko salmentak baino % 2,7 handiagoak egin dituzte eta, erosketen kasuan, % 5,9 handiagoak, Eustaten datuen arabera.
Salmenta elektronikoak, batez beste, salmenta guztien % 46,6 izan zirela kalkulatzen da. Hala badagokio, erosketa elektronikoak 2020an enpresek eginiko erosketa guztien % 40,2 izan ziren.
Euskadiko establezimenduen % 26,9k, berrogeita hiru mila establezimendu inguruk, merkataritza elektronikoa egiten dute Euskal AEn. Zifra hori aurreko urtekoa baino bi hamarren txikiagoa da. Hala ere, sistema horren bidez eginiko salmenta eta erosketen balioak % 2,7 eta % 5,9 egin du gora, hurrenez hurren.
2020an sarearen bidez edo beste sistema elektroniko batzuen bitartez –besteak beste helbide elektronikoa edo datu elektronikoen trukea (EDI eta beste sare batzuk)– sortutako negozio-bolumenak 22.092,4 milioi eurokoak izan dira, eginiko salmenta elektronikoei dagokienez, eta 16.784,1 milioikoak, egindako erosketei dagokienez.
Lurralde mailan, salmenta elektronikoetan Bizkaiko eta Gipuzkoako gorakada nabarmentzen da (% 5,4 eta % 2,8, hurrenez hurren) eta, Araban, % 0,8 egin du behera. Erosketa elektronikoetan, bestalde, hiru lurraldeek areagotu dituzte zifra ekonomikoak, eta berriz ere nabarmentzen da Bizkaia, % 7,3 egin baitu gora, ondoren, Araba (% 5,0) eta, gero, Gipuzkoa (% 4,1).
Lurralde bakoitzaren pisua dela eta, nahiko antzera banatzen dira hiruretan salmenta elektronikoak: Bizkaiak du ehunekorik handiena (autonomia-erkidegoaren guztizkoaren % 38,0), Gipuzkoak gero (% 32,7) eta, ondoren, Arabak (% 29,3). Erosketetan, hala ere, partaidetza ez da hain berdina: Bizkaiak Euskal AEko erosketa elektronikoen guztizkoaren % 51,9 du, 2020an; Gipuzkoak, % 30,4, eta Arabak, % 17,7.
Establezimenduen tamaina aintzat hartuta, 10 enplegatu edo gehiago dituztenetan trukatzen da merkataritza elektronikoan kopuru ekonomiko handiena (salmenta elektronikoen % 81,0 eta erosketa elektronikoen guztizkoaren % 70,2).
Bestalde, merkataritza elektronikoan establezimenduen % 26,9k parte hartu dute, 2020an, aurreko urtean baino ehuneko 0,2 puntu gutxiagok. Murrizketa hori elektronikoki erosten dutenen ehunekoak behera egin duelako gertatu da, aurreko urtean baino ehuneko 0,7 puntu gutxiago; izan ere, nahiz eta salmenta elektronikoak egiten dituztenen proportzioak 0,6 puntu egin duen gora, gorakada horrek ez du lortzen salmentetako murrizketa konpentsatzea. Gaur egun, establezimendu guztien % 24,0k elektronikoki erosten dute, eta % 7,6k salmenta elektronikoak egiten dituzte.
Era berean antzematen da, nahiz eta bide elektronikoetatik erosten duen establezimendu-kopurua bitarteko beraren bidez salmentak egiten dituen establezimendu-kopurua baino askoz ere handiagoa den, zifra ekonomikoetan handiagoak direla salmentak (22.092,4 milioi euro) erosketa elektronikoak baino (16.784,1 milioi).
Zifra horiek aldatu egiten dira, enplegu-tamaina kontuan hartzen bada. Hala, 10 enplegatu edo gehiagoko establezimenduetan, merkataritza elektronikoa % 33,5ek egiten du –aurreko urtean baino ehuneko 0,3 puntu gehiago–. Segmentu horretan ere gehiago dira erosketa elektronikoak egiten dituztenak (% 28,9), eta pisu gutxiago dute bide beretatik salmentak egiten dituztenek (% 14,2), baina tamaina horretan gora egin dute erosten dituztenek eta saltzen dituztenek (ehuneko 0,6 puntu eta 0,4 puntu, hurrenez hurren).
Erosketa elektronikoak egiteko bitartekoak direla eta, kopuru ekonomiko osoaren % 52,3 posta elektronikoaren bidez egin da, % 24,9 EDIren eta beste sare batzuen bitartez eta gainerako % 22,8a, web-orriaren bidez. Bestalde, salmenta guztien % 36,8 web-orriaren, aplikazioen (app-ak) edo Interneteko salmenta-atarien bidez egin da; % 31,8, posta elektronikoaren bidez, eta gainerako % 31,4a, EDI eta beste sare batzuen bidez.
2020an merkataritza elektronikoko salmenten xede izan diren bezeroak direla eta, gehienak, baliabide elektronikoen bidez fakturatutako guztizkoaren % 74,2k, beste enpresa batzuk izan ditu hartzaile (B2B izeneko merkataritza), % 24,2 kontsumitzaile partikularrei zuzendu zaie (B2C) eta gainerako % 1,7a beste bezero mota batzuetan banatu da, besteak beste, administrazio publikoak (B2G).
INFORMAZIO-OHARRA
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten elkarlanean jardun duten enpresa eta erakundeei; informazio-bilketa 2021eko urtarriletik apirilera bitartean egin da.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62