2021/07/30eko prentsa-oharra
ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN KONTUAK. 2019
Administrazio publikoek Euskal AEn 668 milioi euroko defizita izan zuten 2019an, BPGd-aren % 0,8
Kapital-eraketa gordina (inbertsio publikoa) 1.512 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 11,3 handiagoa
Administrazio publikoek Euskal AEn (Euskadiko administrazioak, Estatuko lurraldean ezarritako administrazioa eta lurraldean ezarritako Gizarte Segurantza) 668 milioi euroko defizita izan zuten 2019an, enplegu ez-finantzarioek (1.510 milioi euro) baliabide ez-finantzarioek (1.125 milioi) baino gorakada handiagoa izan baitzuten, Europar Batasunaren Kontu Nazionalen eta Eskualdekoen Sistema Europarrak (KSE-2010) ezarritako irizpideen arabera Eustatek prestatutako datuei jarraikiz.
BPGd-ari dagokionez, administrazio publikoek Euskal AEn izan zuten saldo negatiboa % 0,8koa izan zen; alegia, aurreko urtean baino ehuneko 0,4 puntu handiagoa.
Saldoaren bilakaera negatibo hori inguruneko herrialdeetan ere izan zen. Hala, Europar Batasuna-27ko herrialdeetan, defizita BPGd-aren ehunekoan ehuneko 0,1 puntu handitu zen: 2018an, % 0,4koa zen eta, 2019an, % 0,5ekoa. Espainian, defizita ehuneko 0,4 puntu hazi zen: 2018an BPGd-aren % 2,5etik 2019an % 2,9ra igaro zen.
Ikuspuntu instituzionaletik, Euskadiko administrazioen saldoak (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, udal-erakundeak eta administrazio publiko gisa sektorizatutako mendeko entitateak) okerrera egin zuen, haien finantzaketa-ahalmena (superabita) murriztu egin baitzen BPGd-aren ehunekoan ehuneko 0,5 puntu; alegia, 2018an % 1,5 zen eta, 2019an, % 1,0. Lurraldean ezarritako administrazioaren kasuan (Estatua eta Gizarte Segurantza), oro har, hobetu egin zen finantzaketa-premia (defizita), ehuneko 0,1 puntuan, BPGd-aren % 1,9tik % 1,8ra jaitsi zen 2018tik 2019ra.
Balio absolutuetan, lurraldean ezarritako Estatuko administrazioak saldo positiboa izan zuen edo 732 milioi euroko finantzaketa-ahalmena, eta aurreko urteko saldoa 74 milioi euroan hobetu zuen. Lurraldean ezarritako Gizarte Segurantzaren kasuan, berriz, saldoak okerrera egin zuen 2019an, eta 2.168 milioiko finantzaketa-premia erregistratu zuen, 2018an baino 55 milioi gehiagokoa.
Euskadiko administrazioak direla eta, 2018an 1.172 milioiko finantzaketa-ahalmena izatetik 2019an 769 milioikoa izatera igaro ziren. Multzo horretako erakunde guztietan egin zuen saldoak okerrera.
Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeen multzoaren kasuan, finantzaketa-ahalmena 168 milioi euroan murriztu zen, eta 2018an 531 milioi eurotik 2019an 363 milioira igaro zen.
Arabako foru- eta udal-administrazioak, oro har, 36 milioi euroko saldo positiboa izan zuen, aurreko urtean baino 21 milioi gutxiago. Bizkaian, 2018an 360 milioiko finantzaketa-ahalmena izatetik 2019an 213koa izatera igaro zen. Gipuzkoako administrazioen multzoan ere finantzaketa-ahalmena murriztu egin zen, 2018an 224 milioitik 2019an 156 milioira.
Euskal AEko administrazio publikoek 2019an 29.328 milioi euroko baliabide ez-finantzarioak kudeatu zituzten, 2018an baino % 4,0 gehiago; enplegu ez-finantzarioak 29.996 milioi eurora iritsi ziren, eta % 5,3 egin zuten gora. Ondorioz, finantzaketa-premia 385 milioi euro handitu zen aurreko urtearekin alderatuta, eta 668 milioi eurokoa izan zen 2019an.
Baliabide ez-finantzarioen barruan, pisu gehien izan zuen partida Kotizazio sozialak izan zen (baliabideen % 32,4), eta % 6,9ko gorakada izan zuen, gorakada handia; alegia, 611 milioi gehiago 2018an baino. Ondoren, Ekoizpenaren eta inportazioen gaineko zergak partida (% 30,7) eta Errentaren, ondarearen, eta beste hainbaten gaineko zergak partida (% 26,8). Eragiketa horiek % 3,6 eta % 3,5 hazi ziren, hurrenez hurren; alegia, aurreko urtean baino 575 milioi gehiago. Oro har, baliabide ez-finantzarioak 1.125 milioi hazi ziren, 2018aren aldean.
Enplegu ez-finantzarioak 29.996 milioi eurora iritsi ziren (2018an baino 1.510 milioi euro gehiago). Igoera handieneko eragiketak Gauzazko gizarte-transferentziez bestelako gizarte-prestazioenak izan ziren (pentsioak barne); zehazki, prestazio horiek gastuaren % 41,1 izan ziren, eta 688 milioi euroko igoera izan zuten aurreko urtearekin alderatuta. Hurrengo, Soldatakoen ordainsaria izan zen, zeina 557 milioi handitu baitzen eta gastuaren % 25,6 izan baitzen. Hurrengo partidarik garrantzitsuena Bitarteko kontsumoarena izan zen (igoera txikia izan zuen, % 0,7koa; alegia, 2018an baino 28 milioi gehiago). Kapital-erabilerak –kapital-eraketa gordina, kapital-transferentziak (ordaindu beharrekoak) eta beste aktibo batzuen erosketa– gastuaren % 6,7 izan ziren, eta 135 milioi euroko gorakada izan zuten, aurreko urtearen aldean. Gora egin zuen garrantzi txikiagoko beste partida bat Dirulaguntzena izan zen. Dirulaguntza horiek gastuaren % 2,1 izan ziren, eta 41 milioi euroko gorakada izan zuten, 2018. urtearekin alderatuta. Aurreko urtearen aldean zenbatekoa murriztu zuen eragiketa Jabetzako errentak izan zen (nagusiki interesak), zeinak aurreko urtean baino 23 milioi gutxiago kontabilizatu baitzituen eta, 2019an, 246 milioira iritsi baitzen.
Administrazio publikoen azken gastuaren egituran, azken kontsumoko gastua (hau da, administrazioek ondasun eta zerbitzuen produkzioan egindako gastua gehi merkatu-ekoizleek produzitu dituzten eta etxeetara zuzendu diren ondasun eta zerbitzuen eskuraketa –gauzazko gizarte-transferentziak–) barne-eskari publikoaren % 89,6 izan zen 2019an (aurreko urtean baino ehuneko 0,4 puntu gutxiago). Kapital-eraketa gordina (inbertsio publikoa) 1.512 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 11,3 handiagoa, eta barne-eskari publikoaren partaidetza % 10,4ra hazi zen. Instituzionalki, inbertsioen % 96,3 euskal administrazioenak izan ziren, eta 216 milioiko igoera izan zuten gastuan –1.455 milioikoa guztira–, 2019. urtean. Bestalde, 62 milioi euro gutxiagokoa izan zen lurraldean ezarritako Estatuko administrazio osoari (Estatuari eta Gizarte Segurantzari) zegokion zenbatekoa; 2019an 57 milioi euroko zenbatekoa erregistratu zuen.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62