2021/08/02ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2021EKO EKAINA
Euskal AEko industria-jarduerak % 13,3 egin du gora 2021eko ekainean
Industria Produkzioaren Indizearen 2021eko lehen sei hiletako aldakuntza metatua % 13,9koa da
Euskal AEko industria-produkzioa 2021eko ekainean 2020ko hil berean izan zena baino % 13,3 handiagoa izan da, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek prestatutako datuen arabera. Laugarren hilez izan dira industria-produkzioan aurrerakuntza nabarmenak; % 10etik gorako hazkuntzak izan dira. 2021eko lehen sei hilen balantzearen itxieran, industria-jardueraren igoera % 13,9koa izan da.
Ekaina aurreko hilarekin alderatuta, 2021eko maiatzarekin, berriz, Euskal AEko industria-produkzioak % 1,6 egin du behera, urtaroetako ondorioak zuzendu ondoren.
Aldakuntzak urte arteko terminoetan nolakoak izan diren ulertzeko, 2020ko martxoaren 14an COVID19aren pandemiari aurre egiteko alarma-egoera dekretatu ondoko hiletan izan den industria-jardueraren gaineko inpaktua izan behar da kontuan.
2021eko ekaineko indizearen bilakaerak, 2020ko ekainaren aldean, zantzu positiboak izan ditu, industria-sektore handi guztietan. Igoera handiena Tarteko ondasunek izan dute, % 19,5 egin baitute gora; haien artean daude metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.
Kontsumo-ondasunek, oro har, % 17,0ko urte arteko gorakada izan dute, Kontsumo-ondasun iraunkorren % 39,9ko gorakadaren eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 12,0ko gorakadaren ondorioz. Kontsumo-ondasun iraunkorren epigrafean altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioaren jarduerak daude. Honako hauek dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruan sartzen diren jarduerak: elikagaien fabrikazioa, prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta arropen jantzigintza.
Bestalde, Ekipo-ondasunek % 6,1eko gorakada izan dute. Haien artean honako hauek daude: motordun ibilgailuen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza.
Azkenik, Energiak, non energia elektrikoaren produkzioa eta hornikuntza eta petrolio-fintzea sartzen baitira, % 5,9 egin du gora, urte arteko terminoetan, 2021eko ekainean.
Hil arteko aldakuntzaren zantzuak –2021eko ekaina 2021eko maiatzaren aldean– desberdinak dira industria-sektore handietan: Energiak % 3,5 egin du gora, eta Kontsumo-ondasunek, oro har, % 1,8 handitu dute produkzioa, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 3,8ko igoeraren ondorioz; izan ere, Kontsumo-ondasun iraunkorretan, % 4,8ko beherakada izan da. Ekipo-ondasunek, berriz, % 4,2 egin dute behera, eta Tarteko ondasunek, % 1,1.
Maila bereiziago batean, Euskadiko industrian pisu gehien duten sektoreen artean, 2021eko ekainean urte arteko suspertze handiena izan dutenak honako hauek izan dira: Metalurgia eta produktu metalikoak (produkzioa % 26,7 hazi da); Kautxua eta plastikoa (% 20,9 hazi da), eta Makinak eta ekipoa (% 16,8 hazi da). Urte arteko bilakaeran zeinu negatiboa izan duen sektore bakarra, berriz, Garraio-materialarena izan da, % 10,6 egin baitu behera.
Ekainean, industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan. Hala, Gipuzkoan % 18,5eko gorakada egon da; Bizkaian industria-produkzioa 2021eko ekainean 2020ko ekainean baino % 16,6 handiagoa izan da, eta, azkenik, Araban, urte arteko aldakuntza % 0,2koa izan da.
2021eko lehen bost hiletako metatuan, Gipuzkoa izan da gehien hazi dena (% 17,3), ondoren Araba (% 13,0) eta, azkenik, Bizkaia (% 11,0).
INFORMAZIO-OHARRA
Egutegiaren eraginak zuzentzeko eta serieak urtaro-eraginik gabe uzteko erabilitako ereduek COVID-19ak aztertutako aldagaien gainean izandako eragina barne hartzen dute, Europar Batasuneko Bulego Estatistikoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraikiz.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie informazio-bilketan elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei. Haiei esker, ekaineko indizea laginaren % 92,61eko estaldurarekin kalkulatu da –haren informazioa uztailean jaso da–.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62