2021/07/20ko prentsa-oharra

UNIBERTSITATEAREN ESTATISTIKA. 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko unibertsitateetako ikasle-kopuruak gora egin zuen 2019/20 ikasturtean, eta 68.000 ikasle baino gehiago izan zituzten

14.002 pertsonak amaitu zituzten unibertsitate-ikasketak 2020an, 2019an baino % 8 gehiagok, eta % 57 emakumeak izan ziren

2019/20 ikasturtean, Euskal AEn zentroak dituzten unibertsitateetako ikasle-kopuruak gora egin zuen, hirugarren urtez jarraian. Guztira, 68.237 matrikula erregistratu ziren; alegia, % 1,3ko igoera izan zen, aurreko ikasturtearekin alderatuta, Eustaten datuen arabera.

graf0018917_01_e.png

Unibertsitate publikoan unibertsitateko ikasleen % 72 izan zen, eta beheranzko joera izan du azken urteoetan, eta, 2010/11 ikasturtetik, zentro publikoak aukeratu dituzten ikasleen proportzioak ehuneko 9 puntu egin ditu behera. Graduko ikasketetan, ehunekoa bera oso antzekoa da (% 71). Masterrak egiten dituzten ikasleen ehunekoa % 62ra jaitsi da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren doktoregoen kasuan, berriz, % 87ra igo da.

Ikasketak egiteko lurraldeari dagokionez, ikasleen % 58k Bizkaiko unibertsitate-zentroetan egin dituzte ikasketak; % 29k, Gipuzkoako unibertsitateetan, eta % 13k, Arabakoetan.

Unibertsitateko ikasketak egiten dituzten emakumeen kopurua % 54ra iritsi da

Emakumeen proportzioa nabarmena izan zen graduko ikasketetan (% 55); ehuneko 10 puntuko desberdintasuna gizonen aldean. Nabarmentzekoa da adin goiztiarragoetan –18 eta 21 urte bitartean– emakumeen aldeko aldea. Adin-tarte horretan, emakumeen aldeko arraila ehuneko 12 eta 15 puntu bitartekoa izan zen.

Master ofizial eta doktorego-programetan, parekotasuna egon zen sexuetan.

graf0018917_02_e.png

Jarraitzen dute gizonezkoek nagusi izaten ingeniaritzetan

Eskaera gehien duten graduen rankinga ez da ia aldatu aurreko ikasturteekin alderatuta. Matrikulatutako ikasleen erdia hamaika titulaziotan kontzentratu zen: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza (5.633), Lehen Hezkuntza (4.137), Zuzenbidea (3.496), Psikologia (2.794), Ingeniaritza Mekanikoa (2.118), Haur Hezkuntza (2.117), Medikuntza (1.851), Gizarte Hezkuntza (1.546), Erizaintza (1.524), Industria Teknologien Ingeniaritza (1.420) eta Gizarte Lana (1.386).

graf0018917_03_e.png

Hogeita zortzi gradutan oreka izan da sexuen artean, 2018/19 ikasturtean baino lau gradu gehiagotan. Hala ere, gradu guztien % 27 baino ez dira. Haien artean, Ingurumen Ingeniaritza, Arkitektura, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Fiskalitatea eta Administrazio Publikoa eta Ingeniaritza Kimikoa izan ziren ikasleen banaketa ekitatiboena izan zutenak.

Parekotasunik izan ez zuten titulazioak zati beretan banatu ziren: emakumeen presentzia handiena izan zutenak eta gizonezkoen presentzia handiena izan zutenak.

Hori horrela, nabarmentzekoa da, beste behin ere, ikasketa maskulinizatuenak ingeniaritzaren adarrekoak izan zirela. Laurdena baino gutxiago emakumeak izan zituzten ia karrera guztiak talde horretakoak ziren. Desoreka bereziki nabarmena izan da honako ingeniaritza hauetan: Automobilgintza, Komunikazioen Elektronika, Itsas Ingeniaritza, Mekatronika eta Industria Digitalekoa; haietan, emakumeen proportzioa ez zen % 10era iritsi.

Bestalde, emakumeen presentzia handiena izan zuten titulazioak honako hauek izan ziren: Haur Hezkuntza, Pedagogia, Erizaintza, Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketa, Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Kultura Ondareen Kontserbazioa eta Zaharberritzea. Hala ere, haietako batean ere ez zen emakumeen ehunekoa % 90etik gorakoa izan.

Titulazio bikoitzek indarra hartu dute

Gradu bikoitza unibertsitate-titulazio bikoitza da; hartan, bi gradu egiten dira, aldi berean, gradu baterako behar den denbora baino luzeagoan, baina bi gradu banan-banan egiteko behar dena baino laburragoan. Euskal AEko unibertsitateak 2011/12 ikasturtean hasi ziren gradu bikoitzak eskaintzen, eta, harrezkero, aukera horren alde egiten duen ikasleen kopuruak etengabe jarraitu du gora egiten.

2019/20 ikasturtean, 2.679 ikaslek egin zuten mota horretako titulazio baten matrikula, aurreko ikasturtean baino % 11 gehiagok eta duela bost urteko kopuruaren bikoitza baino gehiagok. Matrikula-kopuru handiena duen titulazio bikoitza Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea konbinatzen dituena da.

graf0018917_04_e.png

Hasieran, gradu bikoitzak unibertsitate pribatuetan baino ez ziren eskaintzen, baina, 2014/15 ikasturtean, titulartasun publikoko zentroetan ere ematen hasi ziren. 2019/20 ikasturtean, gradu konbinatuetan matrikulatutako bost pertsonatik batek unibertsitate publiko batean egin zuen.

Gazteek ikasketa-modalitate horren gainean duten interesa Euskal Herriko Unibertsitatera sartzeko probak gainditu zituztenen artean matrikularako lehen aukera gisa aurreinskribatutako titulazioetan ere islatu zen. 2020ko probetan, 894 ikaslek gradu bikoitza aukeratu zuten, 2019an baino % 65 gehiagok.

Emakumeak 2019/20 ikasturtean unibertsitate-titulua lortu zuten pertsonen % 57 izan ziren

Ikasketak 2020an amaitu zituzten 14.002 ikasleen artean, 10.146k graduko ikasketak amaitu zituzten, 3.421ek master ofizialekoak eta 435ek doktorego-tesiak gainditu zituzten. 2019arekin alderatuta, zifra horietan % 9ko igoera egon zen graduetan eta % 6koa masterretan. Doktore-titulua eskuratu zuen pertsona-kopurua, berriz, % 5 murriztu zen.

Titulua eskuratu zuten pertsonen erdiak Gizarte eta Lege Zientzien adarra eratzen duen tituluetakoren batean zeuden matrikulatuta eta bost pertsonatik batek, gutxi gorabehera, Ingeniaritza eta Arkitekturako adarreko irakaskuntza teknikoren batean.

Matrikulatutako ikasleekin bezala, generoa erabakigarria da, halaber, tituludunen ikasketa-eremuen araberako banaketan. Ingeniaritza eta Arkitekturako eta Osasun Zientzietako adarrak izan ziren generoaren ikuspegitik berdintasun gutxien erakutsi zutenak. Lehenengoan, desoreka gizonen aldekoa izan zen; gizonen proportzioak emakumeena ehuneko 40 puntutan gainditu zuen; gizonak % 70 izan ziren eta emakumeak, % 30. Bigarrenean, berriz, kontrara gertatu zen; emakumeen presentzia gizonena baino 56 puntu handiagoa izan zen.

Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko unibertsitateetako ikasle-kopuruak gora egin zuen 2019/20 ikasturtean, eta 68.000 ikasle baino gehiago izan zituzten

Eragiketa : 
Unibertsitatearen estatistika
Eragiketa kodea : 
040603
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2012/13-2023/24
Eguneratze data : 
2021/07/20
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0018917_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali