2021/07/23ko prentsa-oharra
BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA. II/2021
Landunak 15.000 gehiago dira, eta langabezia-tasak % 10,3ra egin du behera 2021eko bigarren hiruhilekoan Euskal AEn
4.000 gehiago dira pertsona guztiak aktibo eta okupatuta dituzten familia-etxeak
Eustaten datuen arabera, lan-merkatuari buruzko 2021eko bigarren hiruhilekoko datuek adierazten dute Euskal AEn 108.600 langabetu daudela, aurreko hiruhilekoan baino 7.100 gutxiago. Bestalde, landunen kopurua 944.300ekoa da, hau da, 15.100 gehiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (+% 1,6).
Euskal AEko langabezia-tasa % 10,3koa da, 2021eko lehenengo hiruhilekoan baino ehuneko 0,8 puntu gutxiago (% 11,1). Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,3koa da 2021eko bigarren hiruhilekoan, eta ehuneko 0,3 puntu igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Lurraldez lurralde, eta aurreko hiruhilekoaren aldean, Gipuzkoan igo da gehien okupazioa, 6.900 pertsona landun gehiago baitaude; Bizkaia du atzetik, 6.100 gehiagorekin. Azkenik, Araban 2.100 landun gehiago daude. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 2.800 landun gehiago daude, Donostian 2.400 gehiago eta Gasteizen 1.600 gehiago.
Generoari dagokionez, okupazioaren igoera handiena emakumeen artean gertatu da, aurreko hiruhilekoan baino 8.200 landun gehiago baitaude. Gizon landunak 6.900 gehiago dira. Nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea duten pertsona okupatuak 13.800 gehiago izan dira, eta atzerriko nazionalitatea dutenak 1.300 gehiago.
Okupazioa jarduera-sektore guztietan hazi da
Euskal AEko biztanleria landunak gora egin du zerbitzuen sektorean (9.300 landun gehiago), industrian (4.400 gehiago), lehen sektorean, (1.300 gehiago) eta eraikuntzan, kasu honetan 300 landun gehiago daude.
Okupazio tasa, 16-64 urteko landunen ehunekoa adin horietako guztizkoarekiko kalkulatuta, ehuneko puntu bat igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 67,7an kokatu da. Tasa hori % 70,5era iristen da gizonen kasuan, eta emakumeen, kasuan, berriz, % 64,9koa da.
Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, okupazio-tasa goi-mailako ikasketak dituztenen artean igo da gehien (ehuneko +1,3 puntu), eta % 83,1ean kokatu da. Bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenen artean 1,1 puntu igo da eta % 59an kokatu da. Azkenik, lehen mailako ikasketak eta gutxiago dituztenen artean 0,2 puntu igo da, eta % 59,8an kokatu da.
Nazionalitateari dagokionez, okupazio-tasarik altuena dutenak Espainiako nazionalitatea duten pertsonak dira (% 69,6), eta atzerriko nazionalitatea dutenena % 51,7koa da (ehuneko +1,0 eta +0,9 puntu, hurrenez hurren).
Lurralde Historikoen arabera, okupazio-tasarik altuena Gipuzkoakoa da, % 69,9koa izanik, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta igoera ehuneko 1,4 puntukoa izan da; bigarren lekuan Araba dago, % 69,2rekin, eta kasu honetan igoera 1,6 puntukoa izan da; Bizkaian, okupazio-tasak ehuneko 0,6 puntu egin du gora, eta % 66an kokatu da.
2.300 gutxiago dira pertsona aktiborik ez duten familia-etxeak
Kalkulatzen da 2021eko bigarren hiruhilekoan 901.800 familia-etxe inguru daudela Euskal AEn, eta haietatik heren batek ez duela pertsona aktiborik; hamar familia-etxetatik ia seitan pertsona aktibo guztiak lanean ari dira, aurreko hiruhilekoan baino 4.000 familia gehiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familia-etxeak 35.900 dira, aurreko hiruhilekoan baino 900 familia-etxe gehiago. Pertsona aktiborik ez duten familia-etxeak 2.300 gutxiago dira.
2021eko bigarren hiruhilekoan langabezia-tasa % 10,3koa da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,8 puntu gutxiago (% 11,1)
Euskal AEn langabetuen kopurua, hau da, lan bila ari diren, bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta, gainera, lanerako prest dauden pertsonen kopurua, 108.600 da urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 7.100 gutxiago, eta jaitsiera, beraz, % 6,1ekoa izan da. Gizonezko langabeak 55.600 dira, 3.700 gutxiago (-% 6,2), eta emakumezko langabeak 3.400 gutxiago dira (-% 6,0), eta hiruhileko honetan guztira 53.000 dira.
2021eko bigarren hiruhilekoko datuek % 10,3ko langabezia-tasa erakusten dute, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,8 txikiagoa. Gizonezkoen langabezia tasa % 10,1ekoa da (-% 0,8 puntu), eta emakumezkoena ere ehuneko 0,8 jaitsi da, % 10,5era arte.
Ikasketei dagokienez, langabezia-tasaren jaitsierarik handiena gertatu da gehienez ere bigarren eta erdi mailako ikasketak dituzten pertsonen artean, hain zuzen ere, ehuneko -0,9 puntu, eta pertsona multzo horretan langabezia-tasa % 12,5ekoa da. Goi-mailako ikasketak amaituta dituzten pertsonen langabezia-tasa ehuneko 0,7 puntu jaitsi da eta % 6,6koa da. Azkenik, lehen-mailako ikasketak eta gutxiago amaitu dituztenen artean, langabezia-tasa ehuneko 0,5 puntu jaitsi da eta % 13,8an kokatu da.
Nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea dutenen artean 4.200 pertsona gutxiago daude langabezian, guztira 81.000. Atzerriko nazionalitatea dutenen artean, berriz, 2.800 gutxiago dira lanik gabe daudenak, guztira 27.700.
Lurralde historikoen arabera, Bizkaian 3.100 pertsona gutxiago daude langabezian, eta jaitsiera ehuneko 0,7 puntukoa izan da eta % 11,4an kokatu da. Gipuzkoan 28.300 pertsona daude lanik gabe, 3.000 gutxiago, eta langabezia-tasa ehuneko puntu bat jaitsi da eta % 8,2an kokatu da. Araban 1.000 pertsona gutxiago daude lanik gabe, langabezia-tasa % 11,1ekoa da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,7 gutxiago.
Hiriburuei dagokienez, langabeziak guztietan egin du behera: langabetuen kopurua Bilbon jaitsi da gehien eta 2.200 pertsona gutxiago daude lanik gabe; Donostian 600 gutxiago dira eta, azkenik, Gasteizen, 300 gutxiago.
EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2021eko maiatzean, urtaro-eraginik gabeko langabezia-tasa Europar Batasunean, bere osotasunean, % 7,3koa zen eta Espainiakoa % 15,3koa.
Azken urtean, pertsona landunen kopurua % 3 igo da, eta langabezia-tasa % 11tik % 10,3ra jaitsi da
Euskal AEko biztanleria landuna % 3 igo da 2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta langabezia-tasa ehuneko 0,7 puntu jaitsi da (% 11tik % 10,3ra). Beraz, 4.700 pertsonak utzi diote langabezian egoteari Euskal AEn, 2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Hiruhileko batez besteko afiliatuen % 98,4 lanean ari dira, LANEren irizpidearen arabera
Kalkulatzen da Euskal AEn hiruhilekoan 876.300 pertsona daudela afiliatuta batez beste, hau da, inkesta egiteko orduan, Euskal AEko biztanleak direnak eta Gizarte Segurantzako bazkide direnak. Horietatik, % 98,4 lanean ari dira, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) irizpideen arabera, BJAk darabiltzanak, eta 862.400 pertsona dira guztira.
BJAren LANE landunen % 7,6 (71.800) ez daude Gizarte Segurantzan bazkidetuak, ez daudelako Euskal AEn kokatutako enpresetan, funtzionarioen mutualitate publikoetakoak direlako edo bestelako egoera batzuetan daudelako.
Langabeen % 35 ez daude langabe gisa erregistraturik Lanbiden
Kalkulatzen da Euskal AEn 106.700 langabe daudela Lanbiden erregistraturik hiruhileko batezbestekoan, hau da, Euskal AEn bizi eta inkestaren garaian Lanbiden erregistratuta langabe-kategoriaren batean. Horietatik % 63 langabeak dira LANEren definizioaren arabera (67.300 pertsona). BJAren LANE langabeen artean, % 35 ez daude langabe gisa erregistraturik Lanbiden (38.000 pertsona), baina enplegu-eskatzaileen beste kategoria batzuetan egon daitezke.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62