2021/09/01eko prentsa-oharra
MIGRAZIO MUGIMENDUEN ESTATISTIKA. 2020
Euskal AEko migrazio-saldo positiboa 4.500 pertsonara jaitsi da 2020an, aurreko urteko 19.400etik
Pandemiaren urtean % 6,5 jaitsi dira emigrazioak, eta immigrazioak gehiago, % 32,7
Eustaten datuen arabera, 2020an migrazio-saldoa positiboa izan da, 4.512 pertsonakoa, hain zuzen ere. Horrek adierazten du migrazioek biztanleriari ekarritako pertsona kopurua azken urteotakoa baino txikiagoa izan dela. Zehazki, hauek izan ziren azken hiru urteetako migrazio-saldoak: 2017an 10.725, 2018an 14.724 eta 2019an 19.468.
2020an 35.221 immigrazio izan ziren eta 2019an 52.306; datuaren arabera, beraz, % 32,7 jaitsi ziren. Bestalde, emigrazio-kopuruak ere behera egin du 2020an aurreko urtearen aldean, nahiz eta beherakada ez den hain nabarmena: 2020an 30.709 emigrazio izan ziren, 2019an zenbatutakoak baino % 6,5 gutxiago, urte horretan 32.838 emigrazio zenbatu baitziren.
Lurraldez lurralde, Gipuzkoak 2.130 pertsona gehiago izan zituen, eta kopuru absolutuetan migrazio-saldo altuena izan zuen; Bizkaiak 1.583 pertsonako saldo positiboa izan zuen eta Arabak 799 pertsonakoa. Kopuru erlatiboetan, Bizkaian jaitsi dira gehien aurreko urtearekin alderatuta, eta migrazio-saldoa % 85,9 murritzagoa izan da. Araban jaitsiera erlatiboa % 72,1ekoa izan da eta Gipuzkoan % 60,5ekoa. Hiriburuak kontuan hartuz gero, migrazio-saldoa negatiboa da Bilbon (-1.029 pertsona) eta Gasteizen (-163 pertsona), eta Donostia da biztanleriak gora egin duen hiriburu bakarra, eta saldo positiboa 802 pertsonakoa izan da.
Euskal AEren eta gainerako autonomia-erkidegoen arteko mugimenduei dagokienez, Euskal AEk gainerako autonomia-erkidegoen erdiarekiko migrazio-saldo positiboa izan zuen. Saldo handiena ekarri zuten autonomia-erkidegoak izan ziren, hurrenkerari jarraituz, Madril (654 pertsona), Katalunia (312 pertsona) eta Andaluzia (264 pertsona).
Bestalde, 2020ko atzerriko herrialdeekiko saldoa positiboa izan zen arren (5.245 pertsona), 2019koa baino nabarmen izan zen baxuagoa (18.133).
2020an atzerriko herrialde bateko pertsonen immigrazioak 16.942 izan ziren, eta 2019koekiko beherakada % 45ekoa da, urte horretan 30.821 izan baitziren. Eta emigrazioei dagokienez, 11.697 atzerriko herrialde batera irten ziren, eta 2019an, aldiz, 12.688 irten ziren. 2020an atzerrira irtendakoak, beraz, % 7,8 gutxiago izan dira.
Euskal AEko emigrazio-tasa autonomia-erkidegoen batez bestekoa baino baxuagoa da
Kanpoko edo erkidegoz kanpoko mugikortasun geografikoak 2020an Euskal AEko 1.000 biztanletik 30i eragin die, hau da, autonomia-erkidegoetakoa baino 5 puntu txikiagoa izan da; izan ere, autonomia-erkidegoetan 1.000 biztanletik 35 mugitu ziren batez beste. Lurraldez lurralde, Araban ‰ 34,6 izan zen, Bizkaian ‰ 29 eta Gipuzkoan ‰ 29,5.
Bestalde, Euskal AEko joale gehien erakarri zuten autonomia-erkidegoak hauek izan ziren, eta hurrenkera horretan: Kantabria, Gaztela eta Leon, Nafarroa eta Galizia; izan ere, Euskal AEk -1.157 pertsonako, -632 pertsonako, -343 pertsonako eta -272 pertsonako migrazio-saldo negatiboa izan du, hurrenez hurren. Horrela lau autonomia-erkidego horiek jaso zituzten gure autonomia-erkidegoa beste batzuetara joateko utzi zuten pertsonen % 90, beti migrazio-saldoaren terminoetan. 2020an autonomia-erkidegoekiko saldo negatiboa 2.600 pertsonakoa izan da, eta 2019an 150 pertsonakoa izan zen.
Immigratzaileen % 59 eta emigratzaileen % 43 atzerritarrak
Emigratzaileen batez besteko adina, 37,3 urte, handiagoa izan zen immigratzaileena baino (33,7 urte). 21-39 urte bitarteko pertsonek immigrazioen % 50 egin zituzten, eta emigrazioen % 45.
Sexuari dagokionez, aldeak ez dira handiak: immigratzaileen % 53 gizonezkoak dira eta % 47 emakumezkoak; eta emigratzaileen kasuan zifra antzekoa da: % 54 gizonezkoak dira eta % 46 emakumezkoak.
Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen immigrazioak 20.955 izan ziren 2020an. Haietatik 6.433 beste autonomia-erkidego batzuetatik etorri ziren, batez ere Madriletik, Kataluniatik eta Andaluziatik, eta 14.522 zuzenean atzerritik. Bestalde, atzerritarren emigrazioak 13.193 izan ziren, guztien % 43, eta % 64 atzerriko herrialderen batera joan ziren. Horrela, atzerritarren saldoa positiboa izan zen: 7.762 pertsona.
Euskal AEko biztanleak etxez aldatzen direnean, % 68tan erkidegoan bertan geratzen dira
Euskal AEn ohiko bizileku aldaketak 205.575 izan ziren, eta esan daiteke, beraz, Euskal AEko biztanleriaren % 9,3k bizileku-aldaketaren bat egin zuela. Ohiko bizileku-aldaketa horietatik 139.645 autonomia-erkidegoan bertan egin dira (% 68). Eta udalerrien esparruari dagokionez, 88.891 mugimendu udalerri berean egindako bizileku-aldaketak izan ziren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62