2021/09/28ko prentsa-oharra
HEZKUNTZAREN UDAL ESTATISTIKA. 2020-01-01
2020an, Euskal AEko 16 urteko eta gehiagoko biztanleriaren % 95,6k mailaren bateko titulazio ofiziala zuen
Emakume landunen % 40k goi-mailako ikasketen titulazioa zuen; proportzio hori, gizon landunen artean, % 26koa zen
2020an, Euskal AEn bizi diren 16 urteko eta gehiagoko 1.797.673 pertsonak, % 95,6k, hezkuntzako titulu ofizialen bat zuten, Eustaten datuen arabera. Urte horretan, 16 urteko eta gehiagoko biztanleriaren banaketa, titulazio-mailen arabera, honako hau izan zen: lehen mailako ikasketak kolektibo horretako pertsonen % 31,8k amaitu dituzte (597.765 pertsona); bigarren mailakoak, % 21,9k (411.075 pertsona), eta oinarrizko eta/edo erdi-mailako lanbide-heziketan titulatutako pertsonak % 8,5 izan dira (160.239 pertsona). Azkenik, goi-mailako hezkuntza dela eta, % 22,7k unibertsitate-ikasketak amaitu dituzte (427.141 pertsona), eta % 10,7k (201.453 pertsona) goi-mailako lanbide-heziketa amaitu du.
Emakume gehiago unibertsitate-titulazioarekin eta gizon gehiago lanbide-heziketarekin
Analisian sexuaren aldagaia sartzen badugu, gizonek eta emakumeek antzeko proportzioak zituzten goi-mailako titulazioetan, unibertsitatekoa eta goi-mailako lanbide-heziketakoa barne (% 33,2 eta % 33,7, hurrenez hurren). Hala ere, gizonetan, lanbide-heziketako titulazioak (edozein mailatakoak) % 22,8 ziren; proportzio hori emakumeena baino handiagoa da (% 15,9). Gainera, emakumeetan unibertsitate-titulazioak ohikoagoak ziren (% 25,2) gizonetan baino (% 20,1). Azkenik, ez zen alderik ikusten sexuaren arabera lehen mailako titulazioen (emakumeen % 33,2 eta gizonen % 30,3) eta bigarren mailakoen (% 21,1 eta % 22,7, hurrenez hurren) proportzioetan.
Titulazio-maila jarduerarekin lotzen bada, banaketak alda daitezke biztanleria landunaren, langabearen eta inaktiboaren artean. Nabarmentzekoa da biztanleria landunen artean unibertsitate-ikasketak zituzten pertsonen proportzioa % 32,8koa zela, eta proportzio hori murriztuagoa zela langabeen artean (% 18,3). Lehen mailako titulazioa dela eta, langabeen % 29,8k lehen mailako titulazioa zuen, eta ehuneko hori txikiagoa zen, % 20,8koa, landunen artean.
Jardueraren eremua dela eta, aldeak zeuden emakume landunen eta gizon landunen artean; izan ere, emakume landunen erdiak baino gehiagok (% 52,5) goi-mailako titulazioa zuen (dela unibertsitatekoa dela lanbide-heziketakoa), eta gizonen artean, % 42,9k baino ez. Era berean, langabeen artean goi-mailako ikasketak zituzten emakumeen proportzioa handiagoa zen gizonena baino (% 32,4koa eta % 25,8koa, hurrenez hurren).
Biztanleria inaktiboaren profila aurreko bi taldeenaz bestelakoa da; izan ere, biztanleriaren % 44,9k lehen mailako ikasketak amaituta zituen; hori, beharbada, barne hartzen zituen adin-taldeen isla izango da, gazteenen eta nagusienen taldeena. Azkenik, titulurik eza sarriago gertatzen zen biztanleria inaktiboaren (% 7,3) eta langabeen artean (% 5,4), landunen artean baino % 1,8).
Lurraldeen araberako alde txikiak: Gipuzkoan lanbide-heziketako tituludunen proportzio handiagoa; lehen mailako ikasketadunak Araban, eta unibertsitate-ikasketadunak Bizkaian
Lurralde-mailaren arabera, zenbait alde antzematen dira titulazio-mailen araberako banaketetan. Zehazki, Arabak lehen mailako ikasketa-tituluak zituzten 16 urteko eta gehiagoko pertsonen proportzio handiagoa zuen (% 32,9) Bizkaiak (% 31,8) eta Gipuzkoak (% 31,2) baino. Bizkaiak, aldi berean, unibertsitate-titulazioa zuen biztanleria-kopuru handiena zuen (% 23,8), ia ehuneko hiru puntu handiagoa Arabako proportzioa baino (% 20,6) eta ia bi Gipuzkoakoa baino (% 22). Azkenik, lanbide-heziketako titulazioak oro har kontuan hartuta (oinarrizkoak eta erdi-mailakoak eta goi-mailakoak), Gipuzkoak proportzio pixka bat altuagoa zuen (% 20,4), Arabak (% 19,6) eta Bizkaiak (% 18,4) baino.
Lurraldeetako hiriburuetan, unibertsitate-ikasketak zituzten biztanle gehiago batzen ziren, zehazki Bilbon (% 27,5) eta, are gehiago, Donostian (% 31,4). Gasteizen proportzioa % 21,8koa zen.
Alde nabarmen batzuk zeuden eskualdeen artean. Unibertsitate-titulazioen kasuan, nabarmentzekoak ziren Plentzia-Mungia (% 31,6), Donostialdea (% 24,8) eta Bilbo Handia (% 24,4). Lanbide-heziketako titulazioetan, Debabarrena (% 23,1), Enkartazioak (% 22,7) eta Debagoiena (% 22,6). Azkenik, lehen mailako ikasketen titulazioetako ehuneko altuenak Arabako Mendialdean (% 43,4), Arabako Errioxan (% 43) eta Añanan (% 38,7) zeuden (guztiak Arabakoak).
Udal-mailan, Euskal AEko sei udalerritan lehen mailako ikasketak zituzten biztanleen proportzioa % 50etik gorakoa zela ikusten da, eta lehen biak Arabakoak dira: Harana (% 58,3) eta Bilar (% 57,3). Lanbide-heziketako titulazioen kasuan, lehen postuetan Galdames (% 29,9), Irura (% 28,2) eta Alkiza (% 27,7) zeuden. Bestalde, bigarren mailako titulazioetan, Bizkaiko udalerriak nagusitzen ziren: Gatika (% 30,1), Laukiz eta Plentzia, biek % 28,6. Bizkaikoak ziren, halaber, unibertsitate-mailetan proportzio handienak zituzten udalerriak: Getxo (% 41,7), Sukarrieta (% 39,7) eta Ibarrangelu (% 38), eta lehen 14 udalerriak Bizkaikoak zirela nabarmendu behar da.
Gure erkidegoko hezkuntza-mailaren azken adierazlea analfabetismoaren tasa izango litzateke. 2020an, adierazle horrek hondar-maila zuen, eta 10 urteko eta gehiagoko biztanleetan % 0,3koa baino ez zen (6.000 pertsona inguru): % 0,2koa, gizonen kasuan, eta % 0,4koa, emakumeen kasuan. Logikoa denez, adin nagusikoenetan kontzentratzen zen; horrela, 65 urtera arte % 0,1ekoa zen tasa eta, adin horretatik aurrera, % 0,8koa. 65 urteko eta gehiagoko emakumeek % 1,1eko analfabetismo-tasa zuten, eta adin-talde bereko gizonek, % 0,4koa.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62