2021/09/29ko prentsa-oharra

ETXERIK GABEKO PERTSONENTZAKO BALIABIDEEN ESTATISTIKA. 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

2020an, pandemiaren urtean, Euskal AEko etxegabeentzako zentroetan egunero arreta jaso zuen pertsona-kopurua 2018koa baino % 16,5 handiagoa izan zen

Euskal AEko etxegabeentzako zentroen gastua % 16,9 handitu zen 2020an, 2018aren aldean

2020an Euskal AEko gizarte-zerbitzuek etxegabeei emandako arreta 299 zentrok eta zerbitzuk eratzen duten sare baten bidez egin zen; sare horrek 3.471 pertsonari eman zien ostatu, batez beste, eguneko, 2018an baino % 16,5 gehiagori, Eustaten datuen arabera. Ostatu emandako pertsona horien artean, 622 egoitza-bazterketa larriagoa zuten “sabairik gabeak” ziren. Sare horri 2.752 langilek eman zioten arreta, eta gastua 65,7 milioi eurokoa izan zen, 2018an baino % 16,9 handiagoa.

graf0019069_01_e.png

Baliabide horiek, urtean, ostatu hartzeko 4.260 plaza izan zituzten, batez beste, 2018an baino 505 gehiago, eta okupazio-maila % 81,5ekoa izan zen; gainera, eguneko 2.147 plaza izan zituzten, eta okupazio-maila % 87,2koa izan zen. Jateko zerbitzuaren eremuan, batez beste 5.581 zerbitzu eman ziren, egunean, gosari, bazkari eta afarietarako.

Hala, pandemiaren ondorioz ikusten da nahiz eta normalean baliabide- eta erabiltzaile-kopurua neguan udaberrian baino handiagoa izaten den, oraingoan kontrakoa gertatzen dela: 2020ko udaberrian bizi izandako erabateko konfinamendu-aldian zerbitzu horien eskaintza eta eskaria nabarmen handitu zen.

Konfinamenduan etxegabeei ostatu emateko 20 zentro gaitu ziren, eta, guztira, 913 ostatu-plaza; okupazioa % 90,6koa izan zen, eta jateko 2.484 zerbitzu eman ziren, batez beste, egunero. Jantoki sozialen kasuan, pertsonen arteko segurtasun-distantzia gordetzeko baldintzak ezarri ziren; beraz, eskatzen ziren zerbitzuak eman ahal izateko, bikoiztu egin ziren gosari, bazkari eta afarietarako txandak.

COVID-19rako zentro berezi horietan 303 pertsonak lan egin zuten, eta, pertsonal horretatik, % 56,8 emakumea izan zen. Ia 4 milioi euroko gastua bideratu zen; finantzaketa ia osorik etorri zen tokiko erakunde publikoetatik (udalak eta aldundiak).

Euskal AEn Estatuko ostatu-plazen % 20,7 eskaini zen

Euskal AEn etxegabeei arreta emateko sarean bi ezaugarri dira nabarmen: Euskal AEko zentroen tamaina txikiagoa eta haietan arreta ematen duten giza ekipoen profesionalizazio handiagoa, kontuan hartuta Euskadin % 69,1 soldatako langileak direla, eta % 23,3, boluntarioak; Estatuan, berriz, zifra horiek bestelakoak dira, % 48,5 eta % 44,5, hurrenez hurren.

Baliabide horien erabilera dela eta, Euskal AEn ostatua duten zentroetan, egunean, batez beste, 3.471 etxegabek lo egin zuten, eta Estatuan, 17.772k; alegia, Estatuko kopuru osoaren % 19,5.

Baliabide gehienak hiriburuetan daude

Etxegabeak hiri handietan biltzen dira; hori deta eta, baliabideak ere, nagusiki, Euskal AEko hiru hiriburuetan bildu ziren. Vitoria-Gasteizen, Arabako ostatu-plazen % 95,3 eta jateko eta eguneko zentroetako plazen % 100 izan ziren. Bilbon, Bizkaiko ostatu-plazen % 75,4 kontzentratu ziren, jateko plazen % 76,1 eta eguneko zentroetako plazen % 71,1. Gipuzkoak izan zuen, bestalde, lurralde-eredu deszentralizatuena; izan ere, Donostiak Gipuzkoako ostatu-plazen % 42,2 eskaini zituen, jateko zerbitzuaren % 33,7 eta eguneko zentroetako plazen % 44,5.

Zentroen % 47,2k Interneteko sarbidea eskaini zuten

Euskal AEko zentroen sare orokorrean, etxegabeen bizi-kalitatea hobetzeko prestazioak eskaini ziren. Erkidego osoko 299 zentroetatik, % 79,9k “informazio- eta harrera-”zerbitzua eman zuten; % 70,6k, “orientaziokoa eta bideratzekoa”; % 61,2k, “laguntzakoa”; % 43,1ek, “lanbide-orientaziokoa” eta “zerbitzu pertsonaletakoa”, besteak beste garbitasuna (% 54,2), garbitegia (% 50,5) eta arropategia (% 25,8). Osasun-arretak eta arreta psikologiko eta juridikoak direla eta, zentroen % 24,4, % 36,8 eta % 32,4an eman ziren. Gainera, zentroen % 47,2k Interneteko sarbidea eskaini zuten.

Egoera berezietarako zentroen % 33,3k etorkinei ematen diete arreta

Etxegabeei arreta emateko zentroen % 56,8 egoera berezi zehatzik gabeko pertsonei zeuden bideratuta; larrialdi-beharretara egokitzen diren baliabideak dira. Egoera berezien eraginpean dauden pertsonei arreta ematen dietenen artean, immigraziorako zentroak nabarmentzen dira (% 33,3), bai eta mendekotasunak –alkohola eta drogak– dituztenei zuzendutakoak (% 31) eta genero-indarkeriaren edo salerosketaren biktima diren emakumeei zuzendutakoak (% 30,2) ere.

Arreta jaso zuen biztanleriaren sexua dela eta, zentro gehienak bi sexuetako pertsonei zuzendu zitzaizkien (% 72,2), baina aldeak daude lurralde historikoen arabera; izan ere, Gipuzkoak izan zuen zentro mistoen ehuneko handiena (% 87,7), Arabaren (% 65) eta Bizkaiaren (% 62,1) aldean.

Euskadin arreta jaso zuten pertsonen erdia baino gehiago (% 57,8) atzerritarra izan zen, eta lurraldeen araberako banaketa antzekoa izan zen: 58,5% Arabakoak, 58,3% Bizkaikoak eta 56,8% Gipuzkoakoak.

Gastu arrunta 65,7 milioi eurokoa izan zen

Euskal AEko gizarte-zerbitzuen sarean etxegabeei emandako arretak 65,7 milioi euroko gastu arrunta eragin zuen 2020an, 2018an baino % 16,9 handiagoa. Gastu horren zati handiena (% 83,5) ostatu ematen zuten zentroetara bideratu zen; haietan, 54,9 milioi euro gastatu ziren, alegia, urtean, batez beste, arreta jasotako pertsona bakoitzeko, 17.595 euroko gastua egin zen.

Administrazio publikoek –nagusiki aldundiak eta udalak– gastu horien % 91,2 finantzatu zuten. Gainerako % 8,8a erakundeen beren baliabideen (% 4,7), erakunde pribatuenen (% 2,2), partikularren dohaintzen (% 1,4) eta enpresenen (% 0,5) bidez finantzatu zen. Finantzaketa-eredua antzekoa izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan: % 88,9 eta % 91,6, hurrenez hurren, finantza publikoa; Araban finantza publikoaren ehunekoa handiagoa izan zen, % 97,4koa.

Zentroen sarean arreta ematen duten langileen % 67,7 emakumeak izan ziren

2020an, baliabide horietan 2.752 pertsonak lan egin zuten, 2018an baino % 6,5 gehiagok. Soldatako langile-kopuruak % 35,1 egin zuen gora, 2018aren aldean, eta pertsonal boluntarioaren kopuruak herena egin zuen behera (–% 33,1). Sektore horretan, enplegua, nagusiki, emakumeena da; emakumeen presentzia handiagoa da soldatako pertsonalean (% 71,1) boluntario-lanetan baino (% 56,9).

”Sabairik gabeko” 622 pertsonak aterpetxe eta exijentzia txikiko zentroetan lo egin zuten

Abenduan ostatua ematen duten zentroetan lo egin zuten 3.118 pertsonetatik, batez beste 622 “sabairik gabeak” izan ziren, eta Euskadin gaitutako 45 aterpetxe eta exijentzia txikiko zentroetan lo egin zuten; haietatik, 89 emakumeak izan ziren. Bestalde, etxebizitzarik gabeko 2.496 pertsona, batez beste, sareko zentro eta pisuetan izan zen bizitzen; zifra horretatik, 862 emakumeak izan ziren.

graf0019069_02_e.png

Ohar metodologikoa: Estatistika honen ondorioetarako, etxegabetzat jotzen da erreferentzia-aldian eskuarki onartutako giza bizigarritasun-irizpideak betetzen dituen ostatu baterako sarbiderik ez duen 18 urtetik gorako pertsona, ostatua legez bere jabetzakoa izan edo alokatua izan, edo doan okupatua izan (sektore publikoak edo gobernuz kanpoko erakundeek eta enplegu-emaileek emandakoak barne). Besteak beste, adikzioak dituzten pertsonak, migratzaileak eta nazioarteko babes-eskaera egina dutenak, dagoeneko tutoretzarik ez duten gazteak eta beren segurtasuna bermatzeko ohiko etxebizitzatik irten behar diren genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

Eragiketa estatistiko hau Eustatek egin du, Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) elkarlanean, Euskal AEn.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2020an, pandemiaren urtean, Euskal AEko etxegabeentzako zentroetan egunero arreta jaso zuen pertsona-kopurua 2018koa baino % 16,5 handiagoa izan zen

Eragiketa : 
Etxerik gabeko pertsonentzako baliabideen estatistika
Eragiketa kodea : 
061006
Periodikotasuna : 
Bi urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2021/09/29
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0019069_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali