2021/09/17ko prentsa-oharra
HIRUHILEROKO KONTUAK. II/2021
Euskal AEko BPGd-aren suspertzea % 18,6 areagotu da 2021eko bigarren hiruhilekoan, eta enplegua, % 16,6, urte arteko terminoetan
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, BPGd-aren hazkuntza % 2,2koa da eta 19.000 enplegu garbi sortu dira
Euskal AEko barne-produktu gordina (BPGd) % 18,6 hazi da 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustaten datuen arabera. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, igoera % 2koa izan da. Euskal ekonomiaren suspertzea, hala, finkatu egin da, 2020ko bigarren hiruhilekoan sekula jasan izan ez den beherakada jasan ondoren; ondoz ondoko lau hiruhileko daramatza aurrerapenekin BPGd-an, hiruhilekoen arteko terminoetan.
Enpleguak ere, dedikazio osoen baliokide diren lanpostuen terminoetan neurtuta, etengabe suspertzen doala erakusten du. 2020ko bigarren hiruhilekoa dela eta –COVID-19ari aurre egiteko murrizketak izan ditu bereizgarri–, aurrerapena % 16,6koa izan dela kalkulatzen da. Aurreko hiruhilekoaren aldean, lanpostu-kopuruaren igoera % 2,1ekoa izan da.
Estimazio horiek –haietan hura prestatzeko unean eskuragarri zegoen informazio ekonomiko koiunturala sartu da– eta 2019. eta 2020. urteetarako urteko agregatuen estimazio berriek hobetu egiten dituzte, pixka bat, 2021eko uztailaren 19ko Eustaten Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenean BPGd-rako eskuratutakoak: hamarren batean urte arteko aldakuntza eta bitan, hiruhilekoen artekoa. Enpleguaren estimazioa, berriz, ez da aldatu.
Euskal AEko BPGd-aren bigarren hiruhilekoan estimatutako urte arteko hazkuntza Espainiako ekonomiarako estimatutakoaren azpitik dago, zeina % 19,8 igo baita. Hazkuntzak neurrizkoagoak izan dira Eurogunean (% 14,3), Europar Batasunean (% 13,8) eta Ameriketako Estatu Batuetan (bigarren hiruhilekoz lortu du BPGd-aren % 12,2ko urte arteko hazkuntza estimatua). BPGd-aren atzeraldiak 2020ko bigarren hiruhilekoan Espainiako ekonomien kasuan –% 21,6koak izan ziren; Euskal AEkoan, –% 19,9koak; Eurogunekoan, –% 14,5ekoak; Europar Batasunekoan, oro har, –% 13,7, eta Estatu Batuetakoan, –% 9,1.
Eskaintzaren ikuspuntutik, balio erantsiaren suspertzea esanguratsua izan da urte arteko terminoetan sektore guztietan (2021eko bigarren hiruhilekoa 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean).
Lehen mailako sektoreak termino errealetan izan duen balio erantsiaren gorakada % 7,8koa izan da, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean; hiruhilekoen arteko aurrerapena % 10,8koa izan da.
Industriaren sektorean balio erantsiak % 30,2 egin du gora, eta manufaktura-industriak % 33,1eko igoera izan du. Gorakada horiek, termino absolutuetan, 2020ko bigarren hiruhilekoan Industrian eta Manufaktura-industrian antzemandako % 26,2ko eta % 27,3ko urte arteko jaitsierak –hurrenez hurren– gainditzen dituzte. 2021eko lehen hiruhilekoa dela eta, bestalde, Industriak % 0,9 egin du aurrera, eta manufaktura-industriak, % 1,9.
Eraikuntzaren sektoreak ere urte arteko aurrerapen esanguratsua izan du; 2021eko bigarren hiruhilekoan balio erantsiaren hazkuntza % 11,5ekoa izan da (jaitsiera % 16,7koa izan zen, 2020ko hiruhileko berean). Urte arteko hazkuntza horrek balio erantsiaren % 2,9ko beherakada dakar, aurreko hiruhilekoaren aldean.
Zerbitzuen sektorearen jarduera globala, urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berean izandakoa baino % 15,5 handiagoa izan da; % 2,1 suspertu da, urteko lehen hiruhilekoaren aldean. 2020ko bigarren hiruhilekoan Zerbitzuetan estimatutako atzeraldia hiruhileko honetan estimatutako suspertzea baino handiagoa izan zen, % 17,8koa aurreko urteko aldi beraren aldean.
Zerbitzuen sektorean jardueraren berraktibatzeak zenbait intentsitate izan ditu. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrak balio erantsiaren % 26,1eko igoera izan du aurreko urteko bigarren hiruhilekoaren aldean; alegia, aurreko hiruhilekoaren aldean, % 9,3 hazi da. Hazkuntza hori 2020. urteko bigarren hiruhilekoan erregistratu zen beherakadatik hurbil dago; orduan, % 26,9koa izan zen.
Gainerako zerbitzuen adarrak ere –higiezinen eta profesionalen jarduerak, zientifikoak eta teknikoak, finantzarioak eta aseguruetakoak– suspertze esanguratsua izan du (% 17,3ko hazkuntza), aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, aurreko hiruhilekoaren aldean izandako % 1,9ko atzeraldia gorabehera. Adar horren uzkurdura % 21,9koa izan zen 2020ko bigarren hiruhilekoan.
Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarra izan da egonkorrena azken urtean. Aurreko hiruhilekoaren aldean % 1,5 aurrera egin ondoren, pixka bat areagotu da haren balio erantsiaren etengabeko hazkuntza; hiruhileko honetan, urte arteko hazkuntza-tasa % 3,1ekoa izan da.
Sektoreko agregatu guztien urte arteko portaera positiboaren ondorioz, Euskal AEko Balio erantsiak % 18,4 egin du aurrera, urte arteko terminoetan, eta % 1,6, hiruhilekoen arteko terminoetan.
Eskariaren aldetik, aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta izan den suspertzea ere handia izan da makromagnitude guztietan, Administrazio publikoen amaierako kontsumoaren gastuan izan ezik, zeinak portaera positibo neurritsuagoa izan baitu.
Etxeetako amaierako kontsumoaren gastuak eta EZIAGEk (kontsumo pribatua) urte arteko % 22,6ko hazkuntza izan dute. Bilakaera positibo hori lortu da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta % 7,1eko suspertzea ikusi ondoren.
Administrazio publikoen amaierako kontsumoaren gastuak (kontsumo publikoa) ere portaera positibo esanguratsua izan du, urte arteko terminoetan, baina neurritsuagoa gainerako makromagnitudeetan baino, zeina % 5,2koa baita, hiruhilekoen arteko % 3,0ko hazkuntzaren ondoren.
Kontsumo publikoaren eta pribatuaren baterako bilakaerak Amaierako kontsumoaren gastuaren % 18,1eko urte arteko hazkuntza zehazten du, zeinak, urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, % 6,1eko hazkuntza baitakar. 2020ko bigarren hiruhilekoan Kontsumoan estimatutako beherakada % 16,8koa izan zen.
Kapital-eraketa gordinean (Inbertsioa), urte arteko suspertzea % 21,4koa izan da, aurreko urteko hiruhileko berean estimatutako urte arteko atzeraldia (% 23,2) baino pixka bat baxuagoa. Inbertsioa, oro har, urteko lehen hiruhilekoan baino % 1,7 baxuagoa izan da.
Ekipo-ondasunen inbertsioak % 41,3ko gorakada izan du, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean; alegia, hiruhilekoen artean % 1,6ko suspertzea egon da. Gainerako kapital-eraketa gordinean, zeina eraikuntzaren bilakaerari lotuago baitago, urte arteko hazkuntza % 11,2koa izan da, urteko lehen hiruhilekoan baino % 3,7 handiagoa.
Barne-eskariak, zeina Amaierako kontsumoaren gastuak eta Kapital-eraketa gordinak eratzen baitute, oro har, urte arteko % 18,9ko aurrerapena izan du (jaitsiera % 18,3koa izan zen, 2020ko bigarren hiruhilekoan). Hazkuntza hori BPGd osorako estimatutakoaren (% 18,6) gainetik dago; beraz, Kanpo-sektorearen ekarpena negatiboa izan da urteko bigarren hiruhileko honetan Euskal AEn, nahiz eta urte arteko terminoetan intentsitate handiagoz egin duten gora ondasun eta zerbitzuen Esportazioek Inportazioek baino (lehenak, % 30,1; bigarrenak, % 29,8).
Enplegua, Dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, % 16,6 suspertu da 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta; orduan, urte arteko terminoetan, % 16,8 egin zuen behera. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, enpleguko aurrerapena % 2,1ekoa izan da (dedikazio osoarekin baliokideak diren beste 19.000 lanpostu inguru gehiago).
Hori horrela, gogorarazi behar da lanpostuaren definizioak, Kontuen Sistema Europarraren (KSE) arabera, bere zenbaketan aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin –bermearekin edo berriro lanean hasteko datari buruzko akordioarekin, esaterako ABEEEen kasuak– lotura formala duten pertsonak uzten dituela kanpoan.
Lehen sektoreak enpleguaren bilakaera positiboa izan du, zeinak % 4,1 egin baitu gora, 2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, kontuan hartuta hiruhilekoen arteko terminoetan % 3,8ko igoera izan duela. Industrian, lanpostuen urte arteko hazkuntza % 15,6koa izan da, baina aurreko hiruhileko zifra baino % 0,3 baxuagoa izan da. Eraikuntzan, enpleguaren bilakaera ere positiboa izan da, bai urte arteko terminoetan (% 17,8ko igoera) bai hiruhilekoen arteko terminoetan (% 7,1eko igoera). Azkenik, Zerbitzuen sektorean, dedikazio osoarekin baliokideak diren lanpostuen kopuruak % 17,0 egin du gora urte arteko terminoetan; hiruhilekoen artean, % 2,3 egin du gora.
Lurralde Historikoetako BPGd-aren bilakaera dela eta, 2021eko bigarren hiruhileko honetan, Arabak urte arteko % 20,9ko hazkuntza izan du; Gipuzkoak, % 19,0koa, eta Bizkaiak, % 17,7koa. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, Gipuzkoa da portaera onena izan duena, hiruhilekoen artean % 2,4ko aurrerapena izan baitu; ondoren, Bizkaia, % 2,2koa izan baitu, eta, azkenik, Araba, hiruhilekoen arteko % 1,8ko aurrerapena izan baitu.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf.: 945 01 75 62