2021/09/22ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. Hotelak. 2021eko abuztua
Euskal AEko hoteletan aurreko urtean baino % 75,7 ostatu-gau gehiago izan dira, eta % 64,9 sarrera gehiago
2019ko abuztuko sarreren, ostatu-gauen eta eguneko batez besteko tarifen mailak gainditu dira
Euskal AEko hotel-establezimenduetan 2021eko abuztuan erregistratu diren sarrerek eta ostatu-gauek gora egin dute, eta 357.683 eta 780.730 izan dira, hurrenez hurren, Eustaten datuen arabera. Ostalaritzaren sektorearen suspertzea, 2020ko abuztuarekin alderatuta, % 64,9koa izan da sarreren kasuan, eta % 75,7koa, ostatu-gauen kasuan. Are gehiago, 2019ko abuztuaren aldean, gainditu egin dira pixka bat zifrak, bai sarreretan (648 sarrera gehiago) bai ostatu-gauetan (+461), Euskal AE osoan; horrek erakusten du sektorea suspertzen ari dela.
Aurreko hilarekin alderatuta, 2021eko uztailarekin, sarrera-kopuruak % 22,4 egin du gora, eta ostatu-gauenak, % 37,3.
Araban, 49.516 sarrera eta 98.125 ostatu-gau erregistratu dira abuztuan; alegia, aurreko urteko hil berean baino % 72,2 eta % 84,8 gehiago, hurrenez hurren. Bizkaian, 2021eko abuztuan izan den sarrera-kopurua % 93,1ekoa izan da, eta, ostatu-gauen kasuan, % 106,0koa; guztira, 159.937 eta 353.108 izan dira, hurrenez hurren. Azkenik, Gipuzkoan, 2021eko abuztuan, 148.230 sarrera eta 329.497 ostatu-gau izan dira; urte arteko igoera % 40,6koa izan da sarreretan eta % 49,9koa, ostatu-gauetan.
2019arekin alderatuta, gainditu egin dira sarrera eta ostatu-gauen kopuruak bai Araban bai Gipuzkoan; ez, baina, Bizkaian. Araban, 2019ko abuztuan baino 101 sarrera gehiago egon dira, eta 399 ostatu-gau gehiago. Gipuzkoan ere pandemiaren aurreko zifrak gainditu dira; 13.243 sarrera gehiago eta 11.521 ostatu-gau gehiago aurtengo abuztuan 2019koan baino. Bizkaian, berriz, ez da lortu aurretiko zifretara iristea; 2019ko abuztuan baino 12.696 sarrera gutxiago eta 11.459 ostatu-gau gutxiago erregistratu dira.
Atzerritarren sarrerak 2021eko abuztuan sarrera guztien % 31,2 izan dira; beraz, % 68,8k Estatuan izan dute jatorria. Ostatu-gauen kasuan, antzera, atzerritarrak % 27,0 izan dira, eta Estatuko jatorria dutenenak, % 73,0. Atzerritarren sarrerek eta ostatu-gauek gora egin dute aurreko urteko hil berarekin alderatuta (% 58,8 eta % 64,3, hurrenez hurren), baina ez 2019ko ereduari eusteko behar beste; izan ere, orduan, turista atzerritarren sarrerak % 47,9 izan ziren. Suspertzea, beraz, Estatuko jatorria duten turisten hazkuntzan oinarritu da: 2019ko abuztuan baino % 32 gehiago.
Aldeak ikusten dira lurralde historikoen artean. Bizkaian, atzerritarretan izan den hazkuntza, 2020arekin alderatuta, % 111,0koa izan da sarreretan, eta % 118,7koa, ostatu-gauetan. Araban, urte arteko hazkuntza atzerritarren sarrera eta ostatu-gauen kopuruan % 59,2koa eta % 59,1ekoa izan da, hurrenez hurren. Azkenik, Gipuzkoan, 2020ko abuztuarekin alderatuta izan diren hazkuntzak ez dira hain nabariak izan; % 29,7koa, atzerritarren sarreren kasuan, eta % 35,4koa, ostatu-gauen kasuan.
Euskal AEko hoteletako batez besteko egonaldia, abuztuan, 2,18 egunekoa izan da, 2020ko abuztukoa baino pixka bat luzeagoa, orduan 2,05 egunekoa izan baitzen, eta 2019ko abuztukoaren ia berdina (2,19 egun). Estatuko jatorria duten pertsonen batez besteko egonaldia 2,32 egunekoa izan da 2021eko abuztuan, eta, 2020ko hil berean, 2,15 egunekoa izan zen. Eta, atzerritarren kasuan, urte arteko erkaketa eginez gero ikusten da 1,89 egunekoa eta 1,83 egunekoa izan zela, hurrenez hurren.
2021eko abuztuan jarduera izan duten ostalaritza-establezimenduetako okupazio-mailak aurreko urtekoak baino handiagoak izan dira, bai plazei dagokienez bai eskainitako logelei dagokienez. Igoera ehuneko 27,2 puntukoa izan da plazen araberako okupazio-mailan (% 77koa) eta 27,3 puntukoa logelen araberako okupazio-mailan (% 82,6). Bi kasuetan, 2019ko abuztuko zifretatik hurbil (% 79,6 eta % 84,9, hurrenez hurren), baina, oraindik, pixka bat beherago.
Plazen araberako okupazio-maila % 82,5ekoa izan da Gipuzkoan; % 75,2koa Bizkaian, eta % 67,9koa Araban. Logelen araberako okupazioa, antzera, % 86,6 igo da Gipuzkoan, % 80 Bizkaian eta, azkenik, % 79,3 Araban.
Abuztuan plazen araberako okupazio-maila handiena izan duen hiriburua Donostia izan da (% 87), ondoren Bilbo (% 77,3) eta, azkenik, Vitoria-Gasteiz (% 66,2). Logelen araberako okupazio-mailaren bilakaera ere handiagoa izan da Donostian (% 89,5), Vitoria-Gasteizen (% 80,2) eta Bilbon (% 79,7) baino.
Sektorearen errentagarritasun-adierazleek goranzko joerari eusten diote. ADRa (eguneko batez besteko tarifa) 123,29 eurokoa izan da abuztuan, aurreko urteko abuztuan baino % 34,1 handiagoa eta, halaber, 2019ko abuztukoa baino handiagoa (117,6 euro). ADRaren igoera orokortua izan da lurralde-historikoetan: Gipuzkoan, 157,89 eurokoa (190,42 euro Donostian); Araban, 98,57 eurokoa (85,28 euro Vitoria-Gasteizen), eta, Bizkaian, 98,41 eurokoa (101,98 euro Bilbon).
Okupazio eta tarifa handiagoa egon denez, RevPar-ek (eskuragarri dagoen gelaren araberako diru-sarrera) % 100,3ko urte arteko igoera izan du; 2020ko abuztuan 50,80 eurokoa zen Euskal AE osorako eta, 2021eko abuztuan, 101,77 eurokoa.
Aurreko hilarekin alderatuta, 2021eko uztailarekin, ADRak % 17,6 egin du gora, eta RevPar-ek, % 52,9.
Hileko egun guztietan itxita egon diren hotel-establezimenduen ehunekoaren bilakaerak COVID19ari aurre egiteko hartutako neurri murriztaileek hotelen sektorean izan duen inpaktua ahultzen doala utzi du agerian. 2021eko abuztuan, Euskal AEko hotel-establezimenduen % 10,3 itxita egon da hileko egun guztietan, eta 2020ko abuztuan, % 14,2 egon ziren itxita. 2021eko uztailean ere ehunekoa 10,3koa izan zen.
Lurralde historikoaren arabera, Araban hotel-establezimenduen % 13,3 itxita egon da 2021eko abuztuan; Bizkaian, % 10,0, eta, Gipuzkoan, % 9,1.
Informazio-oharra: Hotelen ETHIren estaldura % 86,3koa izan da abuztuan. Eustatek eskerrak ematen dizkie inkesta honetan parte hartu duten establezimendu guztiei.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62