2021/09/13ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. 2021/I
Jaiotzak % 12,5 jaitsi ziren 2021eko lehen hiruhilekoan EAEn
Hilabeteka, nabarmentzekoa da urtarrileko beherakada, % 18,1ekoa, hain zuzen
2021eko lehen hiruhilekoan, 3.298 jaiotza izan ziren EAEn, hau da, % 12,5 gutxiago aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, Eustatek landutako datuen arabera. Jaiotzen kopuruak behera egin du hiru lurraldeetan: Bizkaian % 14,7, Gipuzkoan % 11,6 eta Araban % 7,7. Zehazki, Bizkaian 1.612 haur jaio ziren, 1.133 Gipuzkoan eta 553 Araban.
Hilabeteka, 2020arekin alderatuta, jaitsiera bereziki nabarmena izan zen urtarrilean (% 18,1), % 13,7koa otsailean eta % 6koa martxoan.
Amaren adinaren arabera, 30-34 urteko amen taldea dago buruan, jaiotzen % 36,5ekin. Jarraian, 35-39 urteko taldea dago (% 34,7), eta ondoren 25-29 urteko taldea ere. Hala ere, azken talde horrek % 13,2ko ekarpena besterik ez du egiten.
2020ko hiruhileko berarekin alderatuta, 40 urterekin edo gehiagorekin ama izan diren emakumeen kopuruak behera egin du: 2020an 406 ziren, eta 2021ean 323. Emakume horiek sortutako jaiotzak guztizkoaren % 9,8 izan dira (% 10,8 2020an), 25 urtetik beherako amenak baino % 5,9 gehiago. Ama ezkongabeen amatasun-adina amen osotasunarena baino txikiagoa da, eta nabarmentzekoa da haien % 9,1 25 urtetik beherakoak zirela.
Ezkontzatik kanpoko jaiotzak guztizkoaren % 48,9 izan ziren, 2020ko lehen hiruhilekoan (% 44,7) baino gehiago. Bizkaiak eta Arabak EAEk baino balio altuagoak dituzte (% 52,8 eta % 49,9, hurrenez hurren); Gipuzkoan, berriz, ehuneko hori txikiagoa da (% 42,9).
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2021eko lehen hiruhilekoan jaiotzen % 48,5 (1.599 haur) lehenjaioenak izan dira, 1.291 (% 39,1) beste jaiotza bat izan duten familiei dagozkie, eta % 12,4ra hurrenkeran hirugarrenak edo ondorengoak diren jaiotzei (2020ko hiruhileko berean baino 0,8 puntu azpitik).
Atzerriko nazionalitatea duten amen ehunekoak behera egin du
Euskal Autonomia Erkidegoan 2021eko lehen hiru hilabeteetan izandako jaiotzen % 25,7tan, amak atzerriko nazionalitatea zuen (2020ko hiruhileko berean baino ehuneko 3,1 puntu azpitik). Kolektibo horretako amen kopurua % 22 jaitsi zen bi aldien artean, eta Espainiako nazionalitatea dutenen artean, berriz, % 8,6. Araban, atzerriko nazionalitatea duten amen proportzioa % 30,6koa izan zen, Bizkaian % 25,3koa eta Gipuzkoan % 23,7koa.
Herrialde amerikarretako nazionalitatea duten amen jaiotzek dute pisu handiena atzerriko amen artean, baina haien kopurua, 380 jaiotza, % 25,8 jaitsi da 2020ko lehen hiruhilekoaren eta 2021ekoaren artean. Pisu handiena duen bigarren taldea Afrikako herrialdeetako nazionalitateak dituzten amena da (252 jaiotza). Talde horrek % 18,4 behera egin du bi aldien artean.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62