2021/11/15eko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. 2021/II
2021eko 2. hiruhilekoan, jaiotzak % 2,9 jaitsi dira Euskal AEn, eta beheranzko joera moteldu da
Ezkongabeko amen haurrak % 47,9 izan ziren
2021eko bigarren hiruhilekoan, Euskal AEn 3.523 haur jaio ziren, iazko aldi berean baino % 2,9 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Jaiotzen beherakada hori aurtengo lehen hiruhilekoan izandakoa baino askoz txikiagoa da, % 12,5ekoa izan baitzen. Jaitsiera hiru lurraldeetan gertatu da, baina nabarmenagoa izan da Araban (-% 5,6) Gipuzkoan (-% 2,7) eta Bizkaian (-% 2) baino; zifra absolutuetan, Bizkaian 1.737 haur jaio ziren, 1.209 Gipuzkoan eta 577 Araban.
2021eko apirilean, maiatzean eta ekainean, ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren % 47,9 izan ziren, 2020ko hiruhileko berean izandako % 46,9 baino gehiago. Bizkaia, % 50ekin, izan zen Euskal AEko batezbestekoa baino balio handiagoak izan zituen lurralde bakarra; Araban eta Gipuzkoan portzentajeak txikiagoak izan ziren, % 47,5 eta % 44,9, hurrenez hurren.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, ia erdiak (1.709) lehen seme-alabak izan ziren 2021eko bigarren hiruhilekoan; 1.349 haur (% 38,3) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi ziren, eta % 13,2koa izan zen hirugarren edo ondorengo ordenako jaiotzen ehunekoa.
40 urtetik gorako amen ehunekoa % 10 baino handiagoa da
Jaiotzak adinaren arabera banatuz gero, 30-39 urte bitarteko amek jarraitu zuten nagusi izaten, horien artean erditzeen % 70,6 gertatu baitziren. Aurrekoaren oso azpitik zeuden 25 eta 29 urte bitartekoak (% 12,3) eta 25 urtetik beherakoak (% 6,2), eta 40 urtetik gorako amak % 10,9 izan ziren.
Ama ezkongabeen amatasun-adina (amen % 45,50) ama guztiena baino zertxobait txikiagoa izan zen; izan ere, ama ezkongabeen % 9,9k 25 urte baino gutxiago zituen, eta % 14,9k 25 eta 29 urte bitartean. 40 urtetik gorako ama ezkongabeen ehunekoa % 10,7 izan zen.
Behera egin du atzerriko nazionalitatea duten amen kopuruak
2021eko udaberriko hilabeteetan Euskal AEn izandako jaiotzen % 26tan, amek atzerriko nazionalitatea zuten. 2020ko aldi berean, ehuneko hori % 27,6koa izan zen. Lurraldeka, Araban % 36,4 izan zen, Gipuzkoan % 24,2 eta Bizkaian % 23,8.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62