2021/11/12ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2021
Donostia da enpresetan merkataritza elektronikoa gehien erabiltzen duen Euskal AEko hiriburua, eta haren atzetik datoz Bilbo eta Gasteiz
Enpresen erdiek euskarazko web-orria dute
Eustaten datuen arabera, 10 langile edo gehiagoko enpresen % 38,7k egiten dute merkataritza elektronikoa Donostian, % 36,7k Bilbon eta % 33,1ek Gasteizen 2020an.
Gasteizen eta Bilbon, aurtengo datuak eskuragarri dagoen serie historikoaren maximoa dira; Donostia, berriz, 2019tik apur bat behera egin duen arren, hiruren ehunekorik handiena lortu duen hiriburua da. 2015. urtearekin alderatuta, portzentaje horiek ehuneko 7,6 puntuko igoera dakarte Gasteizen, 3,6 puntukoa Bilbon eta 4,5 puntukoa Donostian.
Merkataritza elektronikoari buruzko datuak 2020ko ekitaldiari buruzkoak dira, eta gainerako adierazleak, berriz, 2021ekoak.
Euskal AEn 10 langile edo gehiago dituzten enpresen % 33,5ek merkataritza elektronikoaren bidez egin zituzten erosketak edo salmentak. Eskualdeei dagokienez, ehuneko horiek doaz Añanako % 15,4tik, Araban, Arratia-Nerbioiko % 46,1era, Bizkaian. Aipatzekoak dira, halaber, merkataritza elektronikoari dagokionez, Arabako Gorbeialdea eta Gipuzkoako Donostialdea eskualdeak: % 44,9 eta % 37,0, hurrenez hurren.
IKT –Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak- ekipamenduetan, 10 langile edo gehiagoko Euskal AEko enpresek ezarpen-maila handia dute. Hori da Interneteko konexioaren kasua, Euskal AEko eskualdeetan eta hiru hiriburuetan ehunekoak % 100etik oso hurbil baitaude, eta Euskal AEn, batez beste, % 99,3 dira (2015ean baino 1,5 puntu gehiago). Gainera, eskualdeen arteko aldeak oso txikiak dira; izan ere, guztiek aise gainditzen dute % 97a.
Interneterako sarbidea duten enpresa horietan, administrazio publikoekin izapide elektronikoak egitea nabarmentzen da. Halatan, 2021ean, mota horretako enpresen % 96,3k egin dute, 2015eko erregistroa baino 3,2 puntu gehiago. Lurraldeka, proportzio handiagoan daude Arabako Kantaurialdean Araban, Markina-Ondarroan Bizkaian eta Bidasoa Beherean Gipuzkoan: % 97,6, % 99,4 eta % 96,5, hurrenez hurren.
Era berean, enpresa-tamaina horretan, % 92,5ek daukate Web-orririk, eta horrek ehuneko 6 puntuko igoera metatu du 2015arekin alderatuta. Eskualdeka, nabarmentzen dira Añana (% 93,7) Araban, Enkartazioak (% 96,0) Bizkaian eta Donostialdea (% 93,2) Gipuzkoan. Hiriburuen artean, Bilbo nabarmentzen da, % 96,4rekin.
10 langile edo gehiagoko enpresetan eta lurralde osoan presentzia handia duen beste ekipamendu bat sare informatikoak dira. Batez beste, % 92,2k dituzte. Kasu horretan, Arabako Errioxa (% 94,9) Araban, Gernika-Bermeo (% 96,6) Bizkaian eta Tolosaldea (% 92,5) Gipuzkoan aipatu behar dira Lurralde bakoitzeko eskualde garrantzitsuentzat.
10 langile edo gehiagoko Euskal AEko enpresen % 55,5k kode irekiko programak darabiltzate. Soilik lau eskualdek gainditzen dute % 60a. Batek Bizkaian, Enkartazioek, % 62,5ekin, eta hiruk Gipuzkoan. Debabarrena nabarmentzen da horietan, % 69,7rekin. Araban, ehuneko handiena Añanan dago, % 56,5. Ekipamendu horrek etengabe egin du behera 2015etik, non serie erabilgarriaren maximoa izan baitzen, enpresen % 81,7rekin, azken urte honetara arte, zeinetan 4,5 puntu berreskuratu baititu.
Enpresen erdiek euskara darabilte beren Webguneetan
Gure Erkidegoan, Web-orria duten enpresen ia erdietan (% 49,0tan) euskaraz erabilgarri dago hura. Euskarazko Web-orria ohikoagoa da Gipuzkoako eskualdeetan dauden enpresetan (% 58,8 batez beste). Lurralde horretan, zazpi eskualdeetako seik % 50etik gora dute, eta mailarik handiena Goierriko eskualdean dago, % 72,4rekin. Ondoren, Bizkaikoak daude (batez beste, % 44,1), non zazpi eskualdetatik bostek % 50 gainditzen baitute argiki, eta maximoa Gernika-Bermeon dago, % 79,7rekin. Azken eskualde horrek du, hain zuzen, Erkidegoko euskarazko Webguneen ehunekorik handiena. Arabaren kasuan (% 43,0 batez beste), bi eskualde nabarmentzen dira, % 50 baino gehiagorekin: Arabako Mendialdea (% 57,0) eta Arabako Kantaurialdea (% 54,1).
Azkenik, Euskal AEko hiriburuei dagokienez, nahiz eta 10 langile edo gehiagoko enpresetan IKT ekipamenduen ehunekoak oso antzekoak diren, honako hauek nabarmentzen dira: Gasteiz administrazioarekin izapide elektronikoak egiten; Bilbo Interneteko konexioaren adierazleetan, Webgunea edukitzen eta sare informatikoetan; eta, azkenik, Donostia euskarazko Web-orrietan, kode irekiko programen erabileran eta merkataritza elektronikoa baliatzen.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62