2021/10/29ko prentsa-oharra
BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ZENTSUAK. 2021
Euskal AEko biztanleria 16.622 pertsonatan hazi da 2016 eta 2021 artean
Gorakada 65 urte eta gehiagokoetan izan da, 33.000 pertsona gehiago izan baitira; 20 urtetik beherakoak, berriz, apur bat hazi dira (+749), eta lanean aritzeko adinean daudenak 17.000 gutxiago dira
2021eko urtarrilaren 1ean, 2.193.199 biztanle bizi ziren Euskal AEn, Eustatek prestatutako datuek erakusten dutenez. Horrek esan nahi du 2016an zenbatutakoak baino 16.622 pertsona gehiago daudela.
Zifra hori, 2020ko urtarrilaren 1ean erregistratu zena baino 6.512 pertsona gutxiagokoa da, eta, beraz, apurtu egin da 2016tik biztanle kopuruaren gorako joera.
2016 eta 2021 artean biztanleriak hiru lurraldeetan egin du gora, baina horien artean alde handia izan da. Gipuzkoak irabazi du biztanle gehien, 6.768, eta ondoren Arabak, 6.300. Bizkaiak, berriz, 3.554 biztanle gehiago ditu. Zenbaki absolutuetan Gipuzkoak Arabak baino igoera handiagoa izan badu ere, termino erlatiboetan igoera % 2,4koa izan da lurralde horretan, eta % 1,2koa Gipuzkoan.
Bost urte hauetan Bilbo izan da biztanleria galdu duen Euskal AEko hiriburu bakarra, 410 pertsona gutxiago, hain zuzen ere. Gasteizen izan da igoerarik handiena 4.963 pertsona gehiagorekin, eta Donostiak 1.430 biztanle gehiago ditu.
Bost urte hauetan eskualdeen arabera izandako bilakaerak erakusten du Arabako hiru eskualdek eta Bizkaiko eskualde batek % 3tik gorako hazkundea izan dutela: Arabako Mendialdeak (% 6,4), Añanak (% 5,5), Plentzia-Mungiak (% 4) eta Gorbeialdeak (% 3,1).
Bestalde, Plentzia-Mungiak ia 59.000 biztanle ditu, eta hiru udalerrik % 5etik gorako igoera izan dute. Horien artean Urduliz nabarmentzen da (% 17,7), eta hurrengoak Gorliz (% 6,5) eta Bakio (% 5,9) dira. Lau eskualdetan egin du behera biztanleriak, nahiz eta kopuru absolutuetan eta erlatiboetan jaitsiera mugatua izan. Eskualde horiek, galera handienetik txikienera, hauek izan dira: Debagoiena (-% 0,24), Debabarrena (-% 0,14), Arabako Kantaurialdea (-% 0,12) eta Bilbo Handia (-% 0,07).
65 urte eta gehiagoko biztanleak Eukal AEko biztanleriaren ia laurdena dira
Euskal AEko biztanleriaren adinaren araberako banaketa aldatu egin da bost urte hauetan, piramidearen goiko muturrean pertsona gehiago baitaude.
65 urte eta gehiago dituztenak biztanleen % 23 dira, eta Espainian dagoen proportzioa 3 puntu baino gehiagotan gainditzen dute. Adin horretako biztanleria 2016an baino % 7 ugariagoa da, baina, talde horren barruan, nabarmentzekoa da 85 urte bete dituztenen kopurua % 15,3 hazi dela 2016tik. Azkenik, ehun urte eta gehiagoko biztanleria aintzat hartzen badugu, ikusten dugu % 20,1 hazi dela 2016tik.
Sexua kontuan hartuta, 65 urtetik gorako emakumeen proportzioa % 25,6koa da, eta gizonena, berriz, % 20,2koa. Aldeak mantendu egiten dira urte gehiagoko biztanleen artean; hala, Euskal AEko 85 urteko eta gehiagoko emakumeak guztizkoaren % 5,4 dira, eta gizonen kasuan, ehunekoa % 2,7ra jaisten da.
Fokua eskualde mailan jarriz gero, Arabako Mendialdean dagoen 64 urtetik gorako pertsonen proportzio handia azpimarratu behar da, guztizkoaren % 26,2arekin; ehuneko altuena duen hurrengo eskualdea Markina-Ondarroa da (% 24,4) eta ondoren Arabako Kantaurialdea dator (% 23,4), Debagoienaren eta Bilbo Handiaren antzeko proportzioekin (% 24,1 bi kasuetan). Baliorik txikienak dituztenak Plentzia-Mungia (% 18) eta Gorbeialdea (% 19,4) dira.
Alde handia dago Euskal AEko udalerrietako biztanleen adinari dagokionez, eta, zehazkiago, 65 urte eta gehiago dituzten pertsonen ehunekoari dagokionez. Ehuneko txikienekoa Irura da, % 10,2arekin, eta Haranan ehuneko hori % 38,1ekoa da. Lehenengoaz gain, % 13 baino ehuneko txikiagoa duten beste sei udalerri daude: Larraul, Astigarraga, Baliarrain, Iruña Oka, Alegria-Dulantzi eta Arakaldo.
Euskal AEn, 65 urteko eta gehiagoko 1,6 pertsona daude 16 urtetik beherako pertsona bakoitzeko, Espainia osoko 1,2ko ratioa gaindituta, baina oraindik Asturiasko Printzerrian ikusten den 2,2ko erlaziotik urrun.
Erlazio hori gainditzen duten udalerriak 74 dira, eta muturreko kasuak daude, hala nola Harana, Añana eta Lagran, 5 eta 1 arteko erlazioarekin. Kontrako aldean, zenbait udalerrik, hala nola Irurak eta Baliarrainek, 0 eta 15 urte bitarteko 2 gazte baino gehiago dituzte 65 urte edo gehiagoko pertsona bakoitzeko.
Udalerri txikietan gertatzen dira muturreko egoerak biztanleriaren adinaren araberako banaketan, batez ere tamaina txikia dutelako eta edozein fenomeno demografikok, bereziki migrazioak, banaketa hori aldatzen duelako.
20 urtetik beherako biztanleria % 0,2 baino ez da hazi bost urte horietan, biztanleria osoaren igoeraren (% 0,8) azpitik. Proportzioari dagokionez, Euskal AEko biztanleria osoaren % 18,2 da, 2016an baino hamarren bat gutxiago. Lurralde historikoetan ere ez da aldaketa esanguratsurik izan, horien artean aldeak dauden arren. Araban eta Gipuzkoan biztanleen % 19 inguru dira 20 urtetik beherakoak, eta Bizkaian, berriz, % 17,5. Eskualdeen arabera, Arabako Mendialdea eta Arabako Kantaurialdea izan dira azken bost urteotan gazteen hazkunde handiena izan dutenak: % 12,1 eta % 3,5, hurrenez hurren. 20 urtetik beherako biztanle gehien dituzten eskualdeak Urola Kosta, Tolosaldea eta Plentzia-Mungia dira, guztiak ere % 21aren inguruan.
20 eta 64 urte bitarteko biztanleen proportzioak, lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren gehiengoak, pisua galdu du 2016 eta 2021 artean, % 60tik % 58,8ra jaitsi baita. Lurraldeka, Bizkaiak galdu du gehien (% 1,8), eta ondoren Gipuzkoak eta Arabak (% 0,9 eta % 0,6, hurrenez hurren). 2021ean, Araban eta Bizkaian lan egiteko adinean dauden biztanleen ehuneko bera dago, % 59,1, eta, ondoren Gipuzkoa dator, % 58,1arekin.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62