2021/12/16ko prentsa-oharra

GIZARTE-BABESAREN KONTUA. Aurrerapena. 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

2020an Euskal AEn 21.431 milioi euro gastatu ziren gizarte-babesean, BPGren % 30ean kokatu arte, eta igoera % 9,6koa izan zen

Gizarte-prestazioetako gastuan igoerarik handiena “langabezian” izan da, ia bikoiztu egin baita 1.024 milioi gehiagorekin

Eustatek landutako datuen arabera, 2020an 21.431 milioi euroko gastua egin zen Euskal AEn gizarte-babesean, 2019an baino 1.870 milioi gehiago –% 9,6 gehiago–. Gizarte-babesean egindako gastua, BPGeko ehuneko gisa, 5,4 puntu igo zen eta % 30,0era iritsi zen. Per capita gastua, % 9,4 igo zen, eta 9.757 eurotan kokatu zen.

Gizarte Babesaren Kontua egiten da Gizarte Babeseko Estatistika Integratuen Europako Sistemaren (ESSPROS) metodologiaren arabera, eta edozein erakunde publikok edo pribatuk Euskal AEn egindako gizarte-babeseko sistemen gastua eta sarrera zenbatzen ditu.

graf0019281_01_e.png

Gizarte-babeseko gastuak barne hartzen ditu administrazio-gastuak eta gizarte-prestazioko gastuak; azken horiek biltzen dituzte gizarte-babeseko sistemetatik familia-etxeetan jasotzen diren eskudiruzko ordainketak eta gauzazko prestazioak. Prestazio horien azterketa xehatuak gastua zein funtziotan egiten den aztertzeko aukera ematen du.

Administrazio-gastuak kenduta, 2020an gizarte-prestazioen balioa 21.127 milioi eurokoa izan zen, 2019an baino % 9,4 handiagoa, eta hori, termino absolutuetan, 1.815 milioi euroko igoera da.

“Langabezia” funtzioak izan zuen igoerarik handiena

Gizarte-prestazioetan izandako igoeraren zatirik handiena “Langabezia” funtzioari dagokio, 1.024 milioi egin baitzuen gora eta 2020an 2.051 milioi eurotara iritsi baitzen; 2019arekin alderatuta, igoera % 99,7koa da. Funtzio honek 2019an ere igoera esanguratsua izan zuen, batez ere, langabeziako sorospenean sartutako hobekuntzen eta ordaindutakoaren araberako prestazioen zenbatekoaren igoeraren ondorioz. 2020an izandako igoera, neurri handi batean, COVID-19ak ekonomian eta gizartean izandako eraginari aurre egiteko premiazko ezohiko neurriei zor zaie. Neurri horiek, batetik, norbere konturako langileen edo autonomoen alde eman ziren, jardunari uzteagatiko edo fakturazioa murrizteagatiko prestazioa ezarriz; eta, bestetik, besteren konturako langileen alde, eta kasu horretan, kontratua eten zen kasuetan edo aldi baterako ezinbestean lanaldia murriztu zen kasuetan (ABEEE), langabeziagatik ordaindutakoaren araberako prestazioa aitortu zitzaien.

2020an balio absolutuetan hazkunderik handiena izan zuen hurrengo funtzioa “Gaixotasuna / Osasun-laguntza” izan zen, 2019arekin alderatuta % 7,4 hazi baitzen, 378 milioi gehiago; horietatik 192 milioi osasun-arretako zerbitzuen gastuan izandako igoerari dagozkio, eta 186 milioi eskudirutan ordaindutako prestazioei, aldi baterako ezintasunagatiko prestazioetatik hasita. Funtzio honen gastua guztira 5.466 milioi eurokoa izan zen.

Hirugarrenez, balio absolutuetan gehien gora egin zuen beste funtzio bat “Zahartzaroa” izan zen, eta 2020an 8.859 milioi eurotara iritsi zen, aurreko urtean baino 294 milioi gehiago, % 3,4 gehiago. Hala ere, eta igoera handia bada ere, aurreko urteetan izandakoa baino apalagoa da.

“Gizarte-bazterkeria” funtzioa % 10,9 hazi zen balio absolutuetan 2019arekin alderatuta, eta hori, balio absolutuetan, 62 milioi gehiago dira, eta 2020an, beraz, 631 milioira iritsi zen. Funtzio honetan egindako gastuaren zatirik handiena Diru-sarrerak Bermatzeko Errentara eta Gizarte Larrialdietako Laguntzetara bideratu zen, eta biek batera 42 milioi inguru egin zuten gora 2020an.

Gizarte-prestazioen gastuan garrantzi handiena duten funtzioak berriz ere “Zahartzaroa” eta “Gaixotasuna / Osasun-arreta” izan dira

Aurreko urteetan bezala, “Zahartzaroa” da oraindik ere gastu handiena eragiten duen funtzioa, eta barne hartzen du pentsioetara, mendetasunarekin lotutako prestazio ekonomikoetara eta gauzazko beste prestazio batzuetara (egoitza-zerbitzuak eta etxez etxeko laguntza) bideratutako gastua. 2020an, funtzio honen garrantziak ehuneko 2,4 puntu egin zuen arren behera, oraindik ere gastuaren ehuneko handiena hartzen duena da, gizarte-prestazio guztien % 41,9, alegia.

graf0019281_02_e.png

Gastu handiena duen hurrengo funtzioa “Gaixotasuna / Osasun-arreta” da, eta 5.466 milioi eurorekin, 2020an prestazioetan egindako gastuaren % 25,9ra iritsi zen, nahiz eta kasu honetan ere ehuneko puntu erdi egin zuen behera 2019arekin alderatuta.

Hirugarren lekuan, gastuan izandako hazkunde esanguratsuaren ondorioz, “Langabezia” dago, eta 4,4 puntu egin zuen gora, 2020an gizarte-prestazioen gastuaren % 9,7ra iritsi arte.

Gainerako funtzioek aurreko urteetako antzeko pisu erlatiboa dute: “Umezurtz – alargunak” funtzioaren gastua % 9,2koa da, “Baliaezintasuna”, % 6,2koa; “Familia eta seme-alabak”, % 3,4koa, “Gizarte-bazterkeria”, % 3,0koa; eta “Etxebizitza”. % 0,7koa.

graf0019281_03_e.png

Gizarte-babeseko gastua egiten duten erakunde-unitateei dagokienez, Gizarte Segurantzaren Sistemak eta Estatuko Administrazioak egindako gastua guztizkoaren % 62,7 izan zen 2020an, eta % 12,6 hazi zen 2019arekin alderatuta, hau da, 1.508 milioi gehiago. Horren arrazoiak lehen aipatutakoak dira: “Gaixotasuna / Osasun-arreta” funtzioan sartzen diren aldi baterako ezintasunagatiko prestazioen igoera (127 milioikoa) eta “Langabezia” funtzioari lotutako prestazio ekonomikoen igoera, neurri batean COVID-19aren eraginarekin lotutako ezohiko neurriak hartu izanaren ondorioz (1.000 milioi inguruko igoera eragin zuen).

Euskal AEko Administrazioek egindako gastua guztizkoaren % 30,8 izan zen, eta 6.591 milioi eurora iritsi zen, 2019an baino % 4,9 gehiago. Hazkunde hori, alde batetik, osasun-sistema publikoaren gastuaren hazkundeari dagokio, % 5,1 hazi baitzen, 4.190 milioi eurora iritsiz. Bestalde, gainerako gastua gizarte-zerbitzuen sistema publikoari dagokio, Eusko Jaurlaritzaren, Foru-aldundien eta Toki-administrazioen erakundeak barne hartzen dituena, eta 2.401 milioi euroko zenbatekora iritsi zen, 2019an baino % 4,5 gehiago.

Azkenik, Erakunde pribatuen gastua guztizkoaren % 6,5 izan zen, 1.406 milioi eurorekin, eta igoera, beraz, % 4,2koa izan zen.

Europarekin alderatzeko, Eurostatek 2019rako argitaratutako azken datuak aztertu dira. Biztanle bakoitzeko gizarte-babeseko gastuaren adierazlea, Erosteko Ahalmenaren Parekotasunean (EAP) neurtua, 9.464 izan zen Euskal AEn; horrek EB-27ren batezbestekoaren (9.066) eta, besteak beste, Espainia (6.752) edo Irlanda (7.491) herrialdeen gainetik kokatzen du. Taularen goiko muturrean Luxenburgo (15.621) eta Danimarka (12.233) daude.

graf0019281_04_e.png

Bestalde, gizarte-babeseko gastua, BPGren ehuneko gisa, Euskal AEn % 24,6koa izan da 2019an, EB-27ko batezbestekoaren azpitik (% 28,1), baina Espainiaren (% 24,1) eta Luxenburgoren (% 21,6) gainetik. Azken herrialde hori, lehen adierazi bezala, biztanle bakoitzeko gastuaren taularen lehen postuan dago.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián 1, 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2020an Euskal AEn 21.431 milioi euro gastatu ziren gizarte-babesean, BPGren % 30ean kokatu arte, eta igoera % 9,6koa izan zen

Eragiketa : 
Gizarte-babesaren kontua
Eragiketa kodea : 
170910
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2015-2024
Eguneratze data : 
2021/12/16
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0019281_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali