2021/12/14ko prentsa-oharra
UDAL BPG. 2019
Parke teknologikoaren eraginez, Zamudiok Euskal AEn per capita BPG handiena duen udalerria izaten jarraitzen du
Industria-sektorea eta industriari lotutako zerbitzuak per capita BPG handiena duten udalerri gehienetan
Zamudioko udalerria, Bizkaiko lurralde historikoan, Euskal AEn per capita barne produktu gordinik handiena duen udalerria izan da 2019an, Eustatek emandako datuen arabera. Hori hala da, funtsean, haren industria-egitura eta industriari lotutako zerbitzuen pisu nabarmena (4.0 Industria deritzona) konbinatzen direlako.
Olaberria Gipuzkoan eta Ajangiz Bizkaian bigarren eta hirugarren postuetan daude, hurrenez hurren. Udalerri horiek industria-izaera nabarmena dute, eta industria-sektorearen pisua % 75etik gorakoa da guztietan.
Atzera begira, aldaketa gutxi izan dira azken 20 urteotan. 2000. urtearekin alderatuta, 7 udalerrik Euskal AEn per capita BPG handiena duten 10 udalerrien artean jarraitzen dute. Zamudiok lehen postuari eutsi dio 20 urte hauetan, salbu eta 2005ean; Olaberria 2000. urtean 4. postuan hasi zen, eta 2005ean lehenera igo, baina bigarren postuan dago ordutik gaurdaino. Ajangiz eta Loiu seigarren eta zazpigarren postuan zeuden 20 urte lehenago, eta hirugarrenean eta laugarrenean, 2019an. Lehenengo 10 postuetan Mallabia, Aduna eta Legutio ere ageri ziren. Aramaren kasua deigarria da, 2000. urtean 234. postuan baitzegoen, eta, 2016tik aurrera, per capita BPG handiena zuten 10 udalerrien taldean sartu zen. Berantevilla eta Zierbena dira zerrenda osatzen duten beste bi udalerriak.
Metalaren eta ardogintzaren industriak Araban per capita BPG handiena duten udalerrietan
Berantevilla da –Añanako eskualdean dago– 2019an biztanleko BPG handiena duen Arabako udalerria (181.134 euro). Udalerri horretan, industria-sektoreak bere jarduera ekonomiko osoaren % 76,6 sortzen du, eta metalaren industriako jarduerak nabarmentzen dira, hala nola Garraio-materiala, metalurgia eta makineria eta ekipoa fabrikatzekoak.
Gorbeialdeko eskualdean, Legutio nabarmentzen da per capita BPG handiena duen eta industria-pisua ere % 76tik gorakoa duen lurralde historikoko bigarren udalerri gisa, eta berriz ere metalaren industriaren adarrak dira –Ingeniaritza mekanikoa eta Metalurgia– jarduera handiena sortzen dutenak.
Bestalde, Arabako Errioxako eskualdean, bi udalerri daude lurralde historikoan per capita BPG handiena dutenen artean, baina, kasu horretan, haien ekoizpen-egitura ez da aurreko udalerrien kasuan azaldutakoa bezalakoa. Hala, Laguardia eta Villabuena Araba udalerrien bereizgarria da industria-sektorearen eta zerbitzu-sektorearen arteko ekoizpen-egitura orekatuagoa dutela, nahiz eta biak ardogintza-sektorearekin oso lotuta egon: alderdi industriala upeltegien jardueragatik (Edarien fabrikazioa) eta zerbitzuena, neurri handi batean haiei lotutako ostatu- eta jatetxe-jarduerengatik (Ostalaritza).
Horren ondorioz, gainera, per capita BPG lurralde historikoko batez bestekoa baino % 66,5 handiagoa izanik, Arabako Errioxako eskualdea lehen postuan dago Araban, bai eta Euskal AE osoan ere.
Bosgarren tokian, udalerrien artean, Bernedo dago Arabako Mendialdean; zerbitzuen sektorean oinarritutako enpresa-egitura du D % 71,4).
Iturria: Eustat. Udal BPG
Per capita BPG handiena duten Bizkaiko udalerriek industriako eta zerbitzuetako jarduerak konbinatzen dituzte
Zamudio Bilbo Handiko eskualdean dago, eta Bizkaiko eta Euskal AEko per capita BPG handiena duen udalerria da. Haren enpresa-egitura handia industrian oinarritzen da (% 42,3), eta garrantzi berezia dute Garraio-materialaren ekoizpenari lotutako enpresek; halaber, zerbitzuen sektorean ere (% 53,4) oinarritzen da, batez ere industriari lotutako Zerbitzu profesionalak eta teknikoak eskaintzen dituzten enpresen presentziaren ondorioz.
Bilbo Handiaren barruan, Loiu ere nabarmentzen da, Aireportuko jarduerarekin zerikusia duten zerbitzuei esker, baita Metalaren industriari esker ere, eta Zierbena, berriz, Energiarekin lotutako industria-jarduerari eta Garraioarekin eta biltegiratzearekin lotutako zerbitzuei esker.
Ajangiz, Gernika-Bermeo eskualdeko udalerria, Bizkaian per capita BPG handiena duen bigarren udalerria da. Haren egitura ekonomikoak industria-izaera argia du, % 82,3ko pisua, Plastikozko produktuen fabrikazioan oinarrituta.
Mallabia, Durangaldeko udalerria, bosgarren postuan dago Bizkaiko rankinean, eta industria-pisu handia du (% 76,8), batez ere Ingeniaritza mekanikoko edo Garraio-materialeko jarduerengatik. Durangaldea Bizkaian per capita BPG handiena duen eskualdea da. Bertan, industria eta zerbitzuetako jarduerak ere konbinatzen dira, nagusiki; Metalurgia eta Merkataritza eta Ostalaritza nabarmentzen dira, hurrenez hurren.
Iturria: Eustat. Udal BPG
Goierri eskualdean Gipuzkoako lurralde historikoko per capita BPG handiena sortzen duten hiru udalerri daude
Olaberriak –Goierri– 305.677 euroko per capita BPG du, eta Gipuzkoan lehen postuan dago eta bigarren postuan Euskal AE osoan. Industriak udalerrian duen pisua % 80tik gorakoa da, eta Siderurgia eta Makineria eta ekipoaren ekoizpena bezalako jarduerak nabarmentzen dira.
Goierrin, Arama ere nabarmentzen da, % 70,0ko industria-pisua baitu; batez ere Makineria eta ekipoaren ekoizpenean oinarritzen da. Ormaiztegik Ibilgailu motordunen fabrikazio handia du; industriak % 89,2ko pisua du.
Aduna, Tolosaldean, hirugarren postuan agertzen da lurraldeko per capita BPGri dagokionez, Industria ez-metalikoa bezalako jarduerei esker. Tolosaldean ere Belauntza udalerria dago, eta Gipuzkoan per capita BPG handiena duen bosgarren udalerria da. Kasu horretan, posizio hori batez ere Eraikuntza metalikoan oinarritutako industria-egituraren ondorio da.
Bestalde, Debagoiena lurraldeko lehena da per capita BPGri dagokionez; industria eta zerbitzuen sektoreen arteko egitura orekatua du, % 49,6ko eta % 45,9ko pisuarekin, hurrenez hurren.
Iturria: Eustat. Udal BPG
Ohar metodologikoa: Datuak hobeto interpretatzeko, udal-mailako BPG eta udal-errenta bereizi behar dira; BPG ekoizpenari eta aberastasunaren sorrerari lotuta dago, eta ekoizpen-establezimendu garrantzitsuak dituzten udalerrietan kontzentratzen da. Errenta, berriz, pertsonei eta haien bizilekuari lotuta dago.
Bestalde, BPG per capita terminoetan eskaintzen da, udalerrien tamaina birdimentsionatzeko –haietan sortzen den BPG biztanleriaren artean zatituz–, eta, hala, tamaina oso txikiko udalerrien eta tamaina handiko udalerrien jarduera ekonomikoaren arteko konparaziorako bide ematen da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62