20210/11/30eko prentsa-oharra
OSPITALEETAKO ERIKORTASUN-ESTATISTIKA. 2020
2020an, Euskal AEko akutuen ospitaleetan ospitalizazioek behera egin zuten, baina areagotu egin zen batez besteko egonaldia eta heriotza-tasa
Akutuen ospitaleetako ospitalizazioen 10.481 kasutan, guztira, COVID-19a izan zen kausa nagusia; alegia, ospitalizazioen % 5
2020an, 209.150 ospitalizazio erregistratu ziren, Euskal AEko akutuen ospitaleetan (ez dira kontuan hartzen egonaldi ertaineko eta luzeko ospitaleak eta psikiatrikoak); alegia, aurreko urtearen aldean, % 10,9 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Ospitale publikoen kasuan, beherakada hori % 10,7koa izan zen, eta, pribatuetan, % 11,7koa.
Ospitalizazio-kopurua dela eta, martxoan, apirilean eta maiatzean izan zen beherakada handiena, konfinamendu-sasoian. Covid-19aren inpaktuaren ondorioz, jarduerak behera egin du akutuen ospitaleetan ospitalizazioaren eta kirurgia anbulatorioaren modalitatean, bereziki konfinamenduaren hiletan, eta gora egin du ospitaleetako batez besteko egonaldiak eta heriotza-tasak.
Aurreko urtean bezala, ospitalizazioen % 84 sektore publikoan erregistratu ziren. Ospitalizazioen % 65,7 premiazkoak izan ziren; ehuneko hori handiagoa izan zen ospitale publikoetan, % 72koa, eta, txikiagoa pribatuetan, % 34koa.
Altan eman ziren pertsona guztietatik, % 89,5i osatu edo hobera egin zutelako eman zitzaien, % 3,9ri heriotzagatik (% 3,2 2019an) eta gainerakoei, beste zentro batzuetara lekualdatzeagatik eta beste kausa batzuengatik. Martxoan izan ziren heriotza gehien (% 10,9), eta, aurreko urtean, urtarrilean.
Ospitalizazioen % 51 gizonena izan zen, eta % 49, emakumeena. Normalean osasun-arazorik eragiten ez duten erditzeari, haurdunaldiari eta puerperioari arreta emateko kasuak alde batera uzten badira, kasuen % 55 gizonena izan ziren, emakumeena (% 45) baino ehuneko hamar puntu handiagoa.
Gainera, ospitaleratutako pertsonen ia erdiak 65 urte eta gehiago zituzten, eta, haietatik, % 56,6 65-79 urte-tartean zegoen; gizonetan, 72 urte izan zen adin ohikoena eta, emakumeetan, 86.
Ospitalizazioetako beherakadak gaixotasun-talde handi guztietan izan zuen eragina, eta bi ospitalizazio-kausa nagusien artean honako hauek izaten jarraitu zuten: digestio-gaixotasunak (% 13) eta zirkulaziokoak (% 12,6); ondoren, antzeko pisua izan zuten tumoreek (% 9,5), traumatismoek eta lesioak (% 9,3) eta arnas aparatuak (% 9).
Artatutako patologien eredua ospitalearen titulartasunaren arabera aldatu zen. Ospitale publikoetan, zirkulazio- eta digestio-aparatuan eragina duten gaixotasunei emandako arreta (% 13,3 eta % 12,9, hurrenez hurren) izan zen ohikoena, eta, pribatuetan, aparatu muskuloeskeletikoan eragina dutenei (% 18,5) eta traumatismo eta lesioei (% 13,2) eta digestio-aparatuari (% 13,1) emandakoak.
Emakumeen artean, haurdunaldi, erditze eta puerperioen gertakariek, nahiz eta urte hauetan behera egin duten, jarraitu zuten ospitale-arretako motibo maizena izaten (% 15,5), ondoren digestio-gaixotasunek (% 11,2) eta zirkulaziokoek (% 10,7).
Gizonen eta emakumeen artean bi ospitalizazio-kausa nagusiak berak izan ziren, baina gizonak nagusitu ziren bai digestio-aparatuko gaixotasunetan (% 14,6), bai zirkulazio-aparatukoetan (% 14,5).
0 eta 14 urte bitartean, gaixotasun-talde eta ospitalizazioaren kausa berezi ohikoenak jaiotza inguruko jatorrikoak izan ziren (adin gestazional baxuagatiko eta jaiotzean izandako pisu baxuagatiko nahasmenduak) eta arnasbidekoak (amigdalen eta adenoideen hipertrofia); 15 eta 44 urte bitartean, erditzeagatiko eta haurdunaldiagatiko arretak, emakumeen kasuan, eta, gizonetan, traumatismoak eta lesioak (belauneko lotailu gurutzatuaren bihurritua); 45 eta 64 urte bitartean, digestio-aparatukoak nagusitu ziren (iztaiko hernia) gizonetan eta tumoreak (bularrekoa eta umetokikoa) emakumeetan, eta 65 urteko eta gehiagokoetan, zirkulazio-gaixotasunak (bihotzeko gutxiegitasuna) eta digestiokoak ondoren (behazun-harriak).
Haurdunaldi, erditze eta puerperioagatiko asistentzia kontuan hartzen ez bada, ospitaleratutako pertsonen batez besteko adina 62 urtekoa izan zen; haren gainetik, nagusiena zirkulazio-gaixotasunen kasuan izan zen, bai gizonetan (70 urte), bai emakumeetan (76 urte). Gizonak, oro har, emakumeak baino urte gutxiagorekin ospitaleratu ziren, eta kasu nabariena traumatismo eta lesioen taldean izan zen (54 urte gizonek eta 67 emakumeek).
Behera egin zuen egonaldi-kopuruak, baina gora batez besteko egonaldiak
Egonaldien kopuruak behera egin zuen % 8,6, eta batez besteko egonaldiak gora, % 5,8ra iritsi zen (2019an, % 5,6); 6 egunekoa izan zen ospitale publikoetan eta 4,5ekoa, pribatuetan. Luzeenen artean, nahasmendu mentalak (13,4 egun) eta jaiotza inguruko jatorriko gaixotasunak (10,3 egun) izan ziren.
Ospitalizazioen % 5 COVID-19aren ondorioz izan ziren, eta batez besteko egonaldia 9,2 egunekoa izan zen (*)
Akutuen ospitaleetako ospitalizazioen 10.481 kasutan, guztira, COVID-19a kausa nagusia izan zela kalkulatzen da; alegia, ospitalizazioen % 5, 2020an. Gainera, ospitalizazio horiek 96.619 egonaldi eragin zituzten, eta horrek, 9,2 eguneko batez besteko egonaldia, kausa guztietarako batezbestekoaren (5,8 egun) gainetik. Ospitalizazioen % 95 ospitale publikoetan izan ziren eta, haietatik, % 97 premiazkoak izan ziren.
Ospitalizazioen % 58 gizonena izan zen, eta % 42, emakumeena. Adin-taldeen arabera, kasuen ehuneko handiena 45-64 urteko taldeari egokitu zitzaion (% 33,8), eta, ondoren, 65-79 urtekoari (% 31,3) eta 80 urte eta gehiagokoei (% 24). Gizonen batez besteko adina 65 urte izan zen, eta emakumeena, 67.
Kirurgia anbulatorioko ospitalizazioek % 20 egin zuten behera
Kirurgia anbulatorioaren modalitatean –hartan ospitalizazioaren egun berean konpontzen diren prozesuei ematen zaie arreta–, 65.731 gertakari izan ziren (2019an baino % 20,3 gutxiago), eta beherakada hori martxoan, apirilean eta maiatzean izan zen nabarien. Begiko gaixotasun-taldea izan zen ohikoena, arreten ia % 35,4; haietatik, % 86 ospitale publikoetan egin zen, eta katarata izan zen patologia tratatuena.
Ospitale pribatuetan, pisu handiagoa izan zuten aparatu muskuloeskeletikoekin zerikusia duten gertakariek (% 18,6), belaunaren barneko nahasmendua izan zela kausarik ohikoena, eta, ondoren, azaleko gaixotasunek (% 14,8) eta tumoreek (% 13,6) eta, azken horien artean, azaleko kartzinoma izan zen nabarmenena.
Ohar metodologikoa
(*) OMEk larrialdi-kodea ezarri zuen Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean (GNS-10), COVID-19agatiko infekzioak kodetzeko. Espainian, kodifikazio hori 2020ko uztailean ezarri zen; beraz, 2020ko lehen seihilekoan COVID-19aren ondorioz izan ziren ospitalizazioak identifikatzeko, kasu horien estimazio bat egin da, ospitalizazioaren motiboa izan zen diagnostikoa nagusia kontuan hartuta (nagusiki arnas aparatuan eragina izan zutenak), bai eta ospitalizazio-gertakari berari lotutako bigarren mailako beste diagnostiko batzuk ere.
Nazio- eta nazioarte-mailako erkagarritasuna dela eta, ospitaleratzearen modalitatean 1 eguneko edo gehiagoko egonaldia duten gertakariak baino ez dira kontuan hartzen; alegia, ez dira kontuan hartzen 0 eguneko gertakariak. Egonaldiaren iraupena ospitaleratu den egunetik alta eman arteko egunera bitartean igaro den egun-kopuruaren arabera kalkulatzen da, ospitaleratze- edo alta-orduak aintzat hartu gabe.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62