2021/11/26ko prentsa-oharra
Informazioaren gizartearen inkesta. IGI-Administrazioa. 2021
Administrazioko zentroen % 44k eta enplegatu publikoen % 11,6k telelana egin du, 2021ean, Euskal AEn
Ekipamenduen eskuragarritasun eta informazioaren teknologien erabilera handiagoa administrazioan enpresetan baino
Administrazio publikoko zentroen % 44k langileak ditu telelanean 2021ean, Eustaten datuen arabera. Enplegatu publikoen % 11,6k, 2021ean, bere lan-zentrotik kanpo egin du lan, gutxienez lanaldiaren heren bat, eta, horretarako, sare telematikoak erabili ditu konektatzeko, IKT sistemen bidez; beraz, telelangiletzat jo daitezke.
Gainera, enplegatu publikoen % 93,7k, batez beste, IKT (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) sistemak erabiltzen dituzte, eta egiaztatzen da % 7,4 IKT sistemetako langile espezialistak direla. Era berean, langile horien ia heren batek (% 32,8) urrutiko konexioa du, erabilera profesionalerako gailu eramangarri baten bidez.
Bestalde, administrazioan zentroen tamainak ez du nabarmentzeko moduko alderik eragiten IKT teknologiak erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoan.
Langile horiek sexuaren eta lurraldearen arabera aztertzean, nabarmendu behar da, IKT sistemetako espezialisten kasuan izan ezik –bertan gizonen ehunekoa, % 60,9, emakumeena, % 39,1, baino handiagoa da–, aipatutako gainerako kategorietan ehunekoa % 60 ingurukoa dela emakumeetan eta % 40koa gizonetan. Hala ere, sexuaren eta jarduera-adarren arabera, alde handiagoak ikusten dira.
Administrazio publikoko zentroen ikuspegitik, ia guztietan –% 99,7–, langileak IKT sistemen erabiltzaile dira. Gainera, haietatik, % 65,9k IKT sistemetako espezialistak dituzte, % 80,3k lan-zentroetara urrutiko sarbidea duten enplegatuak dituzte eta, aurretik esan dugunez, % 44,0k langileak dituzte telelana egiten.
4.0 industriaren adierazleak administrazio publikoko zentroetan
Administrazioaren eraldaketa digitala dela eta, sare sozialak dira (enpresa-xedeetarako erabiltzen dituzten zentroen % 83,0) aztertu diren bederatzi adierazleetako nabarmenena. Bigarrenik, zibersegurtasuneko jarduerak (% 61,7). Jarraian, honako hauek: zerbitzu mugikorrak (% 45,8; zerbitzu mugikortzat jotzen da jarduerarekin zerikusia duten aplikazioak erabiltzea) eta lainoko informatikako zerbitzuak (Cloud Computing), ostatatze horrengatik ordaintzen duten zentroen % 41,7 dutela; horrek aukera ematen die informazioa edo zerbitzuak eskuratzeko, Interneteko konexioaren bidez, edonon dagoen edozein gailu mugikorretik edo finkotik.
Erabilera gutxiago dute, % 6 eta % 35 bitarteko ehunekoekin, Gauzen Internetak eta makrodatuen analisiak (Big Data), % 34,7 kasu bietan, bai eta honako hauek ere: adimen artifizialeko sistemen erabilerak (% 16,0), 3D inprimagailuak (% 9,0) eta robotika (% 6,2).
Euskal AEko enpresen % 92,1ek izapide elektronikoak egiten dituzte administrazio publikoarekin
Euskal AEko enpresek e-administrazioaren inguruan egiten duten erabilera dela eta, haietako % 92,1ek izapide elektronikoak egiten dituzte administrazio publikoarekin, 2021etik. Izapidetze hori zuzenean egin daiteke, edo hirugarrenen bidez (aholkulariak…) edo bi prozeduren bidez. Hala, enpresen % 51,9k izapideren bat egin dute zuzenean eta % 73,0ek, hirugarrenen bidez.
10 enplegatuko eta gehiagokoen kasuan, establezimenduen % 95,9k egin dute izapide elektronikoren bat. Enpresa horiek, handiagoak izanik baliabide gehiago dituztenez, izapide horiek zuzenean egiten dituzte nagusiki (% 83,1), eta ehuneko hori txikiagoa da (% 55,2) hirugarrenen bidez egiten dutenetan.
Egiten dituzten izapide elektroniko nagusiek honako helburu hauek dituzte: zenbait informazio mota lortzea (% 69,5), inprimaki eta formularioak eskuratzea (% 67,2) eta inprimaki eta formularioak beteta bueltatzea (% 58,0). Bide hori ere asko erabiltzen da enplegatuen gizarte-kotizazioak aitortu (% 65,6) eta zenbait zerga-mota betetzeko: nagusiki BEZa (% 78,1) eta sozietateen gainekoa (% 57,3).
Izapide horiek Euskal AEko enpresek zer administraziorekin egiten dituzten elektronikoki galdetzean, foru-aldundiak (% 83,8) eta administrazio zentrala (% 71,6) nabarmendu behar dira; ehuneko horietan zerga nagusien gainean bi administrazioek dituzten eskumenek dute eragina. Jarraian, Eusko Jaurlaritza dago (% 59,1), gero toki-erakundeak (% 32,1) eta, azkenik, Europar Batasuna eta beste batzuk (% 8,3).
10 enplegatuko eta gehiagoko enpresen kasuan, nabarmen murriztu da Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien edo administrazio orokorraren arteko distantzia (% 78,6, % 85,8 eta % 84,8, hurrenez hurren). Halaber, nabarmen egin du gora toki-erakundeekin eta Europar Batasunarekin eta beste batzuekin e-administrazioa baliatzen duen enpresa-proportzioak (% 49,2 eta % 20,9, hurrenez hurren).
Ekipamenduen eskuragarritasun eta informazioaren teknologien erabilera handiagoa administrazioan enpresetan baino
Administrazio publikoko zentroen % 99,5ek beren web-orria dute edo dagokion erakundearena, 2021ean. 10 enplegatuko eta gehiagoko zentroen kasuan, proportzio hori are handiagoa da, % 99,9koa.
Era berean, Euskal AEko administrazio publikoko ia zentro guztiek baliatzen dituzte 2021ean IKTen oinarrizko ekipamenduak. Web-orriaz gainera, zentro publikoen % 99,7k dituzte ordenagailua eta Interneteko konexioa, eta % 99,4k, posta elektronikoa. Bestalde, telefono mugikorra da finkapen gutxien duen IKT ekipamendua; zentro publikoen % 85,0ek daukate.
Enpresen sektorearekin alderatuta, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) sartzeko ehunekoak handiagoak dira administrazio publikoen zentroetan. Web-orriari dagokionez, aldea ehuneko 46,5 puntukoa da, administrazioaren alde (% 53,0koa enpresen sektorean). Hala ere, telefono mugikorreko ekipamendua ohikoagoa da enpresen sektorean (% 94,9), administrazio publikoaren sektoreko zentroetan baino (% 85,0).
2021ean IKT ekipamenduak erabiltzen dituzten enplegatu publikoen proportzioa ere oso handia da: langile publikoen % 90,4k ordenagailua erabiltzen dute, % 92,3k helbide elektronikoa dute eta % 87,4k Interneterako sarbidea dute. Enpresen sektorean, langileen erabilerari dagozkion ehuneko horiek txikiagoak dira, zehazki: % 72,4, % 67,9 eta % 67,9, hurrenez hurren.
Esan behar da ekipamenduei eta langileen aldetiko erabilerari dagozkien ehuneko handi horiek dagokien enplegu-maila gorabehera erregistratzen direla; beraz, administrazio publikoan ez du ia eraginik zentroen tamainak.
Gainera, ia zentro guztiek, % 99,5ek, segurtasun informatikoko neurriren bat hartzen dute; bereziki, software eguneratura jo ohi dute (% 98,7), bai eta pasahitz seguruak (% 98,1) eta kanpoko Backup-ak (% 89,7) jartzera ere.
Konexioa duten zentroetan Internetera sartzeko modua dela eta, ia guztiek egiten dute konexio finkoen bidez (% 99,9), eta % 74,3k, gainera, konexio mugikorren bat ere badute. Lehenengoen artean, zuntz optikoa nabarmendu behar da (kablea, FTTH…), % 91,4an; lau urtean soilik, ehuneko 12,5 puntuko igoera izan du (2017an, % 78,9).
Aurretik esan bezala, Euskal AEko administrazio publikoak garrantzi handia ematen dio Interneten web-orriaren bidez presentzia izateari; hala ondorioztatzen da web-orria duten zentroen ehuneko altutik (% 99,5), eta ehuneko hori % 99,9koa da, 10 enplegatuko eta gehiagoko zentroetan. Enpresen sektorearen kasuan, % 53,0koa da, establezimendu guztien kasuan, eta % 92,5ekoa, 10 enplegatuko eta gehiagoko enpresen kasuan.
Web-orri horietan, erakundearen beraren informazio orokorra aurki daiteke, kasuen % 100ean; produktuen katalogoa edo prezioen zerrenda, % 68,6an, edo baliabide sozialetako profiletarako estekak, % 66,9an, besteak beste. Enpresen sektorea dela eta, administrazioak garrantzi handiagoa ematen dio enplegu-eskaintzei buruzko informazio-webeko presentziari (% 61,7, eta enpresetan % 27,9) eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasunari (administrazioan bere web-orrien % 45,9an aurreikusten da eta enpresen kasuan, % 21,4an).
Web-orrietara sartzeko hizkuntzak direla eta, euskara eta gaztelania nabarmentzen dira antzeko ehunekoekin, % 98,8 eta % 98,9, hurrenez hurren; orrien % 38,8k ingelesez nabigatzeko aukera ematen dute eta beste hizkuntza batzuetan, orrien % 21,1ek. Enpresen sektorean, euskarazko web-orrien eskuragarritasuna nabarmen baxuagoa da (% 42,5), bai eta, neurri txikiagoan, ingelesezkoena (% 30,6) eta beste hizkuntza batzuena (% 13,0) ere.
Argibide gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62