2021/12/16ko prentsa oharra
BIOTEKNOLOGIAKO I+G-REN ESTATISTIKA. 2020
Euskal AEko bioteknologiako I+Gan egindako gastua 126,6 milioi eurora iritsi zen 2020an, % 2,6 handitu ondoren
Bioteknologian I+G gastuaren % 77 giza osasunaren arloan egiten da, eta emakumeen presentzia nagusia da, guztizkoaren % 58
Euskal AEn bioteknologiarekin erlazionatutako jardueretako barne I+Gko gastua 126,6 milioi eurokoa izan zen 2020an, 2019an baino % 2,6 handiagoa, Eustatek prestatutako datuek erakusten dutenez. Gastu hori barne I+Gko gastu osoaren % 8,5 izan zen.
Enplegatutako langileak 2.316 izan ziren, eta Dedikazio Osoaren Baliokidetasunari (DOB-EDP) dagokionez, 1.522 dira. Langile horien DOB-EDP kopurua % 3,3 igo da aurreko urtearekin alderatuta, eta, beraz, bioteknologiako DOB-EDP langileak I+Gko DOB-EDP langileen % 7,8 dira. Ikertzaile lanetan 1.141 pertsona aritu ziren DOB-EDPen, aurreko urtean baino % 3,1 gehiago.
Nabarmendu behar da datu horiek, bai bioteknologiako gastuari dagokionez, bai DOB-EDP langileei dagokienez, 2007an hasitako serie historikoko altuenak direla.
Era berean, eta aurreko urteetan gertatu bezala, aipatzekoa da I+Gren adar horretan emakumeek duten presentzia, 2020an bioteknologian lanaldi osoan lan egin zuten pertsona guztien % 58,2 baitira.
Guztira 100 erakundek, horietatik 94 enpresak, egin zituzten bioteknologiako ikerketa-jarduerak 2020an. Gainera, 100 erakunde horietatik 72k, barne I+G gastuaren % 100 bioteknologiara bideratu zuten.
Bioteknologiako barne I+G gastuaren % 68,3 Enpresen sektoreak egiten du
Enpresen sektoreak biltzen du bioteknologiako barne I+G jardueretako gastu osoaren ehuneko handiena (% 68,3), 2019ko antzeko proportzioa (% 68,1).
Gainerako sektoreek, Goi-mailako irakaskuntzak (% 27,2) eta Administrazio publikoak (% 4,5), egin dute gainerako gastuaren % 31,7 2020an, eta ehuneko hori % 31,9koa izan zen 2019an.
Administrazio publikoak finantzatu zuen bioteknologiako barne I+Gren % 52,9
Funtsen jatorriaren arabera, 2020an bioteknologiarekin erlazionatutako barne I+G jarduerak, batez ere, Administrazio publikoaren (% 52,9) eta Enpresen (% 35,0) funtsekin finantzatu ziren. Gainerakoa Atzerritik (% 8,7), Goi-mailako irakaskuntzatik (% 1,9) eta Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuetatik (% 1,5) etorritako funtsen bidez finantzatu zen.
Bioteknologiako ikerketan lortutako produktuen aplikazio-eremuei dagokienez, nabarmentzekoa da Giza osasuna, gastu osoaren % 77,2 hartzen baitu. Oso urrun dago Elikadura (% 7,3), eta gainerako arloek –Animalien osasuna eta akuikulturak, Ingurumenak, Industria eta Nekazaritzak eta Baso-ekoizpenak– antzeko ehunekoetan banatzen dute gainerako % 15,5.
Denbora/kostua eta Kapitalerako Sarbidea dira bioteknologiako barne I+G jarduerak garatzeko oztopo nagusiak
Azkenik, 2020an bioteknologiako I+G arloko jardueren aurrerapena zailtzen duten oztopo nagusien pertzepzioan, Denbora/kostua eta Kapitalerako Sarbidea erlazioak nabarmentzen dira, % 88an eta % 85ean, hurrenez hurren. Eskakizun arautzaileak hirugarren lekuan daude, % 78arekin.
Oharra: Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten lagundu duten enpresa eta erakunde guztiei, egindako ahaleginarengatik; informazioa 2021eko apiriletik urrira bitartean jaso da. Zure laguntzarik gabe ez zen posible izango.
Informazio gehiago nahi izanez gero::
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62