2021/11/19ko prentsa-oharra
IKERKETA ZIENTIFIKOKO ETA GARAPEN TEKNOLOGIKOKO JARDUEREI BURUZKO ESTATISTIKA-I+G. 2020
Euskal AEn, 2020an, I+Gn eginiko gastua serieko maximora iritsi da, 1.490 milioi eurora, pandemia-egoera gorabehera
BPG dela eta, % 2 gainditu da (% 2,08), Covid-19aren krisiak BPGn izandako efektu negatiboaren ondorioz, baina ez da I+Gko gastuan islatu
2020an, barneko I+G jarduerako gastua (ikerketa eta garapen teknologikoa) 1.490 milioi eurokoa izan zen, guztira, Euskal AEn; zifra hori I+Gko gastuan sekula izan den handiena izan da, EUSTATek prestatu dituen datuen arabera.
Zifra horrek erakusten du aurreko urtean baino 8,6 milioi euro gehiagoko gastua egon dela –% 0,6ko hazkuntza–, eta, hori guztia, 2020an Covid-19ak eragindako krisialdia nagusi izan den arren.
Barneko I+G jarduerak 19.511 pertsonari eman zien enplegua, dedikazio osoaren baliokidetzan, 2020an; aurreko urtearen aldean, % 0,5eko beherakada egon zen. Ikertzaileetan, ordea, 13.629 pertsona dedikazio osoaren baliokidetzan; % 0,8 areagotu zen.
BPGri dagokionez, Euskal AEko barneko I+Gko gastua % 2,08ra iritsi zen, 2020an. Aurreko urteko datuarekin alderatuta % 1,86 igoera garrantzitsu horren motiboa izan zen, nagusiki, pandemiak intzidentzia handiagoa izan zuela BPGn, I+Gko gastuan baino. Datu horiek Europar Batasuna 27aren (EB27) azken datuekin erkatzeko, 2019koak hartu behar dira kontuan; orduan, EB27 bere BPGren % 2,23 zen eta, Espainian, % 1,25.
Lurralde-xehetasunari dagokionez, egiaztatu da erkidegoko barneko I+Gko gastu osoaren % 47,3, 2020an, Bizkaian egin zela; % 42,6, Gipuzkoan, eta % 10,1, Araban. Esan behar da gastu hori Gipuzkoako BPGren % 2,63 dela; % 1,95ekoa, Bizkaiaren kasuan, eta % 1,35ekoa, Arabaren kasuan.
Euskal AEn eginiko barneko I+Gko gastuaren % 76,7 enpresen sektoreak exekutatu zuen
Barneko I+Gko gastua exekutatzen duen sektorea dela eta, gehiena, % 76,7 (1.143,0 milioi euro), enpresek egin zuten; % 17,4 (258,7 milioi), goi-mailako irakaskuntzak, eta gainerako % 5,9a (88,3 milioi), administrazioaren mendeko zenbait erakundek.
Barneko I+Gko gastuaren exekuzioaren banaketa sektorial horri nahiko egonkor eutsi zaio, azken urteotan, aurten izan ezik administrazioaren sektorean. Aurreko urtearen aldean, hiru sektoreetako bik, enpresek eta goi-mailako irakaskuntzak, barneko I+Gko gastuan % 1,2ko eta % 1,9ko hazkuntza izan zuten, hurrenez hurren, eta administrazio publikoak, % 9,9ko beherakada.
Barneko I+Gko gastuaren finantzaketaren ikuspegitik, enpresek ikerketara 813 milioi euro bideratu zituzten, 2019an baino % 1,8 gehiago; alegia, finantzaketa osoaren % 54,6. Hala, lehen finantzaketa-iturria da. Finantzaketa publikoak, bestalde, 510 milioiko ekarpena egin zuen, eta barneko I+Gko gastu osoaren % 34,2 da; % 1,8 egin du gora.
Gainerako funtsen jatorria honako hau da: goi-mailako irakaskuntzaren sektorea (33,9 milioi), irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak (7,7 milioi), eta atzerria (125,9 milioi). Hiru kasuetan, ekarpen horiek beherapenak dakartzate, aurreko urtearekin alderatuta, % 25,7koa, % 2,0koa eta % 1,9koa, hurrenez hurren.
Finantzaketa publikoaren jatorria dela eta, administrazio autonomoaren ekarpena nagusitzen da (411,7 milioi), zeina % 0,9 hazi baita aurreko urtearen aldean eta administrazio publikoak 2020an finantzatutako kopuru osoaren % 80,8 baita. Bestalde, administrazio zentralak (74,7 milioi) % 8,1 handitu du finantzaketa aurten, eta % 14,7ko parte-hartzea du finantzatutako kopuru osoan. Azkenik, aldundiek eta tokiko administrazioek (23,3 milioi) % 4,6ko parte-hartzea izan zuten, baina ekarpena % 1,9 jaitsi zuten, aurreko urtearekin alderatuta.
Dedikazio osoan 19.511 enplegatu izan ziren. Exekuzio-sektoreen arabera: 13.801 pertsona, enpresetakoak (guztizkoaren % 70,7); 4.546, goi-mailako irakaskuntzakoak (% 23,3), eta 1.164, administrazio publikokoak (% 6,0). Ikertzaileak direla eta –13.629 ikertzaile–, gora egin dute, % 0,8, pertsonal osoaren % 0,5eko beherakadaren aldean.
I+Gn 2020an jardun zuen pertsonalaren % 36,5 emakumea izan zen
I+Gn 2020an dedikazio osoan jardun zuen pertsonalaren % 36,5 emakumea izan zen; ehuneko hori aurreko urtekoaren oso antzekoa da, pertsonal osoaren aldean ehuneko 0,1 puntu gutxiago. Hala ere, denbora-ikuspegi handiagoarekin, pisua ehuneko 3,1 puntu areagotu da, 2010arekin alderatuta, eta 4,8 puntu, 2005arekin alderatuta.
I+Garen exekuzio-sektorea kontuan hartuta ikusten da enpresen sektorean eta goi-mailako irakaskuntzaren sektorean dela emakumeen presentzia esanguratsuagoa, kantitateari dagokionez: 4.245 eta 2.237 emakume, hurrenez hurren, eta 648 emakume administrazio publikoaren sektorean. Hala ere, termino erlatiboetan, administrazio publikoan emakumeak pertsonal osoaren % 55,7 dira; goi-mailako irakaskuntzan, % 49,2, eta enpresen sektorean, % 30,8.
Oharra: Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten elkarlanean jardun duten enpresa eta erakunde guztiei, eginiko ahaleginagatik; informazio-bilketa 2021eko apiriletik urrira bitartean egin da. Haien laguntzarik gabe, ez zatekeen posible izango.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62