2022/01/12ko prentsa-oharra
UDAL BPG. 2019
Zerbitzuek Bilbon eta Donostian jarduera ekonomikoaren % 90 hartzen dute, eta, Gasteizen, zerbitzuekin (% 68,9) batera, industriak (% 25,9) ere bai
Gipuzkoak jarduera ekonomikoaren lurraldearen araberako antolamendu banatuagoa du, beste bi lurraldeekin alderatuta
Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalerriek sortutako jarduera ekonomikoa, balio erantsi gordinaren (BEG) terminoetan, Zerbitzuen sektorean oinarritzen da, nagusiki, eta sektore horrek, Euskal AEko 3 hiriburuetan, hirurek 2019an sortutako jarduera osoaren % 83,4 hartzen du, Eustaten datuen arabera.
Egoera hori bereziki nabarmena da Bilboren kasuan; bertan, zerbitzuen jarduerek jarduera ekonomiko osoaren % 90,8 hartzen dute. Halaber, bereziki nabarmena da Donostiaren kasua; bertan, % 88,7 hartzen dute. Bi kasu horietan, honako jarduera hauek duten presentzia handiak eragiten du: Higiezinak, Merkataritza edo Ostalaritza, besteak beste.
Gasteizek, bestalde, askoz ere pisu baxuagoa du Zerbitzuen sektorean (% 68,9), egitura ekonomiko industrialagoaren alde, zeinak, Automobilgintzako Industriaren eta Kautxuzko Produktuen manufaktura-ekoizpenean oinarrituta, jarduera ekonomikoaren % 25,9 hartzen baitu.
Gasteizek Arabako lurralde historikoaren BEGaren % 72,6 sortzen du
Arabako lurralde historikoan BEG handiena sortzen duten udalerrien artean, Gasteiz hiriburua da nabarmenena; 8.000 milioi euro baino gehiagoko BEGa izanik, lurralde osoan sortutako BEGaren % 72,6 hartzen du.
Iturria: Eustat. Udal BPG
Arabako Lautadako eskualdea Gasteizko enpresa-egitura sendoan oinarritzen da, eta, aldi berean, Arabako lurraldeari balio erantsi gehien ematen dion eskualdea da, bai Industria eta Energiaren sektorean (lurralde osoaren % 65,3 dakar) bai Eraikuntzan (% 79,5) eta Zerbitzuetan (% 84,8). Ondoren, sektore horietan, Arabako Kantaurialdearen eskualdea dago. Bertan, honako udalerri hauek nabarmentzen dira: Laudio, non Beiraren industriak eta Siderurgiak pisu handia baitute, eta Amurrio, non Siderurgiak eta Altzarien fabrikazioak ere pisu handia baitute.
Arabako Errioxaren eskualdeak baino ez du ordezkatzen Arabako Lautada Lehen Sektorean; lurralde historikoan sektore horren balio erantsiaren % 49,2 hartzen du, eskualde horren ardogintzaren jarduerari lotutako nekazaritzari esker. Eskualde horretan, Oion eta Laguardia nabarmentzen dira, guztizkoaren % 10,0 eta % 9,4 hartzen baitute, hurrenez hurren.
Bizkaian BEG gehien sortzen duten udalerriak Bilbo Handiaren eskualdekoak dira
Bilbo Handiaren eskualdean daude Bizkaian BEG gehien sortzen duten 10 udalerrietako 9; horien guztien artean, 2019an, lurralde historiko horren BEG guztiaren % 60,8 sortu zuten. Honako udalerri hauek dira: Bilbo (2019an BEGeko 11.200 milioi euro baino gehiago), Barakaldo, Zamudio, Getxo, Leioa eta Basauri (aldi berean, bakoitzak 1.000 milioi euro baino gehiago sortzen ditu) eta Erandio, Galdakao eta Santurtzi (bakoitzak 900 milioi euro baino gehiago sortzen ditu).
Iturria: Eustat. Udal BPG
Jarduera-sektoreen arabera, Gernika-Bermeo eskualdea da 2019an BEGaren bolumen handiena sortu duena Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren sektorean (Bizkaiko guztizkoaren % 54,0). Hala ere, Araban ez bezala –bertan nekazarita-jarduera da nagusi–, Gernika-Bermeon arrantzak dakar BEG handiena Bizkaiko lurraldean sektore horretan, eta Bermeo da arrantza-jarduera handiena duena (% 48,4) eta, ondoren, Ondarroa (% 9,8).
Gainerako sektore ekonomiko handietan, Bilbo Handiaren eskualdea da nagusi: % 58,4ko pisua du Bizkaiko Industria eta Energian, % 78,9koa Eraikuntzaren kasuan eta % 81,9koa lurralde historikoko Zerbitzu guztietan; haietan, oso esanguratsuak dira Higiezinen jarduerak, Merkataritza, Ostalaritza eta Administrazio publikoen zerbitzuak, besteak beste.
Nabarmentzekoa da Industria eta Energiaren sektorean Bizkaiko BEGaren sorrera nahiko banatuta dagoela udalerri askoren artean, eta Zamudio da pisu handiena duena, guztizkoaren % 9,9. Ez da gauza bera gertatzen Eraikuntzaren eta Zerbitzuen sektoreetan; izan ere, Bilbo da BEGaren ehuneko handiena duen udalerria (% 27,6 eta % 37,8ko pisua, hurrenez hurren).
Donostialdeak Gipuzkoako BEGaren % 48,2 sortzen du
Gipuzkoaren barruan, Donostialdea da 2019an BEG handiena sortu duena, 11.000 milioi euro baino gehiago, lurraldearen guztizkoaren % 48,2. Donostiako udalerria da buru; 7.000 milioi euro baino gehiagoko BEGa sortu du eta % 29,7ko pisua du.
Irun, Bidasoa Beherean, BEG gehien sortzen duen Gipuzkoako bigarren udalerria da (1.700 milioi euro baino gehiago), zati handi batean duen muga-egoeragatik eta horrek dakartzan jarduerengatik –besteak beste, Merkataritza, Ostalaritza eta garraioarekin lotura duten zerbitzuak–.
Gipuzkoan BEGaren antolamendua banatuago dago lurraldean, beste bi lurralde historikoekin alderatuta, non BEGaren kontzentrazio handiagoa baitago.
Iturria: Eustat. Udal BPG
Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren sektorean, kostaldeko eskualdeak nagusitzen dira, eta Urola Kosta da BEG handiena duena, sektorearen % 32,2 sortzen baitu lurraldean, eta, ondoren, Bidasoa Beherea (% 17,9) eta Donostialdea (% 15,8). BEG handiena sortzen duten udalerriek arrantza-jarduera handia dute, eta honako hauek dira nagusiak: Hondarribia (sektorearen % 16,8), Getaria (% 15,3) eta Pasaia (% 7,1).
Industria eta Energiaren sektoreko BEGa oso banatuta dago udalerrien artean; Beasain dago lehen postuan, zeinak % 7,8ko pisua baitu lurraldeko BEG osoaren gainean, nagusiki trenbide-materialaren fabrikazio handiaren ondorioz. Ondoren, Hernani (% 6,4) eta Oñati (% 5,7) daude, eta bietan da nabarmena Erabilera orokorreko makineria, besteak beste.
Eraikuntzaren eta Zerbitzuen sektoreetan, balio erantsiaren kontzentrazio handiena Donostialdean izan da, zehazki, eta, beste bi lurralde historikoetan bezala, lurraldeko hiriburuaren –Donostia– jardueraren arrastearen ondorioz, zeinak Gipuzkoako lurraldeko Eraikuntzaren % 29,7 eta Zerbitzuen % 40,5 sortzen baitu. Azken horietan, presentzia handia dute Higiezinen jarduerek eta turismoari lotuta dauden ostatu eta jatetxeetakoek (Ostalaritza).
Ohar metodologikoa: Jarduera ekonomikoa, ekoizpen-sektoreek (lehen mailakoa, industria, eraikuntza eta zerbitzuak) sortzen duten balio erantsiaren bidez neurtua, haren ekoizpen-unitateak dauden lurraldeari lotzen zaio. Errenta, berriz, pertsonei eta haien bizilekuari lotuta dago.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62