2022/06/02ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2022KO APIRILA
Euskal AEko industria-jarduera % 3,5 hazi da 2022ko apirilean
2022ko lehenengo lau hilabeteetako metatuan, Industria-produkzioaren indizeak % 6,8ko hazkundea izan du
Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegiko termino homogeneoetan, Euskal AEko industria-produkzioa 2022ko apirilean % 3,5 handiagoa izan da 2021eko hil berean baino. Aurreko hilabetearen aldean, industria-jarduera % 1,1 hazi da, urtaro-ondorioak zuzenduta.
Apirilean ikusitako goranzko joera horren ondoren, Industria-produkzioaren indizearen urteko lehenengo lau hilabeteetan metatutako urte arteko hazkundea % 6,8koa da.
2022ko apirileko indizearen bilakaerak, 2021eko apirilarekin alderatuta, portaera ezberdina izan du industria-sektore handietan: Ekipo-ondasunen sektorean (motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen egitea eta aireontziak edo itsasontziak egitea barne hartzen dituena) % 10,7ko hazkundea izan du produkzioak, eta Bitarteko ondasunetan, berriz, % 1,1ekoa. Azken sektore horretan sartzen dira metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.
Kontsumo-ondasunek, berriz, urte arteko % 0,9ko igoera izan dute oro har, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren % 1,6ko hazkundearen eraginez; aldiz, Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 1,6ko jaitsiera izan dute. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren epigrafearen barruko jarduerak. Altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioa dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun iraunkorren sektoreko jarduerak.
Aitzitik, urte arteko kopuruetan portaera negatiboa izan duen sektore bakarra Energia izan da, % 4,6ko jaitsierarekin. Sektore horretan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioaren fintzea.
Euskal AEko Industria produkzioaren indizea lurralde historikoaren eta ondasunen helburu ekonomikoaren arabera. Aldakuntza-tasak (p). Apirila 2022
| | Egutegi eraginak zuzendutako datuak | Datu desestazionalizatuak |
| | m / m-12 | Am / A(m-12) | m / m-1 |
| INDIZE OROKORRA | | | |
| Euskal AE | 3,5 | 6,8 | 1,1 |
| Araba/Álava | 1,4 | 4,8 | 3,7 |
| Bizkaia | 5,0 | 8,2 | -0,3 |
| Gipuzkoa | 3,3 | 6,7 | 0,9 |
| ONDASUNEN HELBURU EKONOMIKOAREN ARABERAKO INDIZEAK | | | |
| Kontsumo-ondasunak | 0,9 | 6,8 | -0,1 |
| Kontsumoondasun iraunkorrak | -1,6 | 0,1 | 6,8 |
| Kontsumoondasun ez-iraunkorrak | 1,6 | 8,5 | -1,7 |
| Ekipo-ondasunak | 10,7 | 14,0 | 1,6 |
| Bitarteko ondasunak | 1,1 | 2,0 | 2,4 |
| Energia | -4,6 | 8,3 | -3,3 |
(p)Behinbehineko datuak
m/m12 Azken hileko (m) aldakuntza-tasa, aurreko urteko hil beraren (m-12) aldean
Am / A(m-12) Urte arteko aldakuntza-tasa , urtarriletik behatutako azken hilera arte metatutako aldian (Am), aurreko urtean pilatutako aldi beraren (A(m-12)) aldean
m / m-1 Azken hileko (m) aldakuntza-tasa, aurreko hilaren (m-1) aldean
Data 2022ko Ekainaren 2a
Iturria: Eustat. Industria-produkzioaren indizea
Xehekiago, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2022ko apirilean urte arteko hazkunderik handiena izan dutenak Makineria eta ekipoa (% 14,3), Garraio-materiala (% 7,3) eta Metalurgia eta produktu metalikoak (% 5,2) izan dira. Beste muturrean, ekoizpenean jaitsierarik handienak izan dituzten sektoreak hauek izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 12,7ko jaitsiera), Elikadura industriak, edariak eta tabakoa (% 9,6ko jaitsiera) eta Kautxu eta plastikoa (% 4,4ko jaitsiera).
Euskal AEko Industria produkzioaren indizea. Sektore A38 nagusiak (1). Urte arteko hazkunde-tasa (p). Apirila 2022
| | m / m-12 |
| Elikadura ind., edariak, tabakoa | -9,6 |
| Zurgintza, papera eta arte grafikoak | 3,3 |
| Kautxua eta plastikoak | -4,4 |
| Metalurgia eta produktu metalikoak | 5,2 |
| Materiala eta tresna elektrikoak | -0,2 |
| Makineria eta tresneria | 14,3 |
| Garraio-materiala | 7,3 |
| Energia elektrikoa, gasa eta lurruna | -12,7 |
(p)Behinbehineko datuak
Egutegi eraginak zuzendutako datuak
(1)Euskal Aeko industrian pisurik handiena duten sektoreak
Data 2022ko Ekainaren 2a
Iturria: Eustat. Industria-produkzioaren indizea
Apirileko Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru Lurraldeetan: Bizkaian % 5,0 igo da, Gipuzkoan % 3,3 eta Araban % 1,4.
INFORMAZIO OHARRA
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie informazioa biltzen lagundu duten establezimendu guztiei. Haiei esker, apirileko indizea laginaren % 93,92ko estaldurarekin kalkulatu da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62