2022/08/03ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2022
2021ean, merkataritza elektroniko bidezko salmentek % 9,7ko igoera izan dute Euskal AEn, eta erosketek, berriz, % 8,7koa
Merkataritza elektroniko bidezko salmenten % 26,5 partikularrei zuzenduta daude (% 12 inguru 2002an)
2021ean, Euskal Autonomia Erkidegoko establezimenduek egindako salmenten zenbatekoa aurreko urtekoa baino % 9,7 handiagoa izan da, eta erosketena, berriz, % 8,7 handiagoa, Eustatek landutako datuen arabera. Erosketek zein salmentek igoera etengabeak izan dituzte urtez urte datuak eskuragarri daudenetik. Azken igoera horiekin, 2021. urtean gainditu egin da 24 mila milioi euroko muga salmenten kasuan, eta hemezortzi mila milioi eurokoa erosketen kasuan.
Kalkulatutakoaren arabera, salmenta elektronikoak merkataritza elektroniko bidezko salmentak egin dituzten establezimenduen salmenta guztien % 44,0 izan dira, batez beste. Erosketa elektronikoak, berriz, enpresek 2021ean egindako erosketa guztien % 38,2 izan dira.
Euskal Autonomia Erkidegoan, establezimenduen % 28k (berrogeita lau mila zortziehun establezimendu inguruk) egiten dute merkataritza elektronikoa. Zifra hori aurreko urtekoa baino puntu bat handiagoa da.
2021ean sarearen bitartez edo beste sistema elektroniko batzuen bidez –hala nola posta elektronikoaren edo datu elektronikoen trukearen (EDI eta beste sare batzuk) bidez– sortutako negozio-bolumena 24.224,9 milioi eurora iritsi da egindako salmenta elektronikoei dagokienez, eta 18.241,3 milioi eurora egindako erosketei dagokienez.
Euskal AEko merkataritza elektronikoaren bidezko erosketak eta salmentak, lurraldearen eta enplegu-geruzaren arabera (milioi euro). 2020-2021
| | Erosketak | Salmentak |
| | 2020 | 2021 | % | 2020 | 2021 | % |
| Euskal AE | 16.784,1 | 18.241,3 | 8,7 | 22.092,4 | 24.224,9 | 9,7 |
| Araba/Álava | 2.961,0 | 3.168,0 | 7,0 | 6.475,3 | 6.977,2 | 7,8 |
| Bizkaia | 8.716,3 | 9.469,1 | 8,6 | 8.396,5 | 9.209,4 | 9,7 |
| Gipuzkoa | 5.106,8 | 5.604,2 | 9,7 | 7.220,6 | 8.038,3 | 11,3 |
| | | | | | | |
| enplegu-geruza | | | | | | |
| 0 - 9 | 4.998,5 | 5.405,0 | 8,1 | 4.196,4 | 4.250,9 | 1,3 |
| >=10 | 11.785,6 | 12.836,3 | 8,9 | 17.896,1 | 19.974,0 | 11,6 |
Data 2022ko Abuztuaren 3a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Lurraldeei dagokienez, salmenta elektronikoetan Gipuzkoan eta Bizkaian izan den bi digitutik gorako edo bi digitu inguruko igoera nabarmentzen da (% 11,3 Gipuzkoan eta % 9,7 Bizkaian). Araban, berriz, salmenta elektronikoek % 7,8ko igoera izan dute. Erosketa elektronikoen kasuan ere, hiru lurraldeek hobetu dituzte beren zifra ekonomikoak 2020koen aldean. Berriz ere, Gipuzkoak izan du igoerarik handiena (% 9,7), eta, haren atzetik, Bizkaia (% 8,6) eta Araba (% 7,0) kokatu dira.
Lurralde bakoitzak duen pisuari dagokionez, salmenta elektronikoak antzera banatu dira hiru lurraldeetan. Bizkaian, Autonomia Erkidegoko salmenta guztien % 38,0 egin dira, Gipuzkoan % 33,2 eta Araban % 28,8. Erosketen kasuan, berriz, ehunekoa desberdinagoa izan da. Bizkaian, Euskal Autonomia Erkidegoko erosketa elektroniko guztien % 51,9 egin dira, Gipuzkoan % 30,7 eta Araban % 17,4.
Bestalde, eta tamaina kontuan hartuta, 10 enplegatu edo gehiago dituzten establezimenduetan trukatu da kantitate ekonomikorik handiena merkataritza elektronikoaren bidez (salmenta elektronikoen % 82,5 eta erosketa elektronikoen % 70,4).
Horrez gain, merkataritza elektronikoan parte hartu duten establezimenduen ehunekoa % 28,0ra iritsi da 2021ean, eta zifra hori aurreko urtekoa baino portzentajezko 1,1 puntu handiagoa izan da. Igoera hori erosketa elektronikoak egiten dituztenen ehunekoa aurreko urtekoa baino portzentajezko puntu bat handiagoa izan delako eta, neurri txikiagoan, salmenta elektronikoak egiten dituztenen ehunekoak portzentajezko 0,7 puntuko igoera izan duelako gertatu da. Gaur egun, establezimendu guztien % 25,0k egiten dituzte erosketa elektronikoak, eta % 8,3k salmenta elektronikoak.
Euskal AEn merkataritza elektronikoa egiten duten establezimenduak ( %). 2001-2021
| | 2001 | 2005 | 2010 | 2015 | 2016 | 2017 | 2018 | 2019 | 2020 | 2021 |
| Establezimenduak, guztira | | | | | | | | | | |
| Salerosketa elektronikoa | 3,0 | 10,5 | 15,1 | 26,4 | 26,0 | 25,1 | 26,3 | 27,1 | 26,9 | 28,0 |
| Erosketak | 2,7 | 9,6 | 14,2 | 23,9 | 24,0 | 23,0 | 24,1 | 24,7 | 24,0 | 25,0 |
| Salmentak | 0,4 | 1,9 | 3,9 | 6,5 | 6,5 | 6,8 | 6,9 | 7,0 | 7,6 | 8,3 |
| erosketen gaineko (*) | 9,6 | 15,5 | 28,1 | 31,3 | 33,3 | 36,2 | 36,4 | 38,4 | 40,2 | 38,3 |
| salmenten gaineko (*) | 9,9 | 24,6 | 38,6 | 36,8 | 35,1 | 41,4 | 40,6 | 43,7 | 46,6 | 44,0 |
| | | | | | | | | | | |
| 10 langile edo gehiago | | | | | | | | | | |
| Salerosketa elektronikoa | 6,4 | 19,5 | 23,1 | 30,0 | 29,7 | 29,0 | 31,6 | 33,2 | 33,5 | 35,3 |
| Erosketak | 5,1 | 17,3 | 20,3 | 25,3 | 25,8 | 25,1 | 27,0 | 28,3 | 28,9 | 30,2 |
| Salmentak | 1,8 | 5,1 | 8,5 | 11,4 | 11,9 | 12,6 | 13,1 | 13,8 | 14,2 | 14,9 |
| erosketen gaineko (*) | 4,6 | 10,3 | 24,6 | 31,0 | 30,7 | 32,4 | 33,1 | 32,9 | 34,0 | 35,5 |
| salmenten gaineko (*) | 12,7 | 19,4 | 38,4 | 42,6 | 42,1 | 43,2 | 45,9 | 44,2 | 43,3 | 43,2 |
(*)Merkataritza elektronikoa egiten duten establezimenduetan, erosketa/salmenta elektronikoen batez besteko ehunekoa guztizko salmenten aldean
Data 2022ko Abuztuaren 3a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Era berean, erosketa elektronikoak egiten dituzten establezimenduen kopurua salmenta elektronikoak egiten dituztenena baino askoz handiagoa bada ere, zifra ekonomikoetan salmenta elektronikoak erosketa elektronikoak baino handiagoak izan direla ikus daiteke (24.224,9 eta 18.241,3 milioi euro, hurrenez hurren).
Zifra horiek desberdinak dira establezimenduen enplegu-tamainaren arabera. Izan ere, 10 enplegatu edo gehiago dituzten establezimenduen % 35,3k erabili dute merkataritza elektronikoa, eta zifra hori aurreko urtekoa baino portzentajezko 1,8 puntu handiagoa da. Segmentu horretan ere, erosketa elektronikoak egin dituztenak salmenta elektronikoak egin dituztenak baino gehiago izan dira (% 30,2 eta % 14,9, hurrenez hurren). Hortaz, erosten dutenen kopuruak zein saltzen dutenenak egin du gora (portzentajezko 1,3 eta 0,7 puntu, hurrenez hurren).
Erosketa elektronikoak egiteko baliabideari dagokionez, guztizko zenbateko ekonomikoaren % 48,5 posta elektronikoaren bidez egin da, % 25,9 EDI eta beste sare batzuen bidez, eta gainerako % 25,5a, berriz, webguneen bidez. Bestalde, salmenta guztien % 36,3 webguneen, aplikazioen (app-en) edo interneteko salmenta-atarien bidez egin dira, % 29,8 posta elektroniko bidez, eta % 33,9 EDI eta beste sare batzuen bidez.
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Aldi erabilgarriak
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Aldi erabilgarriak
Kontsumitzaile partikularrak neurri handiagoan parte hartu du merkataritza elektronikoan: lau eurotik bat baino gehiagok bezero mota hori izan du xede
2021. urtean merkataritza elektronikoko salmenten xede izan den bezero motari dagokionez, baliabide elektronikoen bidez fakturatutako guztizkoaren zatirik handienaren (% 72,0ren) hartzaileak beste enpresa batzuk izan dira (B2B merkataritza), % 26,5ek kontsumitzaile partikularrak (B2C) izan ditu xede, eta % 1,5ek, berriz, beste bezero mota batzuk, hala nola Administrazio Publikoak (B2G). Beste enpresa batzuei egindako salmenten nagusitasuna gorabehera, adierazi beharra dago kontsumitzaile partikularrei egindako salmentek nabarmen egin dutela gora. Izan ere, 2000. urtearen hasieran, bezero mota hori baliabide elektronikoen bidez fakturatutako hamar eurotik batek zuen xede, eta hogei urte geroago, berriz, lau eurotik batek baino gehiagok.
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Aldi erabilgarriak
INFORMAZIO-OHARRA
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten lagundu duten enpresa eta erakunde guztiei. Informazio-bilketa 2022ko urtarriletik apirilera bitarte egin da.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62