2022/07/15eko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2022
Euskal enpresetako enplegatuen % 10,2 telelanean ari da 2022an, pandemiaren hasieran baino ia bi aldiz gehiago
10 langile eta gehiagoko 4 establezimendutik ia 3k sare sozialak erabiltzen dituzte beren jardueraren garapenean, eta establezimenduen erdiak zerbitzu informatikoak hodeian
Euskal enpresetako langileen % 10,2k enpresaren lokaletatik kanpo lan egin du gutxienez bere lanaldiaren heren bat modu erregularrean 2022an, sare telematikoak erabiliz IKT —Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak— sistemekin konektatzeko, eta horregatik telelangiletzat har daiteke, Eustatek landutako datuen arabera.
Telelangileen ehuneko hori, aurreko urtean (2021ean) emandako % 12arekin alderatuta murrizten bada ere, 2020an —pandemiaren hasieran— emandakoaren (% 5,4) ia bikoitza da.
Gainera, batez beste, langileen % 76,0k IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) sistemak erabiltzen ditu, eta % 10,5 IKT sistemetan aditua dela ikusi da. Era berean, langile guztien herenak baino gehiagok (% 39,5) urruneko konexioa du, erabilera profesionalerako gailu eramangarri baten bidez.
Langile horiek sexuaren arabera aztertuz gero, nabarmentzekoa da, IKT sistemetako espezialisten kasuan izan ezik, gizonen ehunekoa (% 65,7) emakumeena (% 34,3) baino handiagoa dela, eta aipatutako gainerako kategorietan ehunekoak oso antzekoak direla, ia % 50ean banatuta.
Jarduera-sektoreen arabera, ordea, eta IKTetako espezialisten kasuan izan ezik (hemen gizonen ehunekoa beti handiagoa da), gainerako sektoreetan aldeak ikusten dira sexuen artean. Hala, Industrian eta Eraikuntzan gizonen ehunekoa handiagoa da, eta Zerbitzuetan, aldiz, emakumeena da handiagoa.
Euskal AEko establezimenduetako IKT enplegatuak, lurralde historikoaren eta jarduera-adarraren arabera (%). 2022
| | IKT erabiltzaileak | IKT espezialistak | Enplegatuak urruneko konexioarekin | Telelangileak |
| | Guztira | Emakumeak | Gizonak | Guztira | Emakumeak | Gizonak | Guztira | Emakumeak | Gizonak | Guztira | Emakumeak | Gizonak |
| Euskal AE | 76,0 | 49,8 | 50,2 | 10,5 | 34,3 | 65,7 | 39,5 | 47,5 | 52,5 | 10,2 | 49,3 | 50,7 |
| Araba/Álava | 75,6 | 46,9 | 53,1 | 8,9 | 35,9 | 64,1 | 35,5 | 45,2 | 54,8 | 8,3 | 49,3 | 50,7 |
| Bizkaia | 76,4 | 50,4 | 49,6 | 11,2 | 33,7 | 66,3 | 40,2 | 48,1 | 51,9 | 10,5 | 48,7 | 51,3 |
| Gipuzkoa | 75,7 | 50,3 | 49,7 | 10,3 | 34,2 | 65,8 | 40,5 | 47,9 | 52,1 | 10,7 | 50,1 | 49,9 |
| Jarduera-adarra | | | | | | | | | | | | |
| Industria | 65,5 | 29,6 | 70,4 | 5,5 | 23,6 | 76,4 | 33,3 | 29,6 | 70,4 | 9,2 | 37,0 | 63,0 |
| Eraikuntza | 54,4 | 32,0 | 68,0 | 8,6 | 34,1 | 65,9 | 39,4 | 28,9 | 71,1 | 7,3 | 44,3 | 55,7 |
| Zerbitzuak | 80,5 | 56,7 | 43,3 | 12,0 | 37,6 | 62,4 | 41,2 | 53,9 | 46,1 | 10,7 | 53,6 | 46,4 |
Data 2022ko Uztailaren 15a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
10 langile edo gehiagoko industria-enpresen % 22,0k robotika erabiltzen du
Enpresen eraldaketa digitalari dagokionez —Industria 4. 0 deritzona— Sare Sozialak dira, enpresen helburuetarako erabiltzen dituzten establezimenduen % 55,2rekin, aztertzen diren bederatzi adierazleen artean azpimarragarriena.
Ondoren, Zerbitzu Mugikorrak agertzen dira, % 33,5ekin. Zerbitzu mugikorrak dira enpresaren jarduerarekin eta produkzio-prozesuekin lotutako aplikazioak erabiltzea.
Hirugarrenik, Zerbitzu Informatikoak Hodeian (Cloud Computing) daude, establezimenduen % 26,6k ordaintzen baitute ostatatze hori; horri esker, enpresa baten informazioa edo zerbitzua eskura daiteke, edozein lekutan kokatutako edozein gailu mugikor edo finkotatik Internetera konektatuz.
Gainera, % 10etik % 20ra bitarteko ehunekoekin, Zibersegurtasun Jarduerak (% 20,8), Gauzen Internet (IoT) (% 13,6) eta Big Data Analisia (% 12,2) daude. Azkenik, eta % 5etik behera, Adimen Artifiziala (% 4,9), 3D inprimagailuak (% 2,6) eta Robotika (% 2,3) daude.
10 langile edo gehiagoko establezimenduen kasuan, ehuneko horiek nabarmen handiagoak dira, bereziki sare sozialak enpresa-helburuetarako erabiltzeari eta hodeian informatika-zerbitzuak erabiltzeari dagokienez. Lehenengoaren kasuan, tamaina horretako establezimenduen % 73,8ra iristen da, eta bigarrenaren kasuan % 50,2ra. Azken ehuneko horretatik oso hurbil daude zerbitzu mugikorren erabilera (% 49,3) eta zibersegurtasuneko jarduerak (% 47,7). Horietatik urrun samar, baina % 25etik gora, makrodatuen analisia (Big Data) (% 25,9) eta Gauzen Internet (IoT) (% 25,6) agertzen dira. Azkenik, robotika enpresen % 12,9k erabiltzen du —Industriaren sektorean % 22,0ra igoz—, eta 3D inprimagailuak eta adimen artifizialeko sistemak 10 langile eta gehiagoko establezimenduen % 8,7k eta % 8,4k erabiltzen dituzte.
Euskal AEko establezimenduetako 4.0 Industriaren adierazleak, enplegu-geruzaren arabera. 2022
| | Establezimendu guztiak | 10 langile edo gehiagoko establezimenduak |
| Sare sozialen erabilera enpresa-helburuetarako | 55,2 | 73,8 |
| Zerbitzu informatikoen erabilera "hodeian" | 26,6 | 50,2 |
| Zerbitzu mugikorren erabilera | 33,5 | 49,3 |
| Gauzen interneten erabilera (IoT) | 13,6 | 25,6 |
| Zibersegurtasuneko jarduerak | 20,8 | 47,7 |
| Makrodatuen analisia (Big Data) | 12,2 | 25,9 |
| Adimen artifizialeko sistemen erabilera | 4,9 | 8,4 |
| 3D inprimagailuen erabilera | 2,6 | 8,7 |
| Robotikaren erabilera | 2,3 | 12,9 |
Data 2022ko Uztailaren 15a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Euskal enpresek ia eskuragarritasun handiena lortu dute IKT ekipamenduetan
Euskal enpresen IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) ekipamenduei dagokienez, gero eta hobeto prestatuta daude eta teknologia horiek erabiltzen dituzten langileen ehunekoa ere handiagoa da. Gaur egun, establezimenduen % 94,8k ordenagailua du, % 92,5ek posta elektronikoa erabiltzen du, % 93,5ek Interneterako sarbidea du eta % 95,8k telefono mugikorra erabiltzen du. Gainera, enpresen erdiak baino gehiagok, % 54,3k, webgunea du.
10 langile edo gehiagoko establezimenduetan, ekipamenduen portzentaje horiek ia goia jotzen dute. Horrela, % 99,5ek ordenagailua du, % 99,2k posta elektronikoa erabiltzen du, % 99,6k Interneterako sarbidea du, % 97,9k telefono mugikorra erabiltzen du eta % 92,0k webgunea du; beraz, establezimendu txikienek ez bezala, ia ez dute hazteko tarterik.
Euskal AEko establezimenduetako informazioaren teknologien ekipamenduak, lurralde historikoaren eta enplegu-geruzaren arabera. 2022
| | Ordenagailu pertsonala | Posta elektronikoa | Internet | Telefono mugikorra | Webgunea |
| | % establ. ald | % enplegu. ald | % establ. ald | % enplegu. ald | % establ. ald | % enplegu. ald | % establ. ald | % establ. ald |
| Euskal AE | 94,8 | 73,3 | 92,5 | 69,8 | 93,5 | 70,6 | 95,8 | 54,3 |
| Araba/Álava | 95,8 | 71,2 | 93,5 | 65,3 | 94,9 | 66,0 | 96,1 | 54,6 |
| Bizkaia | 94,3 | 74,2 | 91,2 | 70,5 | 92,4 | 71,5 | 95,2 | 52,7 |
| Gipuzkoa | 95,2 | 73,0 | 93,9 | 71,0 | 94,6 | 71,5 | 96,5 | 56,7 |
| Enplegu-geruzak | | | | | | | | |
| 0tik 9ra | 94,4 | 75,9 | 91,8 | 71,6 | 92,9 | 74,3 | 95,6 | 50,8 |
| 10 eta gehiagokoak | 99,5 | 72,1 | 99,2 | 69,0 | 99,6 | 68,1 | 97,9 | 92,0 |
Data 2022ko Uztailaren 15a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoari dagokionez, langileen % 73,3k ordenagailua erabiltzen du, % 69,8k posta elektronikoa du eta % 70,6k Interneterako sarbidea du.
Segurtasun informatikoa oso hedatuta dago euskal enpresetan
Bestalde, enpresen % 90,0k segurtasun informatikoko neurriren bat du, aurreko urtean baino ehuneko 1,9 puntu gehiago. Neurri horien artean nabarmentzen dira, % 30etik gora, software eguneratua izatea (% 86,4), pasahitz segurua (% 84,4), kanpoko Backup-ak (% 65,3), sarerako sarbidearen kontrola (% 41,5) eta datuen zifratzea (% 34,6). 10 langile edo gehiagoko enpresen kasuan, ehuneko horiek guztiak handiagoak dira, eta ia guztiek (% 99,0) segurtasun informatikoko neurriren bat erabiltzen dute.
Gainera, 2022an, euskal enpresen % 43,8k kode irekiko softwarea du, hala nola Internet bidezko nabigatzaileak, ofimatikako programak, sistema eragile doakoak edo irekiak (Linux,...), etab. 10 langile edo gehiagoko enpresetan, ehuneko hori % 55,3raino igotzen da.
Zuntz optiko bidezko konexioa da Internetera sartzeko modu nagusia
Interneterako sarbidea duten euskal enpresak guztizkoaren % 93,5 dira gaur egun, aurreko urtean konektatutakoak ehuneko 0,9 puntu igo ondoren.
Hala, konexio finkoen multzoa —ADSL, Kable edo beste konexio finko batzuen bidez— Interneteko sarbidea duten enpresen % 94,1ean aurkitzen dugu, eta konexio mugikorrak, berriz, konektatutako enpresen % 89,6an.
Konexio finkoak dituzten enpresetan, Zuntz Optikoa da (Kablea, FTTH...); sarera sartzeko modu nagusia (% 80,5), eta, gainera, hazkunde-ildoari eusten dio, sarbide gisa ADSL (% 43,8) nabarmen gaindituta jada.
Tamaina kontuan hartzen badugu, 10 langile edo gehiagoko enpresetan, % 99,6k Interneterako sarbidea du: % 99,6 konexio finkoen bidez eta % 93,5 konexio mugikorren bidez. Hemen ere, Zuntz Optikoa da (Kablea, FTTH...) sarbide nagusia (% 90,1). Ondoren, ADSL lineak daude (% 53,4), azken urteetako beherakadarekin jarraitzen dutenak.
Euskal enpresa guztien % 54,3k —10 langile edo gehiago dituzten enpresen % 92,0k— presentzia du Interneten web-orriaren bidez
Enpresek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote Interneten Web orri baten bidez agertzeari. Horrela, azken urtean, sarean daudenak guztizkoaren % 54,3 dira, eta 10 langile edo gehiagoko enpresen artean kopuru hori % 92,0ra igotzen da.
Web orri horietan enpresari buruzko informazio orokorra, eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen katalogoa, informazioaren pribatutasun-adierazpena, enplegu-eskaintzak eta saldu ondoko zerbitzuak aurki daitezke, besteak beste.
Eskuragarri dauden hizkuntzei dagokienez, gaztelania (% 99,0), euskara (% 44,6), ingelesa (% 30,0) eta beste hizkuntza batzuk (% 13,2) nabarmentzen dira.
10 enplegatu edo gehiago dituzten euskal enpresetan Interneterako sarbidea eta webgunea edukitzea EB-27ko batez bestekoa baino handiagoa da
Nazioartean, EB-27rekin behar bezala alderatzeko, 10 langile edo gehiagoko enpresen datuak eta Eurostatek biltzen dituen jarduerak (finantza-sektorea, administrazio publikoa eta abar ez dituzte kontuan hartzen) erabiltzeaz gain, orain argitaratu den 2021eko informazioa erabili behar da. Urte horretan, ezaugarri horiek dituzten euskal enpresek Europar Batasunako 27 herrialdeetako batez bestekoa (% 98) baino ehuneko handiagoak lortu zituzten Interneterako sarbidean (% 99); gainera, web-orria zutenen ehuneko handiagoa zen: % 91 Euskal AEn 2021ean, eta EB-27n, berriz, % 78 batez beste.
INFORMAZIO-OHARRA
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten lagundu duten enpresa eta erakunde guztiei. Informazio bilketa 2022ko urtarriletik maiatzera egin da, eta erantzun-tasa % 78,6koa izan da.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62