2022/07/18ko prentsa-oharra
ZERBITZUEN INKESTA. JARDUERA PROFESIONALAK ETA ZERBITZU OSAGARRIAK. 2020
Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen sektoreko negozio-zifra 8.641 milioikoa izan zen 2020an, 2019an baino % 13,6 txikiagoa
Mikroenpresak (10 enplegu baino gutxiago) dira COVID-19 pandemiak gehien kaltetu dituenak: establezimenduak itxi ziren (–% 1,4), enplegua galdu zuten (–% 1,7) eta salmentak nabarmen murriztu ziren (–% 18,4)
Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen sektoreko establezimenduen negozio-zifra, 2020an, 8.641 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 13,6 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Urte horretan hasi zen COVID-19 pandemia, eta jarduera ekonomikoari neurri murriztaileenak aplikatu zitzaizkion.
Establezimenduen kopurua pixka bat jaitsi zen, % 1,2, guztira 27.606 izatera heldu arte, eta enplegatuen kopurua % 0,5, 130.910 pertsona okupatuz, 2020. urterako euskal ekonomiaren enplegu osoaren % 13,6.
Negozio-zifraren beherakada handia gorabehera, Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen establezimenduek sortutako balio erantsia 5.620 milioi eurora iritsi zen, eta jaitsiera % 4,4ra mugatu zen.
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldi erabilgarriak
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldi erabilgarriak
Atalen analisia
Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen sektorea bi atalek osatzen dute: Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoenak eta Jarduera administratibo eta zerbitzu osagarrienak.
Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atalak 21.571 establezimendu ditu, eta establezimendu kopuruari dagokionez nagusi da, guztizkoaren % 78,8 baitu. Negozio-zifrari dagokionez ere nagusi da, fakturatutako 5.960 milioi euroak sektorearen % 69 baitira. Ez, ordea enpleguari dagokionez, izan ere, 63.771 pertsona enplegatuek sektorearen erdia baino zertxobait gutxiago osatzen dute, guztizkoaren % 48,7.
Atal honen balio erantsi gordinak nabarmen gainditu zituen 3.777 milioi euroak, eta 2019an lortutakoa % 0,5 hobetzea ere lortu zuen.
Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen sekzioaren negozio-zifrak behera egin du (% 9,1 gutxiago) eta establezimendu kopuruak ere bai (% 0,9 gutxiago), 2020an enplegua % 2,7 igo den arren 2019ko datuekin alderatuta.
Administrazio-jardueren eta zerbitzu osagarrien atalak, berriz, 2.682 milioi euroko fakturazio globala du, eta Jarduera Profesional eta Zerbitzu Osagarri guztien negozio-zifraren % 31 da; bertako 67.139 enpleguak enpleguaren guztizkoaren % 51,3 dira, eta 5.855 establezimenduak jarduera-sektore horretako establezimendu guztien % 21,2 dira.
Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoekin gertatu ez bezala, Administrazio-jardueren eta zerbitzu osagarrien kasuan, balio erantsi gordinak, 1.842 milioi eurotik gorakoa izan zenak, murrizketa esanguratsua izan zuen 2020an (–% 13,2) 2019arekin alderatuta.
Administrazio-jardueren eta zerbitzu osagarrien atalean establezimenduen kopurua % 2,1, enplegua % 3,3 eta fakturazioa % 22,1 murriztu dira.
Dibisioen analisia
Emaitzak jarduera-maila bereiziagoan aztertuz, eta Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atalaren barruan, beren garrantziagatik nabarmentzen dira Jarduera Juridikoetako eta Kontabilitateko eta Arkitektura eta Ingeniaritza Zerbitzuetako dibisioak. Lehenak 2.860 milioi euroko fakturazioa izan zuen, dibisioaren % 48, eta bigarrenak 1.943 milioi eurokoa, dibisioaren % 32,6. Bien artean negozio-zifra osoaren % 80,6 metatu zuten, establezimendu guztien % 75,1 eta enpleguaren % 70,7.
2020an, Jarduera Juridikoetako eta Kontabilitateko dibisioak 26.769 pertsonari ematen die lana 10.763 establezimendutan, eta Arkitektura eta Ingeniaritza Zerbitzuetako 5.569 establezimenduetan 18.323 pertsona ari dira lanean. 2019aren aldean, bietan negozio-zifrak murriztu egin ziren, % 3,6 gutxiago Jarduera Juridikoak eta Kontabilitatekoak, eta % 14,5 arte Arkitektura eta Ingeniaritza Zerbitzuak. Establezimendu kopuruari dagokionez, lehenengoak % 0,3 gehitu dira eta bigarrenak % 2,1 murriztu. Enpleguari dagokionez, Jarduera Juridikoetako eta Kontabilitateko dibisioan % 6 handitu zen eta Arkitektura eta Ingeniaritza Zerbitzuetan % 1,5.
Gainerako hiru dibisioei dagokienez, Ikerketa eta Garapenekoak portaera negatiboa izan du fakturazioan, % 9,9 murriztu baita 2019arekin alderatuta. Antzeko murrizketa (–% 9,3) izan du Beste Jarduera Profesional Batzuek (besteak beste, Diseinua, Argazkigintza, Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Albaitaritza barne hartzen ditu), eta Publizitatea eta Merkatu Azterketak dibisioaren fakturazioa, berriz, % 18,5 murriztu da.
Hala ere, Ikerketa eta Garapeneko jardueretarako enpleguaren bilakaera positiboa da; izan ere, 2019an baino % 3,8 gehiago dago, nahiz eta antzeko neurrian (–% 3,9) murriztu den establezimendu kopurua. Beste Jarduera Profesional Batzuek dibisioan enplegua murriztu da, % 3,1, eta establezimenduen kopurua % 2,4 jaitsi da. Gauza bera gertatzen da Publizitatea eta Merkatu Azterketak adarrarekin; izan ere, bilakaerak zifra negatiboak ditu bai establezimendu kopuruan (% 0,3 gutxiago), bai landunetan (enpleguaren % 4,2 murriztu da).
Administrazio-jarduerak eta zerbitzu osagarriak atalaren barruan, guztizkoan duten partaidetzagatik, Beste Zerbitzu Jarduera batzuek dibisioa nabarmentzen da —Segurtasun eta Ikerketa Jarduerek, Eraikin eta Lorezaintza Zerbitzuek eta Enpresentzako Laguntza Jarduerek osatzen dute—. Sektore horretako enpleguaren eta establezimendu guztien hiru laurdenak ordezkatzen ditu D % 77,9 eta % 73,7, hurrenez hurren). 2020an bilakaera negatiboa izan du, bai landunei dagokienez (–% 0,4), bai establezimendu kopuruari dagokionez D –% 1,1), bai fakturazioari dagokionez D –% 6,9).
Beste Zerbitzu Jarduera batzuek alde batera utzita, beste dibisioek partaidetza txikia dute beren atalaren barruan. Horrela, establezimenduen % 12,4 eta enpleguaren % 2,8 Bidaia Agentziei dagokie, establezimenduen % 10,4 eta enpleguaren % 3,8 Alokairu Jarduerei, eta establezimenduen eta enpleguaren % 3,6 eta % 15,5 Enpleguarekin lotutako jarduerei.
Hirurek izan dituzte jaitsierak, bai establezimendu kopuruan, bai fakturazioan eta enpleguan. Bereziki aipagarria da fakturazioaren jaitsiera Bidaia Agentzietan (% 69,5), enplegua % 13,9 eta establezimendu kopurua % 6,9 murriztu baitira. Bestalde, Alokairu Jardueretan fakturazioa % 15,5 jaitsi da, enplegua ia % 0,5 eta establezimenduak % 2,6. Enpleguarekin lotutako jarduerek ere beherakada nabarmena izan dute diru-sarreretan (–% 22,7) eta landunetan (–% 14,5), baina establezimendu kopurua zertxobait gutxiago jaitsi da (–% 3,3).
Lurraldeen araberako analisia
Gipuzkoan enpleguak gora egin du (% 2,1), baina zertxobait jaitsi da Araban (–% 0,8) eta modu neurritsuan Bizkaian (–% 1,6)
Lurraldeen arteko banaketari dagokionez, eta establezimendu kopurua kontuan hartuta, Euskal AEko guztizkoaren % 53,1 Bizkaian dago, % 33,5 Gipuzkoan eta % 13,4 Araban, eta aldeak kontuan hartzekoak dira jardueraren arabera. Esate baterako, Jarduera Juridikoak eta Kontabilitatekoak % 58,3ra iritsi dira Bizkaian, Gipuzkoan Ikerketa eta garapenari dagozkionak % 44,6 dira, eta Araban Enpleguarekin lotutako jarduerak % 18,8ra, lurralde bakoitzeko jarduera adierazgarrienak aipatzearren.
Enplegua aztertzen bada, lurraldeen araberako banaketak Bizkaiari esleitzen dio 2020an gure erkidegoko guztizkoaren % 57,8, Gipuzkoari % 28,8 eta Arabari % 13,4. Kasu horretan, konparazio bat eginez, jarduera esanguratsuenak honako hauek dira lurraldearen arabera: Bizkaian Beste Zerbitzu Jarduera batzuk (% 62,2), eta, berriz ere, bi lurraldeetan, Ikerketa eta Garapena Gipuzkoan (% 48,1) eta Enpleguarekin lotutako jarduerak Araban (% 22,2).
Lurraldeka, aztertutako adierazle nagusietan, hiru lurraldeek bilakaera negatiboa izan zuten 2020an.
2019arekin alderatuta, Bizkaiak % 15,2ko murrizketa izan du bere negozio-zifran, eta % 14,8koa Arabak eta Gipuzkoak.
Jaitsiera hori establezimendu kopuruaren eta enpleguaren bilakaeraren kasuan moteldu egin da. Lehenengoari dagokionez, Gipuzkoan % 1 murriztu da, eta Araban eta Bizkaian % 1,3. Enpleguari dagokionez, Araban eta Bizkaian % 0,8 eta % 1,6 murriztu da, hurrenez hurren, baina Gipuzkoan % 2,1 handitu da.
Pertsonal-gastuek egokitu egin dituzte aipatutako murrizketak Araban eta Bizkaian, % 7,4ko eta % 3,6ko jaitsierekin; Gipuzkoak, modu neurritsuagoan bada ere, % 1,3ko jaitsiera izan du pertsonal-gastuetan.
Enplegu-mailaren araberako analisia
Establezimenduen tamainaren zehaztasunaren azterketak, enpleguaren arabera, informazio gehigarria ematen du.
Lehenik eta behin, mikroenpresek, hau da, 10 enplegu baino gutxiagoko establezimenduek establezimendu guztien % 93,5 hartzen dute, langile guztien % 32,1i ematen diote enplegua eta sektorearen fakturazioaren % 37,6 sortzen dute.
Enpresa txikiek, 10-49 enplegukoek, establezimenduen % 5,1 hartzen dute, baina sektorearen % 21,8ri ematen diote enplegua, eta 2020an Jarduera profesional eta zerbitzu osagarri guztien % 28 fakturatu zuten. Azkenik, 50 enplegu baino gehiagoko enpresek establezimenduen % 1,4 baino ez zuten, langile guztien % 46,1 enplegatzen zuten eta guztizko bolumenaren % 34,4 fakturatu zuten.
2019tik 2020ra bitarteko bilakaera desberdina da mikroenpresentzat eta pandemiak beren negozio-zifran soilik —baina ez enpleguan eta establezimenduen bolumenean— eragin negatiboa izan duen gainerako enpresentzat,. Izan ere, mikroenpresen enplegua (% 1,7 gutxiago), establezimendu kopurua (–% 1,4) eta fakturazioa (% 18,4 gutxiago) murriztu dira. Aldiz, enpresa txikiek % 1,3ko hazkundea izan dute, eta enpleguan % 1,8koa establezimendu guztietan, baina haien negozio-zifra % 16 jaitsi da. Azkenik, tamaina handiagoko enpresen kasuan, establezimenduen kopurua % 2,6 handitu da, enplegua pixka bat jaitsi da (% 0,5) eta fakturazioa neurritsu jaitsi da (% 5,1).
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62