2022/10/27ko prentsa-oharra
BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA (BUE). 2022
Euskal AEko biztanle kopurua murriztu egin da 2022an, aurreko urtearekin alderatuta, eta 6.682 pertsona gutxiago dira
Galeraren % 68 Bizkaian izan da, eta Araban baino ez da pixka bat areagotu biztanle kopurua
Euskal AEn, 2022ko urtarrilaren 1ean, 2.186.517 biztanle daude; alegia, 6.682 pertsona gutxiago, 2021ean baino, Eustaten datuen arabera. Hala eusten zaio iaz hasitako joerari; orduan, biztanle kopurua, 2020arekin alderatuta, murriztu egin zen, eta 6.512 pertsona gutxiago ziren.
Biztanle kopuruaren beherakadarik handiena Bizkaian izan da, 2021ean baino 4.914 biztanle gutxiago baitaude; ondoren, Gipuzkoan, 716.616 biztanle baititu, aurreko urtean baino 2.271 pertsona gutxiago, eta Araba da (330.692 biztanle) biztanle kopuru handiagoa duen lurralde bakarra (+503 biztanle).
2002aren eta 2022aren artean, Araban biztanle kopurua areagotu egin da, 43.132 biztanle gehiago; alegia, % 15 hazi da. Bolumenari dagokionez, ondoren Gipuzkoa dago, 39.709 biztanle gehiago baititu, baina, biztanleriari dagokionez, % 5,9 baino ez du egin gora. Bizkaia, berriz, beheradakaren buru izan da azken bi urteotan, 18.618 biztanle baino ez baititu irabazi aldi horretan, % 1,7.
Euskal AEko hiriburuen artean, Vitoria-Gasteizen baino ez da pixka bat areagotu biztanle kopurua 2021aren eta 2022aren artean (273 biztanle gehiago). Donostiak 319 biztanle gutxiago ditu eta Bilbok izan du beherakadarik handiena, 2.207 biztanle galdu baititu. Analisia aldi luzeagoan eginez gero, joera bera da. 2002. urteari begiratuz gero, Bilboko biztanle kopurua murriztu dela eta, azken 20 urteotan, 6.162 pertsona gutxiago direla ikusiko dugu, eta Donostiakoa hazi egin dela (2.585). Bi hiriburu horietan biztanle kopuru handiena 2009an izan zen. Vitoria-Gasteizen, berriz, % 14,4 areagotu da azken hamarkadotan biztanle kopurua; lehen 216.926 biztanle zituen eta, orain 248.106.
Euskal AEko gainerako udalerriei dagokienez, nabarmendu behar da azken urtean erdiek baino gehiagok biztanleak galdu dituztela. Hala, biztanleen beherakada absolutu handiena izan duen udalerria, aurten ere, Getxo da, 690 biztanle gutxiago baititu; alegia, % 0,9 gutxiago. Izurtza da ehuneko beherakada handiena izan duen udalerria, % 11,4koa; alegia, 29 pertsona gutxiago ditu. Beste muturrean, Sopela dago; 354 pertsona gehiago ditu, eta, hala, biztanle kopurua gehien handitu duen udalerria da (% 2,3).
2002 eta 2020 artean Portugaletek, Getxok, Sestaok, Basaurik eta Santurtzik 20.194 biztanle galdu zituzten, guztira; biztanle kopuru handiena galdu zuten udalerriak izan ziren. Bizkaian Ondarroak eta Gipuzkoan Arrasatek eta Eibarrek ere bakoitzak 1.000 biztanle baino gehiago galdu zituen.
Eskualdeak kontuan hartzen baditugu, 2021etik 2022ra artean biztanle-galera handiena izan duena, hain zuzen, Bilbo Handia izan da, 4.541 biztanle gutxiagorekin; ondoren, baina oso urrun, Donostialdea (543 biztanle gutxiago). Gainerako eskualdeetan, Euskal AEko 20 eskualdeetako 6tan baino ez da biztanle kopurua hazi azken urtean, eta nabarmentzekoak dira Arabako Lautada –440 biztanle gehiago, % 0,2– eta Plentzia-Mungia –580 gehiago, % 1–.
2002arekin alderatzen badugu, Bilbo Handia izan da, berriro, biztanle-galera handiena izan duen eskualdea, 8.881 pertsona galdu baititu, eta hazkunderik handienak Arabako Lautadan –36.223 egoiliar gehiago–, Donostialdean –14.916 biztanle gehiago–eta Plentzia-Mungian –13.099 biztanle gehiago ditu, eta, hala, % 28,2 hazi da azken 20 urteotan– izan dira.
Euskal AE adinekoen proportzio handiena duen erkidegoetako bat da
Euskal AEko biztanleriaren batez besteko adina 45,5 urtekoa da, Espainia osokoa baino urte eta erditik gora handiagoa, eta, Europako herrialdeen artean, Italiak baino ez du gainditzen (bi urte handiagoa). 2002arekin alderatuta, batez besteko adina 3,8 urte handiagoa da. Sexuen arteko aldea 3 urtekoa da; izan ere, gizonek batez beste 43,9 urte dituzte eta emakumeek, adin aurreratuetako emakumezkoen biztanleria handiagoa denez, 47 urte. Lurraldeetan batez besteko adinak adinen egitura islatzen du: Arabako batez besteko adina erkidegokoa (44,5 urte) baino urtebete txikiagoa da; Gipuzkoa batezbesteko horretara hurbiltzen da, baina azpitik dago (45,1), eta Bizkaiak gainditu egiten du, 46,1 urtekoa baita.
2022an, Euskal AEk, % 23,2rekin, Espainian dauden 65 urteko eta gehiagoko biztanleen proportzioa (% 20,1) gainditzen du, baina beste autonomia-erkidego batzuek proportzio handiagoak dituzte, % 25etik gorakoak, hala nola Asturiasko Printzerriak, Gaztela eta Leonek eta Galiziak. Europarekin erkatuz gero, Italiak baino ez du gainditzen Euskal AEko proportzioa; 4 hamarren altuagoa baino ez da. Sexua kontuan hartuta, emakumeen artean 65 urteko eta gehiagokoen proportzioa % 25,8koa da, eta gizonena, % 20,4koa.
Euskal AEko batez besteko ehunekoa 86 udalerrik gainditzen dute; 165ek balio bera edo txikiagoa dute. Gainditzen dutenen artean, Bilbo, Donostia, Barakaldo eta Getxo daude; haietan, Euskal AEko biztanleria osoaren % 31,8 bizi dira. 2002an, 65 urtetik gorako biztanleak % 18,3 ziren, eta 163 udalerrik zuten batezbestekoa baino ehuneko handiagoa. Gainera, 2002aren eta 2022aren artean, 102 udalerritan 64 urtetik gorako pertsonen proportzioak behera egin du, baina, haietan, biztanle kopuru osoaren % 5,1 baino ez da bizi.
Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuen, adin-talde handien arabera. 2022/01/01
| | Guztira | 0 - 19 | 20 -64 | >= 65 |
| | | Kopurua | % | Kopurua | % | Kopurua | % |
| Guztira | 2.186.517 | 392.372 | 17,9 | 1.287.549 | 58,9 | 506.596 | 23,2 |
| Lurralde historikoak | | | | | | | |
| Araba/Álava | 330.692 | 62.944 | 19,0 | 195.585 | 59,1 | 72.163 | 21,8 |
| Bizkaia | 1.139.209 | 195.706 | 17,2 | 674.331 | 59,2 | 269.172 | 23,6 |
| Gipuzkoa | 716.616 | 133.722 | 18,7 | 417.633 | 58,3 | 165.261 | 23,1 |
| Hiriburuak | | | | | | | |
| Bilbao | 340.455 | 53.496 | 15,7 | 203.111 | 59,7 | 83.848 | 24,6 |
| Donostia / San Sebastian | 181.769 | 29.812 | 16,4 | 106.431 | 58,6 | 45.526 | 25,0 |
| Vitoria-Gasteiz | 248.106 | 47.189 | 19,0 | 146.400 | 59,0 | 54.517 | 22,0 |
| Eskualdeak | | | | | | | |
| Añana | 6.329 | 1.011 | 16,0 | 3.904 | 61,7 | 1.414 | 22,3 |
| Arabako Errioxa / Rioja Alavesa | 11.736 | 2.326 | 19,8 | 6.948 | 59,2 | 2.462 | 21,0 |
| Arabako Kantaurialdea / Cantábrica Alavesa | 34.306 | 6.360 | 18,5 | 19.778 | 57,7 | 8.168 | 23,8 |
| Arabako Lautada / Llanada Alavesa | 265.938 | 51.004 | 19,2 | 157.461 | 59,2 | 57.473 | 21,6 |
| Arabako Mendialdea / Montaña Alavesa | 3.243 | 500 | 15,4 | 1.919 | 59,2 | 824 | 25,4 |
| Arratia-Nerbioi / Arratia-Nervión | 24.104 | 4.685 | 19,4 | 14.274 | 59,2 | 5.145 | 21,3 |
| Bidasoa Behea / Bajo Bidasoa | 77.042 | 14.010 | 18,2 | 45.339 | 58,8 | 17.693 | 23,0 |
| Bilbo Handia / Gran Bilbao | 852.635 | 141.297 | 16,6 | 504.417 | 59,2 | 206.921 | 24,3 |
| Debagoiena / Alto Deba | 62.489 | 11.676 | 18,7 | 35.637 | 57,0 | 15.176 | 24,3 |
| Debarrena / Bajo Deba | 54.863 | 10.466 | 19,1 | 31.109 | 56,7 | 13.288 | 24,2 |
| Donostialdea | 328.418 | 57.482 | 17,5 | 193.072 | 58,8 | 77.864 | 23,7 |
| Durangaldea / Duranguesado | 99.112 | 18.969 | 19,1 | 58.718 | 59,2 | 21.425 | 21,6 |
| Enkartazioak / Encartaciones | 32.055 | 5.703 | 17,8 | 19.009 | 59,3 | 7.343 | 22,9 |
| Gernika-Bermeo | 46.032 | 8.320 | 18,1 | 26.588 | 57,8 | 11.124 | 24,2 |
| Goierri | 67.914 | 13.825 | 20,4 | 38.997 | 57,4 | 15.092 | 22,2 |
| Gorbeialdea / Estribaciones. del Gorbea | 9.140 | 1.743 | 19,1 | 5.575 | 61,0 | 1.822 | 19,9 |
| Markina-Ondarroa | 25.769 | 4.510 | 17,5 | 14.861 | 57,7 | 6.398 | 24,8 |
| Plentzia-Mungia | 59.502 | 12.222 | 20,5 | 36.464 | 61,3 | 10.816 | 18,2 |
| Tolosaldea | 49.431 | 10.280 | 20,8 | 28.658 | 58,0 | 10.493 | 21,2 |
| Urola Kosta | 76.459 | 15.983 | 20,9 | 44.821 | 58,6 | 15.655 | 20,5 |
Data 2022ko Urriaren 27a
Iturria: Eustat. Biztanleen udal-erroldaren estatistika
Alde nahikoa dago Euskal AEko udalerrietan bizi diren biztanleen adinari dagokionez, eta, zehatzago esateko, 65 urteko eta gehiagoko pertsonen ehunekoari dagokionez; hura Irurako % 10,2ren eta Lagrango % 38,4ren artean dago. Lehenengoan ez ezik, beste lau udalerritan ere ehunekoa % 13tik beherakoa da: Alegria-Dulantzi, Baliarrain, Astigarraga eta Iruña Oka. 5 udalerrietan, guztira, 16.049 biztanle daude. Bestalde, beste bost udalerritan ehunekoa % 30etik gorakoa da: Eskuernaga, Iekora, Elantxobe, Sukarrieta eta Harana; guztira, 1.497 biztanle dituzte.
Eskualde-mailari dagokionez, Arabako Mendialdeak dauka adinekoen proportzio handiena, guztizkoaren % 25,4, eta ehuneko handiena duen hurrengo eskualdea Markina-Ondarroa da (% 24,8), eta Plentzia-Mungian baxuagoa, % 18,2koa.
Adin aurreratuenei dagokienez, 85 urteko eta gehiagoko pertsonak 2002an % 1,9 ziren eta, 2022an, % 4,1. Baina ehuneko horren banaketa oso bestelakoa da emakume eta gizonen artean: Euskal AEn gizonezkoen biztanleen % 2,7k 85 urte edo gehiago dituzte, eta proportzio hori handiagoa da emakumeetan, % 5,5ekoa. 100 urteko eta gehiagoko biztanleetan, hazkunde-prozesua biziagoa izan da: 2002an adin horietako 394 ziren eta, hogei urte geroago, 878; % 88,3 emakumeak.
Euskal AEn 65 urteko eta gehiagoko 1,6 pertsona daude 16 urtetik beherako bakoitzeko, eta, hala, gainditu egiten da Espainiako ratioa, 1,3koa baita, baina, oraindik, Asturiasko Printzerrian dagoen 2,4ko erlaziotik urrun.
Erlazio hori 84 udalerrik gainditzen dute; zenbait udalerrik muturreko kasuak dituzte, hala nola Moredak, Añanak, Mañuetak, Sukarrietak eta Haranak, erlazioa 4 baino gehiagotik 1erakoa baita. Beste muturrean, beste udalerri batzuk daude, hala nola Irura eta Baliarrain, 65 urteko edo gehiagoko pertsona bakoitzeko 0 eta 15 urte bitarteko 2 gazte baino gehiago dituztenak.
Biztanleriaren adinaren araberako banaketari dagokionez, muturrak Arabako udalerrietan daude, batik bat, haien tamaina txikiagatik eta edozein fenomeno demografikok, bereziki migrazioak, banaketa hori aldatzen duelako.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62