2022/11/10eko prentsa-oharra
GIZA GARAPENAREN INDIZEA. 2022
Euskal AE, 2022 GGIko herrialdeen munduko sailkapenean, 14. postuan dago
GGIk mundu-mailan ongizateak, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, atzera egin duela jartzen du agerian
Euskal AE, Giza Garapenaren Indizea (GGI) 0,936 izanik, herrialdeen sailkapeneko 14. postuaren mailan dago, Eustatek landutako datuen arabera eta Nazio Batuen Garapen Programaren metodologia aplikatuz (NBGP), 2021/2022. urteetako azken txostenean islatuta, 2021eko datuekin.
NBGP-k 2022ko irailean argitaratutako txostenak munduko 194 herrialdeko sailkapena ezartzen du, bizi-baldintzen arabera ordenatuta. Azterlanak haietako bakoitzari GGI bat esleitzen dio (0tik 1erako eskalan) jaiotzako bizi-itxaropenaren, eskola-adineko haurren esperotako eskolatze-urteen, 25 urteko edo gehiagoko helduen batez besteko eskolatze-urteen eta per capita errenta nazional gordinaren arabera.
NBGP-k 32 urte daramatza Giza Garapenaren Indizea egiten eta oraingoan, lehen aldiz, mundu-mailan ongizateak bi urtez jarraian atzera egin duela ikusi da, Covid19-aren pandemiak eraginda. Giza Garapenak 2016. urteko mailetara egin du atzera, eta garapen jasangarrirako helburuak lortzeko aurrerapenetako asko leheneratu egin dira.
Atzerapena unibertsala da; izan ere, herrialdeen % 90ek baino gehiagok 2020an edo 2021ean GGIren mailetan hondatzeak izan dituzte, eta % 40k baino gehiagok bi urteetan; horrek agerian jartzen du krisiak jarraitzen duela okerrera egiten herrialde askotan.
Joera berari jarraikiz, Euskal AEko GGIk atzera egin zuen 2020an; 2019an balioa 0,938koa zen eta, 2020an, 0,930ekoa. Atzerapen horren kausa bizi-itxaropenaren beherakada (83,9 urte 2019an eta 83,1 urte 2020an) eta per capita errenta gordinaren beherakada izan ziren; azken horren kasuan, dolar estatubatuarretan neurtuta (2017koak) 2019ko 57.438tik 2020ko 51.954ra jaitsi zen. Alderdi positibo gisa nabarmendu behar da hezkuntza-adierazleetan ez zela atzerapenik egon.
2021ean, berriz, hobera egin zuen, eta balioa 0,936koa izan zen, 83,7 urtera arteko bizi-itxaropena berreskuratu zelako eta per capita errenta gordinak gora egin zuelako (54.791$), baina ez ziren 2019ko balioetara iritsi, pandemiaren aurreko urteko balioetara.
2021eko datuak kontuan hartuta, GGIk EAEko gizartea planetako garatuenen artean kokatzen du, Kanadaren mailan eta soilik honako hauen atzetik: Suitza, Norvegia, Islandia, Hong Kong, Australia, Danimarka, Suedia, Irlanda, Alemania, Herbehereak, Finlandia, Singapur, Belgika eta Zeelanda Berria. Espainia 27. postuan dago NBGPren txostenean, eta 0,905eko GGI du. Sailkapena Hego Sudanek ixten du (0,385).
2010-2021 aldian, GGIren osagai guztiek egin dute hobera Euskal AEn. Bizi-itxaropena 82,4 urtetik 83,7 urtera igaro da, eta zazpigarren postuan dago; Hong Kong (85,5) da rankineko buru.
Gauza bera gertatzen da esperotako eskolatze-urteen adierazleari dagokionez, 18,1 urtetik 18,5 urtera igaro baita eta Autonomia Erkidegoa ere lehen postuetan kokatzen baitu, hamabigarren postuan zehazki. Kasu honetan, Australiak du adierazlerik onena (21,1 urte).
Eskolatzearen batez besteko urteei dagokienez, aldi horretan ere gora egin badute ere (10,2 urtetik 11,4 urtera), Euskal AE 48 herrialdek gainditu dute; herrialde horien buru Alemania (14,1 urte batez beste) da.
Euskal AEko per capita errenta nazional gordina 50.877 dolarretatik 54.791 dolar estatubatuarretara (2017koak) igo da 2010 eta 2021 artean, erosteko ahalmenaren parekotasunaren arabera neurtuta, Suitzako 66.933 dolarretatik eta Liechtensteinen 146.830 dolarretatik urrun (munduko pertsona bakoitzeko diru-sarrera handienak dituen herrialdea), baina Australia, Suedia, Alemania, Finlandia, Belgika edo Zeelanda Berriaren aurretik, besteak beste; horiek guztiek Euskal AEko GGI baino handiagoa dute.
Giza Garapenaren Indizea. Egiturazko adierazleak.
Informazio metodologikoa:
Giza Garapenaren Indizea. Ohar metodologikoa
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62