2022/12/19ko prentsa-oharra

GERTAKARI DEMOGRAFIKOAK AZTERTZEKO ADIERAZLEAK. 2021

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko bizi-itxaropenak, 2021ean, ez ditu pandemia aurreko mailak berreskuratu

Ugalkortasun-maila suspertu egin da, pixka bat, baina amatasunerako batez besteko adina areagotu egin da

Gizonen bizi-itxaropena, 2021ean, 80,7 urtekoa da, aurreko urtekoaren bera, baina 2019an baino hamarren bat baxuagoa. Emakumeena 86,4 urtekoa da; hamarren bat egin du gora, baina 2019koa baino bi hamarren baxuagoa da, Eustatek emandako datuen arabera. Beherakada hori COVID-19aren pandemiak 2021ean eragindako heriotza-tasa handiaren ondorio da. Heriotza-tasaren gorakada hori izan ez balitz, bizi-itxaropena gizonetan 81,7 urtera iritsi litzateke eta, emakumeetan, 87,2 urtera; alegia, gizonetan 2019an baino 9 hamarren gehiago eta emamukeetan 6 hamarren gehiago.

Nolanahi ere, 2019aren eta 2021aren arteko bizi-itxaropenaren murrizketa hori Europar Batasuneko murrizketatik urrun dago, 1,3 urtekoa izan baita gizonetan eta 1,2koa emakumeetan, harik eta gizonetan 77,2 urtera eta emakumeetan 82,8 urtera iritsi arte. Espainiako bizi-itxaropena Europako herrialdeen arteko lehen postuetako batean dago, baina Euskal AEkoa baino pixka bat baxuagoa da (4 hamarren gizonetan eta 6 emakumeetan).

Euskal AEko gizon eta emakumeen bizi-itxaropenak gora egin du, gorabehera batzuk izan baditu ere. 1976ko adierazleak aintzat hartuta (69,6 urteko eta 76,9 urteko bizi-itxaropena gizon eta emakumeetan, hurrenez hurren) ikus daiteke emakumeen bizi-itxaropena orain 9,5 urte handiagoa dela eta gizonena 11,1 urte handiagoa dela. Gizonek igarotako urte bakoitzean 3 hil gehiago irabazi dituzte, harik eta 80,7 urtera iritsi arte, eta emakumeek, 2,5 hil gehiago urte bakoitzeko, 86,4 urtera iritsi arte. Bi sexuetako bizi-itxaropenen arteko aldea 5,7 urtera murriztu da; duela 27 urte egon zen alde handiena, 8,7 urtekoa.

Tumoreak dira bizi-itxaropenaren urteetarako mehatxu nagusia. Haiek erabat ezabatzea lortuko balitz, gizonen bizitza 3,9 urte luzeagoa izango litzateke eta emakumeena, 2,8 urte luzeagoa. Erkaketa COVID-19 gabeko bizi-itxaropenarekin egiten badugu (86,1 urte gizonetan eta 90,2 emakumeetan), ikusiko dugu gizonetan 5,4 urteko igoera egongo litzatekeela eta emakumeetan, 3,8 urtekoa, igoera txikiagoa. Arinagoak dira, berriz, heriotzaren kanpo-kausek eragindako kalteak; bizitzako 8 hil gutxiago gizonen kasuan eta 4 hil gutxiagokoa emakumeetan. Zifra horiek murriztu egiten dira trafiko-istripuen kasuan: hilabete gizonetan eta kopuru oso txikia emakumeetan. Kanpoko kausarik eza eta COVID-19ak eragindako heriotzarik eza konbinatzean, 1,8 urteko igoera egongo litzateke gizonen bizi-itxaropenean, eta 1,1 urtekoa, emakumeenean.

Ugalkortasun-maila suspertu egin da, pixka bat, baina amatasunerako batez besteko adina areagotu egin da

Euskal AEko ugalkortasuna sekula ez bezalako muga baxuetan dago erkaketa egiten badugu; izan ere, 2021ean, batez bestekoa 1,25 jaiotzakoa izan da emakume bakoitzeko, aurreko urtean baino hamarren erdi gehiago, baina Europar Batasunekoa (1,50) baino baxuagoa (azken datua 2020koa), eta 1976an izan zen batez bestekotik (2,7 jaiotza) oso urrun, bai eta belaunaldi-txandakatzerako behar den kopurutik (2,1) oso urrun ere. Indize baxuena Bizkaian dago, emakumeko 1,17 jaiotza; Araban, 1,30, eta Gipuzkoan, 1,34.

Gertakari demografikoak aztertzeko adierazleen datuetan oinarrituta, aurreikusteko modukoa da batez beste emakume batek 0,63 lehen jaiotza izatea –alegia, emakumeen herenak ez luke ondorengorik izango–, 0,46 bigarren jaiotza eta 0,16 hirugarren edo ondorengo jaiotza. Hau da, azken kasu horretan, hamar emakumetatik bik baino gutxiagok hirugarren edo ondorengo umea izango dute; alegia, % 79ko beherakada, 1976aren aldean.

Euskal AEko emakumeen ugalkortasunaren beste ezaugarrietako bat da amatasunaren batez besteko adin altua; 33,2 urtekoa da, Europar Batasuneko batez besteko adina baino 2 urte baino gehiagokoa (azken datua 2020koa) eta 1976an baino 4,6 urte gehiagokoa. Arabak beste bi lurraldeak baino batez besteko adin pixka bat baxuagoa du (33 urte); Bizkaian eta Gipuzkoan batez bestekoa 33,2 urtekoa da.

Pandemiak ere ezkontza kopuruaren beherakada eragin du

2021eko ezkontza-tasekin bat etorriz egingo liratekeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonen % 31,7ra eta emakumeen % 33,6ra iritsi da. Indize horiek 2019koak baino askoz txikiagoak dira (orduan, 1977tik izan diren baxuenak izan ziren), COVID-19aren ondoriozko murrizketen ondorioz. Zehazki, gizonetan jaitsiera ia ehuneko 15 puntukoa izan da (16,9) eta, emakumeetan, 11,6koa. Suposatzen da 2021ean ezkontza-tasa mailak apartekoak izan direla, eta urte horretan geroratutako ezkontzak hurrengo urteetan egitea aurreikus liteke.

Ezkontza-tasaren analisiak nabarmentzen du ezkontzeko adinak gora egiten jarraitzen duela. Lehenengo aldiz ezkontzeko batez besteko adina 38,6 urtekoa da gizonen kasuan, eta 36,7koa, emakumeen kasuan. Baina batez besteko adin hori 1,2 urte handiagoa da bi sexuen kasuan, 2019arekin alderatuta. Hura igoera handia da; izan ere, azken hamarkadetan hazkundea 2 edo hiru hilabetekoa izan da urte baten eta hurrengoaren artean.

Ugalkortasunarekin gertatzen den bezala, ezkontzen kontzentrazio handia dago adin jakin batzuetan. 10 urtean baino ez, 30 eta 39 urte bitartean, gizonen % 50,0 eta emakumeen % 49 ezkontzen dira.

Batez beste, Euskal AEko biztanle batek ia lau emigrazio gehiago egingo ditu bizitzan zehar

Ohikoena emigrazioak probintzia barneko izaera izatea da, hau da, helmugako udalerria abiapuntuko lurraldean bertan kokatzea; hala gertatzen da migrazioen erdietan baino gehiagotan (gizonetan, 4tik 2,1ean; emakumeetan, 3,7tik 2tan). Aldiz, batez beste, gizonei 1,6 emigrazio dagozkie Euskal AEtik kanpora (emigrazio guztien % 40) eta emakumeek, berriz, mota horretako 1,4 emigrazio egiten dituzte (guztizkoaren % 38).

Lurraldeen arabera, aldea nahiko nabarmena da gizonetan Bizkaiaren eta Arabaren artean: Arabako emigrazioen batez bestekoa 3,3koa da eta Bizkaikoa, 4,2koa pertsonako; Gipuzkoa tartean dago, emigrazioen kopurua, batez beste, 3,9koa baita. Gizonetan dauden alde horiek probintzia barruko mugikortasunaren ondoriozkoak dira; izan ere, Bizkaian 2,4 mugimendu ditu eta Araban, 1 baino ez, batez beste. Lurraldeen arteko mugimenduetan, Araba da nabarmenena, 0,5 mugimendu baititu pertsonako, Bizkaiko kopuruaren bikoitza (0,2); Gipuzkoa tartean dago (0,3). Emakumeek erlazio berak dituzte, baina indizeak txikiagoak dira.

Emakumeen artean, emigrazioaren distantziak gora egin ahala, batez besteko adinak gora egiten du; beraz, Euskal AEtik kanpora mugitzen direnak dira adin gehien dutenak (35,5 urte), eta lurralde berean mugitzen direnek 33,3 urte dituzte, batez beste. Egoera hori berori gertatzen da gizonen artean, baina batez besteko adin altuagoekin. Hala, gazteenak dira lurralde barruan emigratzen dutenak, batez beste 34 urterekin, eta zaharrenak, berriz, autonomia-erkidegotik kanpora joaten direnak, 36,3 urterekin.

Udalerri barruko bizileku-aldaketei dagokienez, mugikortasun handiena dutenak Arabako gizon eta emakumeak dira, batez beste 4,8 mugimendu baitituzte, bi sexuetan; eta urrun dituzte Bizkaia eta Gipuzkoa, biek pertsonako 4 lekualdatze ingururekin, batez beste.

Emigrazioak eta bizileku-aldaketak batuz gero, bi sexuetan egindako bizileku-aldaketak, dela udalerri barruan dela udalerritik kanpo, 8 izango lirateke.

graf0020457_01_e.png

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko bizi-itxaropenak, 2021ean, ez ditu pandemia aurreko mailak berreskuratu

Eragiketa : 
Gertakari demografikoak aztertzeko adierazleak
Eragiketa kodea : 
010121
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2015-2024
Eguneratze data : 
2022/12/19
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0020457_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Datu Bankua

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali