2022/12/13ko prentsa-oharra

BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA. 2022/01/01

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEn bizi den biztanleria osoaren % 8,5 atzerritarra da, 186.000 bizilagun, alegia

Araban, Afrikako nazionalitatea duten pertsonak dira gehiengoa, eta, Bizkaian eta Gipuzkoan, Amerikako nazionalitatea dutenak

Euskal AEn 186.630 pertsonak dute atzerriko nazionalitatea, biztanleria osoaren % 8,5ek, 2022ko urtarrilaren 1ean, Eustatek emandako datuen arabera. Ehuneko hori 2021eko urtarrilaren 1ekoa baino 2 hamarren handiagoa da, baina Estatuko % 11,4koa baino txikiagoa. Ehunekoa aldatu egiten da lurralde batetik bestera: Arabak du proportzio handiena, % 10 (2021ean baino ehuneko 3 hamarren gehiago); ondoren, Gipuzkoak, % 8,6 (1 hamarren gehiago), eta, azkenik, Bizkaiak, % 8,1 (2 hamarren gehiago).

Nazionalitatearen kontinentea kontuan hartzen badugu, Amerikako herrialdeetako pertsonak atzerriko nazionalitatea dutenen % 40,8 dira, eta Espainian, % 29,1. Pertsona gehien dakarten talde horretako herrialdeak Kolonbia, Nikaragua, Honduras, Venezuela, Paraguai eta Bolivia dira; atzerriko nazionalitatea duten pertsona guztien % 29,4 dira eta Amerikako nazionalitatea duten pertsonen % 71,9. Sexuaren arabera bereizten badugu, Amerikako nazionalitatea duten bizilagunen % 59,9 emakumeak dira.

graf0020444_01_e.png

Europako nazionalitatea izan eta Euskal AEn bizi direnak % 23,4 dira, eta Espainian bizi direnak, % 43,4. Talde horretan, Errumania nabarmentzen da, zeina atzerritar guztien % 10 baita eta Europako pertsona guztien % 42,9, Espainian baino ehuneko 16 puntu gehiago. Bigarrenik, baina nahiko distantziarekin, Portugal dago; Euskal AEn Europako nazionalitatea duten pertsonen % 14,7rekin. Kolektibo horretan, bi sexuek dute antzeko pisua, baina gizonen ehunekoa pixka bat handiagoa da.

Afrikako herrialdeak % 27,2 dira Euskal AEn eta % 19,5 Espainian; erdia baino gehiago Marokokoak dira (% 53,3). Jarraian, Aljeria, Senegal eta Nigeria daude, % 13,3, % 10,3 eta % 9rekin, hurrenez hurren. Lau nazionalitate horiek Afrikako nazionalitatea duten pertsonen % 86 baino gehiago batzen dute, eta atzerritar guztien % 23 baino gehiago. Sexuaren araberako banaketa aintzat hartzen badugu, gizonak nagusitzen direla ikusten da, kopuru osoaren % 61,7.

Azken lekuan, Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat duten pertsonak daude, bertan bizi diren atzerritarren % 8,5; eta nabarmentzekoa da presente dauden ia herrialde bakarrak Txina eta Pakistan direla, taldearen % 74,5 baitira.

Araban, Afrikako nazionalitatea duten pertsonak dira gehiengoa, eta, Bizkaian eta Gipuzkoan, Amerikako nazionalitatea dutenak

Araban, Afrikako nazionalitatea dutenak bertan bizi diren atzerritarren arteko kolektibo nagusia dira (% 39,3), eta bigarren kolektibo garrantzitsuena Amerikako nazionalitatea duten bizilagunena da (guztizkoaren % 32,3).

Bizkaian, Amerikako nazionalitatea dutenak dira talde nagusikoak (% 45), ondoren, antzeko ehunekoekin, Afrikako nazionalitatea dutenak (% 25) eta Europakoa dutenak (% 21,7).

Gipuzkoan, nazionalitateen banaketak Bizkaikoaren antz handiagoa du Arabakoarena baino; bertan, ehunekoa handiagoa da Amerikako nazionalitatea dutenen artean (% 39,2), gero Europakoa dutenetan (% 28,2) eta Afrikakoa dutenetan (% 24).

Atzerrian jaio diren 86.626 bizilagunek Espainiako nazionalitatea dute

2022ko urtarrilaren 1ean, Euskal AEko 86.626 bizilagunek Espainiako nazionalitatea eskuratu dute edo jatorriz zeukaten, familia-kontuak edo bestelakoak direla eta. Kopuru horretatik, % 67 Amerikako kontinentetik dator. Haien artean, hiru herrialdek egoera horretan dauden pertsonen % 50 hartzen dute: Kolonbia (% 23,3), Bolivia (% 12,4) eta Ekuador (% 11,9).

Espainiako nazionalitatea eskuratu dutenen % 14,4 Afrikako herrialdeetatik datoz eta, haietatik, erdia baino gehiago Marokon jaio dira (% 54,5), eta, ondoren, Aljerian (% 14,6).

Jarraian, Europako beste herrialde batzuetan jaiotakoak daude, guztizkoaren % 13,6. Haietatik, heren bat baino gehiago Frantzian jaioak dira (% 34,6), % 15,7 Portugalen eta, azkenik, Alemanian jaiotakoak % 12,4 dira.

Euskal AEn bizi den biztanleria atzerritarra gazteagoa da Espainiako nazionalitatea duen biztanleria baino

Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen batez besteko adina 33,4 urte da Euskal AEn. Zifra hori Espainiako nazionalitatea duten bizilagunen 46,6 urteak baino nabarmen txikiagoa da. Euskal AEko herritarren batez besteko adina 45,5 urte da.

Bestalde, nazionalitateari begiratu beharrean, kontuan hartzen duguna jaioterria bada, adinaren batezbestekoan ere alde esanguratsuak daude, leku hori Euskal AE izan, Estatuko beste autonomia-erkidego bat izan edo atzerria izan aintzat hartuta. Biztanleria zaharkituena Estatuaren gainerakoan jaio dena da; hark, batez beste, 64,7 urte ditu. Ondoren, Euskal AEn jaiotako biztanleria dago, 42,1 urterekin batez beste, eta, azkenik, atzerrian jaiotako pertsonak, 38,1 urteko batezbestekoarekin.

graf0020444_02_e.png

255.000 pertsona baino gehiago dira atzerrian jaio direnak

2022ko urtarrilaren 1ean, Euskal AEn bizi eta atzerrian jaio den biztanleriari dagokionez, 255.597 pertsona izan dira; alegia, biztanleria osoaren % 11,7. Espainian % 15,5eko proportzioa izan da; beraz, puntu honetan, Euskal AE Aragoiren eta Gaztela-Mantxaren artean dago, % 14,5 eta % 1,6 direla atzerriko jatorrikoak, hurrenez hurren.

Hiru hiriburuek atzerrian jaiotako biztanleetan Euskal AEk baino ehuneko handiagoak dituzte; Gasteizek du proportzio handiena (% 15,1), gero Bilbok (% 14,1) eta, azkenik, Donostiak (% 12,8), biztanleria osoaren aldean.

57 udalerrik atzerrian jaiotako pertsonetan Euskal AEren aldean proportzio handiagoa dute, eta haietako 18k baino ez dituzte 10.000 biztanle baino gehiago. Mañuetak du ehunekorik handiena (% 20,7) eta, ondoren, Navaridasek (% 19,7), Ordiziak (% 18,8), Lantziegok (% 18,3) eta Gizaburuagak (% 18,1). Aitzitik, Euskal AEko zazpi udalerri ez dira iristen biztanleriaren % 3 biztanleria atzerritarra izatera. Haietako 5 Gipuzkoan daude, alegia, Orexa, Aduna, Mutiloa, Beizama eta Altzo; bat, Bizkaian, Garai, eta beste bat, Araban, Kripan. Horiek guztiak biztanle gutxiko udalerriak dira; izan ere, Adunak, handienak, 483 biztanle baino ez ditu, eta, guztien artean, 1.827 biztanle.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEn bizi den biztanleria osoaren % 8,5 atzerritarra da, 186.000 bizilagun, alegia

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen errolda. Biztanleriaren egitura
Eragiketa kodea : 
010154
Periodikotasuna : 
Sei hilekoa
Denbora arloa : 
01/01/2025
Eguneratze data : 
2022/12/13
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0020444_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali