2022/11/28ko prentsa-oharra
IRAKASKUNTZA PRIBATUAREN GASTU ETA FINANTZAKETAREN ESTATISTIKA. 2021
Ikastetxe pribatuetako guztizko gastua 1.223 milioi eurokoa izan da 2021ean
Ikastetxe pribatuek 214.000 ikasle ingururi eman diete arreta eta ia 21.500 pertsonari enplegua
2021ean Euskal AEko irakaskuntza pribatuko sarea eratzen duten 469 ikastetxeen gastua, guztira, 1.223 milioi eurokoa izan da, hau da, 2018an baino % 4,04 handiagoa, Eustatek emandako datuen arabera. Ikastetxe pribatuek 214.000 ikasle ingururi eman diete arreta eta ia 21.500 pertsonari enplegua; haietatik, % 69 emakumeak izan dira.
Sektorearen gastu osoaren zati handiena unibertsitatearen aurreko mailen zentroetan kontzentratu da, % 84; unibertsitate-zentroetan, % 14, eta, arte-irakaskuntzetakoetan, gainerako % 2a.
2021ean, gastu arrunta 1.164 milioi eurokoa izan da; % 7 areagotu da 2018aren eta 2021aren artean. Gastu arruntaren zati handiena (% 77) langileetara bideratu da. Nabarmentzekoa da jarduera osagarrietan eta zerbitzu osagarrietan izan den gastuaren murrizketa (–% 52 eta –% 15, hurrenez hurren), 2018aren aldean. Horretan eragina izan du azken urteotan, pandemiaren ondorioz, zerbitzu horiek erabili dituzten ikasleen kopuruak behera egin izanak.
Funtzioen araberako gastu arruntaren barruan, irakaskuntzaren funtzioak 1.074 milioi euroko gastua eragin du, 2018an baino % 10 handiagoa.
Bestalde, kapital-gastua murriztu egin da % 34, 2018aren aldean.
Ikasleko irakaskuntza-kostua % 14 hazi da, eta, unitateko, % 28,7, 2018aren eta 2021aren artean
Ikasleko irakaskuntza-kostua 5.026 €-koa izan da, 2018an baino % 14 handiagoa, eta unitateko irakaskuntza-kostua 126.729 €-koa izan da, 2018an baino % 29 handiagoa.
Bestalde, irakaskuntza-kostuek –haietan sartzen da ikastetxearekin kontratu-harremanik ez duten eta ordainsaririk jasotzen ez duten langileen gastuaren zenbatespena–, eskola-unitateko edo taldeko, Haur eta Lehen Hezkuntzan 76.318 € eta 96.408 € egin dute gora, hurrenez hurren. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) 121.372 € izan dira; Lanbide Heziketan (LH), 112.105 €, eta Batxilergoan, 153.739 €. Helduentzako Irakaskuntzan, unitateko kostua 56.362 €-koa izan da.
Ikasleko irakaskuntza-kostuak 4.585 €-koak izan dira Haur Hezkuntzaren kasuan, 4.536 €-koak Lehen Hezkuntzan, 5.559 €-koak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 5.534 € Batxilergoan, 5.297 € Lanbide Heziketan eta 2.519 €-koak Helduentzako Irakaskuntzan. Gainera, Unibertsitatean, ikasleko gastua 7.066 €-koa izan da, eta Arte Irakaskuntzetan, 1.826 €-koa.
Sarrerei dagokienez, ikastetxe pribatuen sarrerak, guztira, 1.228 milioi eurokoak izan dira; haietatik, % 98,9 sarrera arruntei dagozkie eta gainerako % 1,1a, kapital-sarrerei. Dirulaguntza publikoak dira, % 64rekin, sarrera arruntaren iturri nagusia, eta ehuneko bi puntu egin du gora partaidetza horrek, 2018arekin alderatuta; ondoren, kuotak daude, sarrera arrunten % 32,7 baitira, eta, haien barruan, irakaskuntzakoak (% 24) eta zerbitzu osagarrienak (% 7,2).
Oro har, kuotengatiko sarrerak 397 milioi eurokoak izan dira; haietatik, irakaskuntza-kuotak familien ordainketen guztizkoaren % 74,5 dira, jantokiarenak % 15,6, garraioarenak % 5,0. Gainerakoak, beste zerbitzu batzuengatiko kuotei dagozkie.
Gastu osoa eta irakaskuntzako gastua Euskal AEn, ikasleka eta unitateka. 2005-2021
| | 2005 | 2007 | 2009 | 2012 | 2015 | 2018 | 2021 | Gehikuntza (%) 2021/2018 |
| Guztizko gastua (mila euro) | 798.624 | 889.011 | 1.062.383 | 1.043.941 | 1.052.497 | 1.175.342 | 1.222.880 | 4,0 |
| Irakaskuntza-gastua ikasleko (eurotan) | 3.539 | 3.933 | 4.443 | 4.345 | 4.277 | 4.404 | 5.031 | 14,2 |
| Irakaskuntza-gastua unitateko (eurotan) | 71.097 | 79.425 | 89.479 | 86.866 | 89.966 | 95.182 | 122.464 | 28,7 |
Data 2022ko Azaroaren 28a
Iturria: Eustat. Irakaskuntza pribatuaren gastuaren eta finantzaketaren estatistika
Informazio-oharra: Irakaskuntza pribatuaren gastu eta finantzaketaren Estatistika Eustatek prestatu du, Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) elkarlanean.
Ohar metodologikoa: Ikastetxe pribatutzat jotzen da titular moduan erakunde, entitate edo pertsona pribatu bat duena; titulartzat jotzen da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Zentroen Erregistroan halakotzat ageri den pertsona fisikoa edo juridikoa. Eustatek, urriaren 27ko 289/1992 Dekretuari jarraikiz, arautu gabeko musika-irakaskuntza espezifikoko zentroak barne hartzen ditu; alegia, musika-eskola baimenduak.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62