2022/12/22ko prentsa-oharra
BERRIKUNTZAREN INKESTA. 2021
2021ean % 8,7 hazi da enpresen gastua berrikuntzan, eta lehen aldiz izan da Euskal AEn 3.000 milioi eurotik gorakoa
Enpresa berritzaileen % 30,4k finantzaketa publikoa jasotzen dute berrikuntza-jardueretarako, gehiena (% 21,5) Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
2021ean, Euskal AEko enpresek jarduera berritzaileetan eginiko gastuak lehen aldiz dira hiru mila milioi eurotik gorakoak, zehazki, 3.030 milioikoak, 2020an baino % 8,7 handiagoak, Eustaten datuen arabera. Jarduera horietan, barneko I+Gko gastua % 54,4koa da, I+Gren erosketa (kanpoko I+G) % 14,7koa eta beste jarduera berritzaile batzuk (1) gainerako % 31.
10 pertsona enplegatuko edo gehiagoko enpresak, 2021ean, % 32,6 dira Euskal AEn, duela urtebete baino 1,2 puntu gehiago. Bi berrikuntza-mota horiek aztertzen badira, produktuaren berrikuntza % 19,9k egiten dute eta negozio-prozesuen berrikuntza, % 28,8k.
Enpresa guztiak kontuan hartzen badira, Euskal AEn, 2021ean, enpresa berritzaileak % 19,9 izan dira, 2020an baino 1,3 puntu gehiago. % 9,5 produktuaren berrikuntzarekin eta % 18,1 negozio-prozesuen berrikuntzarekin.
Enpresa berritzaileen % 30,4k finantzaketa publikoa jasotzen dute berrikuntza-jardueretarako
Enpresa berritzaileek finantzaketa publikoaren bidezko berrikuntza-jardueretarako laguntzak erakunde publiko baten edo gehiagoren eskutik jaso ditzakete. Hala, enpresa horien % 30,4k finantzaketa publikoren bat jaso dute. Jatorriari begiratzen badiogu, Eusko Jaurlaritzarenak nabarmentzen dira, enpresa berritzaile guztien % 21,5 baitira. Foru-aldundiek eta toki-erakundeek enpresa horien % 8,2 eta % 7,7 finantzatzen dituzte, hurrenez hurren. Bestalde, Estatuko Administrazioak Euskal AEko enpresa berritzaileen % 5,8 finantzatzen ditu, eta enpresen % 7,6k Europar Batasunaren finantzaketa jasotzen dute: % 3,5ek, 2020 Horizonte programaren bidez eta % 6,0, EBko beste finantzaketa baten bidez.
10 pertsona enplegatuko edo gehiagoko enpresen kasuan, % 52,6k laguntza publikoak jaso dituzte, eta Eusko Jaurlaritza da berriz ere gehien finantzatu duena, tamaina horretan berritzaileak izan diren enpresen % 38,1, zehazki. Foru-aldundiek eta toki-administrazioek % 20,6 eta % 9,9 finantzatu dituzte, hurrenez hurren; aldiz, Estatuko Administrazioa 10 pertsona enplegatuko edo gehiagoko enpresen % 16,6rengana heldu da. Europar Batasunak, bestalde, % 11,9ren finantzaketa egin du: % 7,7 Horizonte 2020 programaren bitartez, eta % 6,2, Europako bestelako finantzaketaren bitartez.
Berrikuntza-jardueretarako finantzaketa publikoa jasotzen duten enpresa berritzaileak, jatorriaren arabera ( %). 2019-2021
| | Guztira | 10 edo gehiago |
| Finantzaketa publikoa jasotzen dute hauetatik (*) | 30,4 | 52,6 |
| Eusko Jaurlaritza | 21,5 | 38,1 |
| Toki Administrazioa | 7,7 | 9,9 |
| Foru-aldundiak | 8,2 | 20,6 |
| Administrazio Zentrala | 5,8 | 16,6 |
| EBren beste finantzaketa bat | 6,0 | 6,2 |
| EBren Horizonte 2020 programa | 3,5 | 7,7 |
(*)enpresek erakunde baten baino gehiagoren finantzaketa jaso dezakete
Data 2022ko Abenduaren 22a
Iturria: Eustat. Berrikuntzaren inkesta
Enpresen erdiek baino gehiagok, % 62k, uste dute zenbait faktorek jarduera berritzaileak egin ahal izatea oztopatzen dutela
Enpresen % 62k uste dute faktore jakin batzuek zaildu egiten dutela berrikuntza. Faktore horien artean hauexek daude, besteak beste: “Beste lehentasun batzuk daude zure enpresan”, % 48,1; “Kostu handiegiak”, % 40,2; “Lehia handiegia merkatuan”, % 34,5; “Ideia horiek merkatuan duten eskariari buruzko ziurgabetasuna”, % 33,4; “Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko zailtasunak”, % 32,5, eta “Finantzaketarik eza enpresaren barruan” edo “Pertsonal kualifikaturik eza enpresan bertan”, % 29,7 eta % 26,8, hurrenez hurren.
10 pertsona enplegatuko edo gehiagoko enpresetan, gehiago dira uste dutenak badirela jarduera berritzaileak egitea zailtzen duten faktoreak, % 66,6, zehazki, eta aurretik aipatutako eragozpen berak aipatu dituzte.
Produktu berritzaileek negozio-zifraren % 36 sortzen dute, batez beste, enpresa horietan
Produktua berritu duten enpresetan, guztizko negozio-zifraren % 36 produktu berritzaileetatik dator; aldiz, gainerako % 64ak aldatu gabeko edo arinki eraldatutako produktuetan du sorburua.
Produktua berritu duten 10 pertsona enplegatuko edo gehiagoko enpresetan, zertxobait aldatzen dira ehuneko horiek: negozio-zifraren aldean, produktu berrien edo zertxobait hobetuen eragina % 33,8koa da, batez beste.
Metodologiari buruzko oharra
Berrikuntzaren Inkesta 2018ko Osloko Eskuliburuaren bertsio berriaz egin da 2018. urtetik. Horrek esan nahi du seriean haustura bat egon dela urte horretatik aurrera, metodologia aldatu delako. Hori dela eta, 2018tik argitaratutako datuak ezin dira alderatu aurreko urteetan argitaratutakoekin.
(1) Beste jarduera berritzaile batzuk atalean, berritzeko asmoz egin daitezkeen enpresa-jarduerak biltzen dira, sei kategoria hauexetakoak:
1. Ingeniaritza, diseinua eta beste jarduera sortzaile batzuk.
2. Marketina eta marka-sorkuntza.
3. Jabetza intelektual eskubideekin erlazionatutako jarduerak.
4. Langileen prestakuntzarekin erlazionatutako jarduerak.
5. Softwarearen garapena eta datu-baseen lanarekin erlazionatutako jarduerak.
6. Ondasun ukigarrien eskuratzearekin edo alokairuarekin erlazionatutako jarduerak.
Oharra: Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten elkarlanean jardun duten enpresa eta erakunde guztiei, eginiko ahaleginagatik; informazio-bilketa 2022ko apiriletik urrira bitartean egin da. Haien laguntzarik gabe, ez zatekeen posible izango.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62