2022/12/21eko prentsa-oharra
ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN DIREKTORIOA. 2022/01/01
Euskal AEko Administrazioak, 2022ko urtarrilaren 1ean, 4.110 pertsona gehiago enplegatzen ditu, aurreko urtean baino % 2,9 gehiago
Emakumeek jarraitzen dute pisu handiagoa izaten Euskal AEko administrazioetan; guztizkoaren % 64 dira
Euskal AEko Administrazio Publikoek (Estatuko Administrazioaren eta Gizarte Segurantzako Sistemaren mendeko langileak kontuan hartu gabe) 146.636 langile ditu 2022ko urtarrilaren 1ean, Eustatek landutako datuen arabera. Euskal AEko Administrazioko landunen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta, azken horretan, 4.110 pertsona gehiago zenbatu dira, hau da, urte arteko % 2,9ko hazkundea izan da.
Feminizazioa Euskal AEko Administrazioan
Aurtengo urte-hasieran, Euskal AEko Administrazioan 93.858 emakume enplegatu izan dira; alegia, enplegatuen % 64 emakumeak dira (ehuneko 2 puntu gehiago 2021eko urtarrilaren 1ean baino). % 36, berriz, gizonak, 52.778. 2017. urteaz geroztik, emakumeek ehuneko 14,2 puntu irabazi dituzte Administrazioan; zehazki, 2022an, emakumeen kopurua % 3,2 handitu da, eta gizonena, % 2,2.
Euskal administrazio publikoetako enplegatuak, sexuaren arabera. 2017-2022
| | 2017 | 2020 | 2021 | 2022 |
| | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % |
| Guztira | 132.442 | 100,0 | 139.885 | 100,0 | 142.526 | 100,0 | 146.636 | 100,0 |
| Emakumeak | 50.249 | 37,9 | 51.670 | 36,9 | 51.617 | 36,2 | 52.778 | 36,0 |
| Gizonak | 82.193 | 62,1 | 88.215 | 63,1 | 90.909 | 63,8 | 93.858 | 64,0 |
Data 2022ko Abenduaren 21a
Iturria: Eustat. Herri-administrazioen gidazerrenda
Administrazioetako ezaugarri hori aztertuta, Eusko Jaurlaritzak eta haren mendeko erakundeek enplegatutako emakume guztien % 71,6 kontzentratzen dutela ikusten da. Feminizazio-tasa administrazio bakoitzean % 50etik gorakoa da, eta, aurten ere, Eusko Jaurlaritza nabarmentzen da, % 69,8ko tasarekin, eta, ondoren, Foru Aldundiak, % 60rekin. Hamar puntutara daude Toki Erakundeak; haietan, gizon eta emakumeen pisua antzekoa da: gizonen % 49,9 eta emakumeen % 50,1.
Egitura Euskal AEko Administrazioetan, esparru arautzailearen arabera
Funtzionarioak, 2022ko urtarrilaren 1ean, Euskal AEko Administrazio Publikoetako enplegatu guztien % 61,9 dira, aurreko urtean baino bi hamarren gehiago; % 3,2ko hazkuntza izan dute. % 37,1 langile lan-kontratudunak dira, bi kasuetan Osakidetzako estatutupeko langileak barne, eta % 1 goi-kargudunei dagokie.
Euskal AEko administrazio publikoetan langile enplegatuak, esparru erregulatzailearen arabera. 2022/01/01
| | Guztira | Eusko Jaurlaritza eta mendeko erakundeak | Foru aldundiak eta mendeko erakundeak | Toki-erakundeak eta mendeko erakundeak | Gainerako erakunde publikoak |
| Guztira | 146.636 | 96.253 | 12.225 | 27.054 | 11.104 |
| Goi karguak | 1.403 | 335 | 215 | 681 | 172 |
| Funtzionarioak guztira | 90.805 | 65.064 | 7.373 | 15.260 | 3.108 |
| Funtzionario finkoak | 63.261 | 47.854 | 4.509 | 8.647 | 2.251 |
| Bitarteko funtzionarioak | 27.544 | 17.210 | 2.864 | 6.613 | 857 |
| Lankontratudunak guztira | 54.428 | 30.854 | 4.637 | 11.113 | 7.824 |
| Lan kontratudun finkoak | 17.902 | 6.956 | 2.356 | 5.355 | 3.235 |
| Aldi baterako lan kontratudunak | 36.526 | 23.898 | 2.281 | 5.758 | 4.589 |
Data 2022ko Abenduaren 21a
Iturria: Eustat. Herri-administrazioen gidazerrenda
Enpleguko behin-behinekotasunari dagokionez, langileen % 55,3 finkoak dira, eta bertan sartzen dira funtzionarioak, lan-kontratudunak eta estatutupeko finkoak. Bestalde, bitarteko funtzionarioek % 18,8 osatzen dute, aurreko urtearen aldean bederatzi hamarren gehiago, % 7,7ko igoeraren ondoren. Bitarteko funtzionarioen bilakaera hori Euskal AEko Administrazio guztietan gertatzen da, baina nabarmenagoa da Eusko Jaurlaritzan (% 9,2) eta, ondoren, aldundietan (% 6,7). Bestalde, aldi baterako lan-kontratudun langileen pisuak pixka bat gora egin du (% 24,9), % 4,2 hazi ondoren, aurreko urteko kopuru osoaren aldean. Nabarmentzekoa da langile-kategoria horrek edukitako gorakada Eusko Jaurlaritzan eta haren mendeko erakundeetan, % 5,7ko hazkuntzarekin, eta aldundietako beherakada (–% 3,7). Oro har, behin-behineko langileen kopurua –bitarteko funtzionarioen eta aldi baterako lan-kontratudun langileen batura– % 5,7 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, eta % 43,7 dira, 2022ko urtarrilaren 1ean.
Langileen banaketa, mendekotasun-administrazio motaren arabera
Euskal Administrazioan enplegatutako 146.636 pertsonetatik, 2022ko urtarrilaren 1ean, % 65,6 Autonomia Erkidegoko Administraziokoak dira, % 18,4 Toki-Erakundeetakoak, % 8,3 Foru Aldundietakoak eta gainerako % 7,6a Unibertsitatekoak, Fundazioetakoak eta Beste Erakunde Publiko Batzuetakoak. Azken urtean, igoerarik handiena izan da (% 3,6) Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Orokorrean eta haren mendeko erakundeetan, eta, ondoren, Foru Aldundietan, % 2,3ko urte arteko tasarekin, eta EAEko gainerako erakundeak, % 2,2rekin; Toki Erakundeek ez dute aldaketarik izan langileei dagokienez, eta % 0,8ko aldakuntza izan dute, 2021arekin alderatuta.
Urteko batez besteko langileen bilakaera aztertuz gero, 2016. urtearekin alderatuta, Euskal AEko Administrazioetan lan egiten duten pertsonen kopurua 13.812 pertsonatan handitu da, eta batez besteko tasa metagarria % 1,4koa izan da. Balio absolutuetan, Eusko Jaurlaritzak eta haren mendeko diren erakunde guztiek 9.326 langile gehiago dituzte, % 1,5eko batez besteko aldakuntza metagarriarekin Gainerako Erakunde Publikoak izeneko multzoa, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatea, Fundazioak, Elkarte Publikoak eta abar biltzen dituena, bigarren postuan dago, 1.887 pertsona gehiagorekin, % 2,5eko batez besteko aldakuntza-tasa metagarriarekin. Foru Aldundiak dira hirugarren, 1.424 pertsona gehiagorekin eta batez besteko % 1,6ko tasa metagarriarekin. Azkenik, Toki Erakundeak daude, % 0,7rekin eta 1.175 pertsona gehiagorekin.
Euskal herri administrazioetan batez besteko pertsonal enplegatua, entitate-motaren arabera. 2016-2021
| | 2016 | 2019 | 2020 | 2021 | 2021 / 2020 | BBMT 2021 / 2016 (%) |
| | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | Kop. | % | | |
| Euskal administrazioak, guztira | 130.256 | 100,0 | 137.373 | 100,0 | 140.411 | 100,0 | 144.068 | 100,0 | 2,6 | 1,4 |
| Eusko Jaurlaritza | 84.751 | 65,1 | 88.457 | 64,4 | 91.230 | 65,0 | 94.077 | 65,3 | 3,1 | 1,5 |
| Foru-aldundiak | 10.895 | 8,4 | 11.836 | 8,6 | 12.080 | 8,6 | 12.319 | 8,6 | 2,0 | 1,6 |
| Tokiko izakundeak | 25.423 | 19,5 | 26.504 | 19,3 | 26.325 | 18,7 | 26.598 | 18,5 | 1,0 | 0,7 |
| Gainerako erakunde publikoak | 9.187 | 7,1 | 10.576 | 7,7 | 10.778 | 7,7 | 11.074 | 7,7 | 2,7 | 2,5 |
BBMT: batez besteko bariazio metatuaren tasa
Data 2022ko Abenduaren 21a
Iturria: Eustat. Herri-administrazioen gidazerrenda
Aurreko urtearekin alderatuta, 2021ean administrazio publikoetan lan egin zuten langileen kopurua % 2,6 hazi zen; tasa hori aztertutako aldiko batezbesteko metagarria baino handiagoa da, eta nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzaren mendeko langileen % 3,1eko hazkundea.
Langileen banaketa, mendekotasun-lurraldearen arabera
Lurraldeka, ez da ia aldaketarik antzematen lurralde-banaketetan; Bizkaiak enplegatutako pertsona guztien % 48,9 hartzen ditu, Gipuzkoak % 29,8 eta, azkenik, Arabak gainerako % 21,3a. 2021. urtekoaren aldean aldaketa txikiak izan dira.
Euskal AEko administrazioetan pertsonal enplegatuen lurralde-banaketa. 2022/01/01
| | Guztira | Araba/Álava | Bizkaia | Gipuzkoa |
| Euskal administrazioak | 146.636 | 31.177 | 71.771 | 43.688 |
| Eusko Jaurlaritza | 96.253 | 20.385 | 47.686 | 28.182 |
| Foru-aldundiak | 12.225 | 3.822 | 5.486 | 2.917 |
| Tokiko izakundeak | 27.054 | 5.025 | 12.867 | 9.162 |
| Gainerako erakunde publikoak | 11.104 | 1.945 | 5.732 | 3.427 |
Data 2022ko Abenduaren 21a
Iturria: Eustat. Herri-administrazioen gidazerrenda
Ohar metodologikoa:
Direktorioaren esparruan Administrazio Publikoak dira: Euskal AEko Administrazio Orokorra, Foru Aldundiak eta Udalak, eta baita ere Erakunde Autonomiadun Administratiboak, Erakunde Publikoak, Sozietate Publikoak, Fundazioak eta haien menpeko Irabazi Asmorik Gabeko Erakundeak. Barne daude % 50eko edo gehiagoko parte-hartze publikoa duten erakunde guztiak, hala administrazio bakar batenak nola zenbaitenak.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62