2023/03/17ko prentsa-oharra
ESKOLA JARDUERAREN ESTATISTIKA. 2022
Ikasteko beka eta laguntzen zenbateko osoa % 23 handitu da Euskal AEn, 2021/22 ikasturtean
Lanbide Heziketak 40.000 ikasle baino gehiago izan ditu, baina Haur eta Lehen Hezkuntzak ikasleak galtzen jarraitu dute
2021/22 ikasturtean, 407.941 pertsona Euskal AEn unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetan matrikulatu dira, aurreko ikasturtean baino % 1 gutxiago, Eustaten datuen arabera.
Haur eta Lehen Hezkuntzako mailek 2.200 ikasle baino gehiago galdu ditu bakoitzak. Haur Hezkuntzaren kasuan, elkarren ondoko bederatzigarren ikasturtea da behera egiten; alegia, 2012/13 ikasturtetik, 20.000 matrikula baino gehiagoko beherakada metatua izan da. Erdi- eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikasleetan, berriz, elkarren segidako sei ikasturtetan hazkuntza izan da, eta lehen aldiz daude 40.000 ikasle baino gehiagoko erregistroak.
Hizkuntza Eskola Ofizialetako matrikula kopurua jaitsi izanak Araubide Bereziko Irakaskuntzen joera negatibo globala markatu du. Hala ere, Arte Plastikoen eta Diseinuaren eta Kirolaren irakaskuntzetan, areagotu egin da ikasle kopurua, % 10 baino gehiago, aurreko ikasturtearen aldean.
Unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleak Euskal AEn, irakaskuntza mailaren arabera, lurralde historikoari jarraiki. 2021/22
| | Guztira | Araba/Álava | Bizkaia | Gipuzkoa | Aldaketa, aurreko ikasturtearen aldean (%) |
| GUZTIRA | 407.941 | 66.988 | 203.913 | 137.040 | -1,0 |
| Araubide orokorreko irakaskuntzak | 379.625 | 62.157 | 187.462 | 130.006 | -0,9 |
| Haur-hezkuntza | 76.387 | 12.586 | 37.903 | 25.898 | -2,8 |
| Lehen hezkuntza | 125.889 | 20.864 | 63.151 | 41.874 | -1,7 |
| Derrigorrezko bigarren hezkuntza | 87.091 | 13.591 | 43.290 | 30.210 | -0,1 |
| Oinarrizko lanbide heziketa | 4.746 | 665 | 2.858 | 1.223 | -1,5 |
| Batxilergoa | 32.640 | 5.061 | 16.407 | 11.172 | 0,4 |
| Erdimailako lanbide-heziketa | 16.289 | 2.593 | 7.411 | 6.285 | 3,4 |
| Erdi-mailako LHko espezializazio-ikastaroak | 33 | 15 | 7 | 11 | . |
| Goimailako lanbide-heziketa | 23.749 | 3.295 | 10.728 | 9.726 | 3,0 |
| Goi-mailako LHko espezializazio-ikastaroak | 110 | 16 | 25 | 69 | . |
| Hezkuntza berezia | 1.623 | 298 | 849 | 476 | 4,4 |
| Helduen hezkuntza | 11.068 | 3.173 | 4.833 | 3.062 | -4,1 |
| Araubide bereziko irakaskuntzak | 28.316 | 4.831 | 16.451 | 7.034 | -2,3 |
| Hizkuntzen irakaskuntzak | 23.742 | 3.799 | 13.736 | 6.207 | -3,1 |
| Musika arte-irakaskuntzak | 2.497 | 497 | 1.243 | 757 | -4,0 |
| Dantza arte-irakaskuntzak | 138 | 108 | 30 | . | 0,7 |
| Arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzak | 728 | 427 | 241 | 60 | 13,9 |
| Kirol irakaskuntzak | 1.151 | . | 1.141 | 10 | 10,2 |
| Arte dramatikoaren irakaskuntza artistikoak | 60 | . | 60 | . | 13,2 |
Data 2023ko Martxoaren 17a
Iturria: Eustat. Eskola-jardueraren estatistika
Emakume gutxi zientziaren eta teknologiaren arloko Lanbide Heziketako zikloetan
Erdi- eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleen heren bat baino ez da emakumea. Hala ere, genero-arraila are handiagoa izan da STEM (Science, Technology, Engeneering and Mathematics) lanbideekin, alegia, zientzia- eta teknologia-arloekin lotutako lanbide-familien inguruko prestakuntza-zikloetan. Lanbide Heziketako matrikula kopuruaren erdia baino gehiago mota horretako ikasketetan egin da, baina emakumeen presentzia % 11 baino pixka bat handiagoa baino ez da izan. STEM lanbideekin loturarik ez duten zikloetako hamar ikasletik sei, berriz, emakumeak izan dira, besteak beste, zaintzekin eta irudi pertsonalarekin lotutakoetan.
Batxilergoan, zientzia-modalitateak jarraitu du gogokoena izaten; izan ere, ikasleen % 54k hautatu du. Gainera, sexuen artean parekotasuna egon da. Beste aldean, arte-modalitatea dago; hartan, 1.384 ikaslek baino ez dute izena eman, guztizkoaren % 4k, eta, haietatik, % 75 emakumeak izan dira.
Gora egin du ikasteko beka eta laguntzen hartzaile den ikasle bakoitzak jaso duen batez besteko zenbatekoak
2021/22 ikasturtean, Administrazio Publikoak 63,7 milioi euro bideratu ditu unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasketen beka eta laguntzetara, aurreko ikasturtean baino 12 milioi gehiago; alegia, % 23ko igoera egon da.
115.441 ikasle izan dira beka eta laguntza horien onuradun; zifra hori 2020/21 ikasturtekoaren oso antzekoa da. Era berean, bideratutako zenbatekoaren mailen araberako banaketak eta beken hartzaile diren ikasleenak ez dute aldaketa nabarmenik izan azken ikasturtearekin alderatuta. Beraz, guztizko partidaren hazkuntzak ikasle bekadun bakoitzak zenbateko handiagoa jasotzea ekarri du. Globalki, zenbatekoa, batez beste, 552 eurokoa izan da ikasleko, baina aldeak egon dira mailen artean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza izan da per capita batez beste zenbateko txikiena izan duen maila, 290 euro, eta erdi-mailako Lanbide Heziketako ikasle bekadunek, batez beste, 1.000 euro baino gehiago.
Jantoki-zerbitzuaren erabilera pixka bat indarberritu da
Araubide Orokorreko Irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleen % 45ek eskola-jantokia erabili dute; kopuru hori 2020/21 ikasturtean baino ehuneko 3 puntu handiagoa da. Baina, hala ere, ez dira pandemiaren aurreko mailetara iritsi, orduan ikasleen erdiek zerbitzu hori erabiltzen baitzuten.
Horren harira, aurreko ikasturteetan nabarmendu diren lurralde-desberdintasunak errepikatu dira. Hala, ikasle bizkaitarren % 55ek ikastegietan bazkaldu dute, eta proportzio hori txikiagoa izan da Gipuzkoan eta Araban, % 37koa eta % 32koa, hurrenez hurren.
Ia 51.700 pertsona mugitu dira haien ikastegietara eskola-garraiobidearen bitartez. Baliabide hori sarriago erabili dute titulartasun pribatuko ikastegietan (% 17) titulartasun publikokoetan baino (% 10).
Informazio gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62